Thursday, January 29, 2009

Mira como beben los peces en el río


Oso ezaguna den gabon kanta baten hitzak dira horiek. Testuinguru zabalagoan jarrita, ondoko hau da gabon kantak dioena: “Pero mira como beben los peces en el río, pero miran como beben al ver a Dios nacido, beben y beben y vuelven a beber, los peces en el río al ver a Dios nacer”. Bertsoaren kalitate poetikoaz aritzeko asmorik ez dudanez, albo batera utz ditzagun gogoeta literarioak eta aritu gaitezen bertsoaren edukiaz. Zeren gabon kantak ez baitu asmatu, ibaietako arrainek ez baitute edaten.Akuarioetan edo urmaeletan, edo ibai zein lakuetan ikusten ditugunean, eta ahoa zabaltzen ikusten ditugunean, arrainak ez dira edaten ari. Arnasa hartzen ari dira, ez besterik. Izan ere, kalte egiten die ura edateak ur gezetako arrainei. Ur gezetan bizi direlarik, ur gezarena baino askoz garaiagoa da arrain horien gorputz likidoen gatzen kontzentrazioa. Hori dela eta, gorputzean sartzeko joera handia du urak. Gauzak horrela, urari sartzen utziko baliote, urez beteko lirateke eta lehertzera ere hel litezke bai gorputza bera bai eta bere zelulak ere.
Hori horrela, ura sartzeari ekidin behar diote ur gezetako arrainek, eta horretarako bi bide erabiltzen dituzte. Batetik, euren gorputz azala iragazkaitza da oso eta, bestetik, ia ez dute urik edaten edo oso gutxi edaten dute. Digestio hodia elikagaien zurgapenerako azalera izanik, iragazkorra izan behar du ezinbestez. Beraz, digestio hodia uraren sarbidea izan ez dadin, ur gutxi edatea da aukerarik egokiena[1].
Uraren sarrerari oztopo handiak jarri arren, hain da handia ura sartzeko joera osmotikoa, ezen nolabaiteko ur bolumena sartzen baita etengabe. Ur gutxi edanez, beraz, murriztu egiten da arazoa, baina ez da guztiz konpontzen. Hortaz, nahi gabe sartu den ura kanporatu beharra dute eta horretarako, gernu bolumen handiak ekoitzi behar dituzte. Izan ere, ibaietako animaliak dira gernu bolumen handienak ekoizten dituzten animaliak. Akuarioetan hain ohikoa den Carassius auratus urre zamoaren gernu ekoizpena, esaterako, 0’144 ml/h-koa da, eta horretatik, 0’005 ml/h da edanez barneratzen dena. Beste guztia (%95) nahi gabe sartu zaio gradiente osmotikoak eraginda.
Gernu bolumen handia ekoizteak, hala ere, bere kontrakoa badu. Ur gezetako animalia gehienek beren plasma iragaziz ekoizten dute lehen gernua deritzoguna. Beraz, lehen gernu horrek, plasmaren ioi-konposizio berbera du. Kanporatzen dena gernu hori izango balitz, gatz asko galduko lirateke, zeren batetik, oso gatz gutxi duen likidoa sartzen eta, bestetik, gatz asko duena irteten baita. Gatzen balantzea, beraz, negatiboa izango litzateke. Hori dela eta, gernua kanporatu aurretik, gatz kantitate handiak berzurgatzen ditu giltzurrun-epitelioak eta horri esker, kanporatzen den gernuaren gatz kontzentrazioa, plasmarena baino askoz ere baxuagoa izaten da. Beraz, gernu bolumen handiak bai, baina oso gernu diluitua da kanporatzen dena, hau da, kontzentrazio osmotiko apaleko gernua.
Eta hori guztia, hala ere, ez da nahikoa. Aipatu ditugun prozesuen balantzea negatiboa da gatzei dagokienez. Hau da, kanpo uraren gatz kontzentrazioa gernuarena baino baxuagoa denez, gatzen galera garbia dakar uraren sartu-atera horrek. Eta hori konpondu ahal izateko, beste bide batera jo behar izaten dute ur gezetako arrainek: giltzurruna ez diren zenbait organotatik gatzak zurgatu behar dituzte, eta brankiak dira horretarako organo aproposak. Hau da, berez arnas funtzioa betetzen duen epitelioak, bigarren funtzio garrantzitsu hori ere bete behar du. Ikusi ahal izan dugunez, korapilotsu samarra da ibaietan bizitzea. Ur gezetako arrainak aztertu ditugu hemen, baina arrainez gain, beste animalia asko bizi dira ibai eta lakuetan, eta guztiek egin behar (izaten) diote aurre ur sarreraren eta gatzen galeraren arazoei. Funtsean, arazo horiei aurre egiteko eta ezinbestekoa duten gatz kontzentrazioaren orekari eta ur edukin egokiari eusteko bide berdinak erabiltzen dituzte guztiek.
[1] Gutxi, bai, baina apur bat edan behar dute ioi dibalenteak eskuratzeko.



Boskimanoen istorio bat


Hautespen naturalaren eraginpean daude animalen funtzio biologiko guztiak, janaria lortzea eta digeritzea barne. Horrek esan nahi du berezko moldapenak garatu dituztela bai janaria lortzeko bai eta digeritzeko ere. Hortaz, animalia batek erabiltzen dituen elikadura-baliabideen ezaugarriek eragin nabarmena dute zenbait bereizgarritan, bai anatomikoak bai fisiologikoak ere. Ezaguna da, esaterako, denboran zehar agertu diren hominidoen hortz-aginen ezaugarriak jakiaren araberakoak izan direla. Izan ere, aurkituriko hortzeria fosilari esker jakin dezakegu gaur zein zen espezie bakoitzaren ohiko jakia.Baina, esan bezala, moldapenak ez dira gertatzen ezaugarri anatomikoetan soilik; garrantzi handikoak dira fisiologiari dagozkionak ere. Harreman zuzena dago, adibidez, animalia baten jaki motaren eta dituen digestio entzimen artean. Horrela, karbohidrasak dira karbohidratoez aberatsa den jana erabiltzen duten espezieen digestio-entzima nagusiak. Eta ber gauza gertatzen da, esaterako, proteasa eta proteinekin. Espezieen arteko desberdintasunez ari gara, noski, baina espezie berean ere, desberdintasun handiak egon daitezke populazio desberdinen arteko digestio-entzimen horniduretan.
Boskimanoak eta bostwanoak Afrikako hegoaldean bizi dira. Bi etnien jatorria oso desberdina da eta, hori dela eta, euren hizkuntzak oso urrun daude elkarrengandik. Munduko berezienetakoa da boskimanoen hizkuntza eta ez bide du harreman zuzenik albokoekin; bostwanoena, berriz, Afrikako beste zenbait hizkuntzekin erlazionaturik dago. Geografikoki oso urrun ez dauden arren, zeharo desberdinak dira giza-talde horien ingurumenen ezaugarriak. Boskimanoak Kalahariko basamortuan bizi dira eta ehiztariak dira; bostwanoak, berriz, nekazariak. Hori horrela, oso giza-talde egokiak dira digestio-entzimen horniduren arteko erkaketa egiteko, elikadura-baliabide desberdinak dituztelako. Txori, suge, musker eta damak dira boskimanoen jakiaren osagai nagusiak, eta artoa eta basartoa, bostwanoena.
Amilasak, digestio-entzimak dira, eta almidoia eta antzeko karbohidrato konplexuak digeritzen laguntzen dute. Gizakiok bi aldaera edo barietate ditugu, listukoa eta areakoa. Listu-amilasak aho-barrunbean egiten du bere lana, hortz-aginen birrintze-lan mekanikoa osatuz. Listu laginak hartzea oso erraza denez, oso erosoa da listu-amilasarekin lan egitea. Hori dela eta, boskimano eta bostwanoen listu-amilasak erkatu ziren ikerketa batean eta, ikerketa osatzeko, jatorri europearreko Hegoafrikako biztanleen laginak ere hartu ziren. Azken hauen jakiak denetariko produktuak ditu eta beraz, jaki mistotzat har daiteke.
Neurketetatik, honako emaitzak atera ziren: Bostwanoen amilasa jarduera 248 unitate/ml-koa izan zen eta boskimanoena, 22 unitate/ml-koa. Jatorri europearreko herritar hegoafrikarrena, bestalde, 101 unitate/ml-koa izan zen; hau da, beste bi balioen erdian geratu zen. Bistan da, beraz, digestioaren beharren araberakoa dela amilasa-jarduera, zeren zerealez osaturiko jakia hobeto digeri baitaiteke amilasa-jarduera handia bada.
Baina datu horiek ez digute argitzen behaturiko desberdintasunen jatorria zein den. Hau da, ezin daiteke jakin jarduera maila horiek giza-taldeen berezko ezaugarriak ala jakiaren araberako ezaugarri aldakorrak ote diren. Beste era batera esanda: alda ote liteke boskimanoen listuaren amilasa-jarduera jakiaren aldaketa baten ondorioz?
Ikertzaileek horixe jakin nahi zuten, baina horretarako ezinbestekoa zen boskimanoen talde bat jaki kontrolatupean mantentzea, eta hori, ulergarria denez, ez zen kontu erraza. Zoriak, hala ere, laguntza eman zien ikertzaileei, zeren bost boskimanok deklaratu behar izan baitzuten, lekuko gisa, epaiketa batean ikerketa-zentrotik gertu. Hiru hilabete geratu behar izan ziren han, eta bitartean, bertakoen ohiko janaria eman zieten boskimanoei, hau da, jaki mistoaz, -patatak, ilarrak, haragia, etab.-, elikatu ziren hiru hilabetetan zehar. Bada, hiru hilabeteen buruan 22-tik 95-era igo zen bost boskimanoen listuaren amilasa-jarduera. Hau da, ikerturiko karbohidrasa-jarduera igo egin zen karbohidratoez aberatsagoa zen jatorri europearreko herritarren jakia digeritzeko beharraren ondorioz. Gainera, igoera nabarmena izan zen.Ez dakiguna da, -ikertzaileek ez dutelako horren berririk eman-, zer nolako iritzia zuten bost boskimanoek epaiketan zehar jan behar izan zutenaz, baina aukeran, seguru sugeak eta muskerrak nahiago.



Thursday, January 22, 2009

Pinguino enperadorearen bizitza harrigarria


Pinguino enperadoreak Aptenodytes forsteri du zientzia-izena eta Antartikan bizi da. Munduan ez dago toki hotzagoan bizi den hegaztirik. Behar bada horregatik da hain harrigarria pinguino horren bizimodua.
Aptenodytes forsteri, arrainjalea izanik, itsasoan bakarrik elikatzen da. Pinguino arra, negua hurbiltzen denean, uretatik irten eta ibiliz abiatzen da, itsaso izoztuaren gainetik, izotz iraunkorrean 50-100 km-tara dagoen txitatze-gunera. Han emea dago zain, erruteko prest. Arra heltzerakoan arrautza bakar bat erruten du emeak eta, ondoren, itsasorantz abiatzen da. Arrautza arrari uzten dio, arrak txita dezan, eta horixe egiten du arrak, hanken artean arrautza gordez.
Bi hilabete baino gehiago irauten du txitatze-aldiak eta horren bitartean pinguinoak ez du jaten ezer ere. Ez hori bakarrik, negu gordinenean dagoenez, askotan -40º edo -50º-etaraino irits daiteke tenperatura, eta gainera, Antartikaren neguan ohikoak izaten dira haize eta elur ekaitzak. Txitatze-aldia amaitzen denean itzultzen da pinguino emea itsasotik, urdaila janariaz beterik dakarrela. Orduan heltzen da, pinguino arrarentzat, itsasora itzultzeko txanda. Emeak, urdailean ekarri duen janariaz, txitoa hazten du ondorengo asteetan, arra itsasoan elikatzen den bitartean.
Harrigarria da, bai, pinguino arraren portaera. Hiru hilabetetan zehar baraurik egotea, berez, ez da bat ere xamurra; baina hori nahikoa ez balitz, 38º-tan mantentzen du gorputzaren barne tenperatura, ingurumenekoa -20º eta -50º artean dagoenean. Argi dago itsasoan egon den bitartean gorputz azalaren azpian pilatu dituen gantz erreserbei esker egin dezakeela egiten duena. Baina atera ditzagun kontuak.
Barau-aldiak 100 egun inguru iraun dezake eta pinguinoak bere pisuaren %40 galtzen du denbora horretan. Kontuak ateratzeko, bi dira aintzat hartu behar diren gastu iturriak, distantzia luze horiek (50-100 km itsasotik etortzeko eta beste horrenbeste itsasora joateko) egiteko behar duena, batetik, eta txitatze-aldian zehar 38º-ko gorputz tenperatura mantentzeko behar duen erregaia, bestetik.
Aptenodytes forsteri pinguino handia da, pinguinoetan handiena. 35 kg-ko pinguino batek 1’5 kg gantz erabili behar du joan-etorri ibilaldia egiteko erregai gisa. Bestalde, laborategian egindako esperimentuetatik lorturiko emaitzen arabera, 25 kg gantz galdu beharko luke pinguino ar batek txitatze-aldi osoan Antartikaren neguan ohikoak diren tenperaturetan.
Datu hori, baina, ez dator bat naturan ikusitakoarekin. Izan ere, erdia da, gutxi gora behera, txitatze-aldian galtzen duten gantz masa: 12-13 kg inguru. Beraz, zerbait ez dugu aintzat hartu kontu hauek ateratzerakoan, eta litekeena da pinguinoen portaera izatea kontuan hartu ez dugun hori; izan ere, baliteke laborategian lorturiko datuak guztiz adierazgarriak ez izatea. Zeren neurketak banan-banan egin baitziren pinguino banako batzuk erabiliz, baina txitatzen ari direnean pinguinoak ez dira bakarrik egoten, multzotu egiten baitira. Bakarrik egongo balira, gorputz azal osoa egongo litzateke aire hotzaz inguraturik eta, beraz, azal osotik galduko lukete beroa. Baina txitatze-gunean multzo batean daudenez, denbora gehiena egoten dira beste pinguinoez inguraturik eta beraz, askoz ere bero gutxiago galtzen dute horrela. Eta bero gutxiago galtzen denean, gutxiago da tenperatura mantentzeko sortu behar den beroa. Hau da, multzotze-portaerari esker erregai, -gantz-, gutxiago gastatu behar dute behar duten beroa sortzeko.
Egia esan, ingurumen hotzean dauden animalia asko, -gizakiak barne-, multzotu egiten dira beroa gordetzeko. Baina pinguinoen kasuan bistan da hil ala biziko kontua dela.

Bideo interesgarriak:
http://uk.youtube.com/watch?v=6AiCIZ9wM1o
& http://uk.youtube.com/watch?v=CDpSjoAV2JU



Txirla gizajalea


Igaro den urtarrilaren hamabostean Acoelomorpha filumaren Symsagittifera roscoffensis zizarez aritu ginen hemen. Zizare lau horrek eguzkia hartzen du, mikroalga sinbionte batetik hartzen baititu bizitzeko behar dituen energia osagaiak. Baina Symsagittifera ez da energia lortzeko alga sinbionteak baliatzen dituen animalia bakarra. Bibalbioen artean, esaterako, badira berdin jokatzen dutenak ere. Ozeano Bareko koralezko uharrietan bizi den Tridacna gigas dugu kuskubitako horietako bat. Tridacna generoko espezieek bi elikatze modu erabiltzen dituzte batera. Batetik, bibalbioetan ohikoa den iragazte modua erabiltzen dute; hau da, esekita dauden mikropartikula organikoak, -mikroalgak eta beste-, harrapatu eta ingeritzen ditu ura ponpatuz eta brankietatik iragaziz. Eta bestetik, mantuaren bazterrean dituzten mikroalga dinoflagelatu sinbiontikoek egiten duten fotosintesiari esker eskuratzen dute energia eta egitura-osagaien ekarpen gehigarria.

Tridacna guztiak handiak dira tamainaz, baina genero horretan Tridacna gigas da tamaina handieneko espeziea. Horri dagokio, hain zuzen ere, espezie-izena, kuskubitakoen artean erraldoia baita. Izan ere, 200 kg-ko pisua eta 140 cm-ko luzera edukitzera hel daitezke espezie honen aleak.
Tridacna generoko kuskubitakoak munduko handienak izatea eta elikatze modu bikoitza edukitzea ez da, seguraski, kasualitatea, zeren tamaina handi horietara iritsi ahal izateko ezinbestekoa baita mikroalga dinoflagelatuek Tridacna-ri ematen diotena. Bestalde, handia da bere bizitza-luzera ere, 100 urteko adinera hel daitezke-eta. Hortaz, handi egiteko denbora nahikorik gabe ere, nekez lor liteke horren tamaina handirik.
Tridacna-ren tamaina dela-eta, badira inolako funtsik ez duten elezaharrik ere. Izan ere, gizakiak “jaten” zituztelakoan, txirla gizajale edo txirla hiltzaile izenez ezagutu izan da Ozeano Bareko zenbait kostaldetan. Izen horiek, baina, ez dira egokiak inondik ere. Kuskuak ixten dituztenean astiroegi ixten dituzte, eta euren babeserako egiten dute, inoiz ez erasotzeko. Beraz, inoiz Ozeano Bareko koralezko uharrietan urperatzen bazara, ez izan beldurrik Tridacna-ri, ez du koskarik egiten. Baina hori bai: kontuz ibili marrazoekin! Horiek bai egiten dute koska, eta hortz zorrotzak dituzte.



Arrainen haragia, bizimoduaren adierazle


Arrainen haragiaren itxura oso desberdina da espezietan zehar. Arraina jatea gustuko dugunok ondo dakigu hori. Atunak edo hegaluzeak bezalako tunidoak ditugu mutur batean eta mihi-arraina edo erreboiloa bezalako arrain lauak bestean.
Tunidoen haragiaren kolorea desberdina izan daiteke espezietan zehar baina, oro har, beste arrainena baino ilunagoa izaten da. Atunak ez dira zuriak eta hezurraren inguruan dagoen haragia odol hodiez beterik dago. Izan ere, odol asko galtzen dute ebakitzerakoan. Hau da, odol asko duen haragia da, oso irrigatua baitago. Arrain lauen haragia, berriz, zuria da, zuri-zuria, eta ez du odolik botatzen ez eta xerrak egiten direnean ere. Mihi arrainaren muskulua aztertuz gero, odol hodi solte batzuk baino ez dira ikusten.
Arrain espezieen arteko desberdintasun horiek ez dira ustekabekoak, zerikusi handia baitute espezie edo talde bakoitzaren bizimoduarekin. Haragi odoleztatuagoa duten arrainak oso aktiboak dira. Ezaguna da atunak igerilari indartsuak direla, lastertasun handiz mugitzen direla eta distantzia luzeak egiten dituztela. Beraz, oxigenoa eta elikagaiak etengabe eraman behar dira muskulu zeluletara, igeri jarduera mantendu ahal izateko. Eta horretarako beharrezkoak diren odol fluxuak handiak direnez, odol hodien dentsitatea ere handia izan behar da muskuluan. Horri dagokio tunidoen haragiaren kolore eta itxura hori.
Mihi-arrainak, berriz, sit-and-wait (eseri-eta-itxaron) harrapakariak dira. Itsas beheko jalkinaren gainean mugitu barik egoten dira denbora gehiena, hondoarekin mimetizaturik edo jalkinaz erdi estalita. Ezaguna denez, lengoraduek buruaren alde berean dituzte bi begiak eta euren gainetik, edo eurengandik hurbil, harrapakin bat ikusten dutenean, mugimendu arin eta indartsua egiten dute harrapakina atzemateko. Bestalde, harrapakinarengana iristeko egin behar duten mugimendu horretarako erabiltzen dituzten muskuluek ez dute oxigenorik behar. Izan ere, bereziak dira muskulu horiek, anaerobioak, mugimendua egiteko behar duten energia (ATP) glukolisiaren bitartez lortzen baitute[1].

Glukolisia bide metaboliko arina da, oso arina, denbora laburrean energia asko ematen baitu. Horrexegatik erabiltzen da mugimendu azkarrak egiteko eta horrexegatik erabiltzen dute mihi arrainaren muskuluek harrapakinak atzemateko. Hortaz, etengabeko oxigeno ekarpenik beharrezkoa ez denez, oso gutxi da muskulu horietaraino heldu behar den odol bolumena. Horri dagokio, hain justu, mihi-arrainaren eta bera bezalako beste arrainen haragiaren kolore zuri-zuria.
[1] Ornodunen muskulu anaerobioan laktatoa da glukolisiaren azken produktua (hartzidura laktikoa). Aerobioa izango balitz muskulua, krebs zikloan sartuko litzateke pirubatoa.



Tuesday, January 20, 2009

Izerdiaz


Lurruntzen direnean, likidoek beroa hartzen dute bere ingurutik. Horregatik, gainazal batean dagoen ura lurruntzen bada, hoztu egiten da gainazal hori. Beraz, ez da bat ere harritzekoa lurrunketa izatea ugaztunek duten beroa galtzeko biderik eraginkorrenetako bat, eta bide bakarra ingurumen tenperatura gorputzarena baino garaiagoa denean. Lehorrean bizi diren ugaztunez ari naiz, noski.
Animalia batzuetan arnas azalak izaten dira ura lurruntzeko, -eta beraz, beroa galtzeko-, gune egokienak. Txakurretan, esaterako, zeregin garrantzitsua betetzen dute mihiaren eta arnas aparatuaren azalek. Lasterka egiten duten bitartean edo egin ondoren hatsantu egiten direnean, frekuentzia garaiko arnas mugimenduak egiten dituzte txakurrek, baina arnasa hartzea ez da mugimendu horien helburu nagusia. Arnas azalaren gaineko airearen berriztatze azkarra egiten du mugimendu horien bitartez eta horrela, ur lurrunketa erraztu edo areagotu egiten du. Izan ere, lurrunketa horrek dakarren bero galera da mugimendu horien helburu nagusia.

Beste zenbait ugaztunek ere ur lurrunketara jotzen dute beroa galtzeko, baina arnas azalaren gaineko ura lurrundu beharrean, izerdia da horretarako erabiltzen dutena. Gu gara portaera horren adibide argia. Beroa disipatzeko beharra oso handia denean ur bolumen handiak galtzen ditugu izerdiaren bitartez. Ezaguna da, esaterako, futbol jokalariek gorputzaren masaren ehuneko laua gal dezaketela partida batean; eta kontuan hartu behar da ura (likido isotonikoen bidez) edaten dutela aldageletan atsedenaldian eta zelaian bertan ahal duten guztietan. Eta are gehiago izan daiteke erresistentzia proba luzeetan parte hartzen duten kirolariek galtzen duten ura.
Izerdiaz ari garelarik, Robin Lane Fox (2005)[1] historialari britaniarrari irakurri diodan kontutxo bat ekarriko dut hona. Atenas klasikoan, -Atenas Aintzinaroko itsas inperioa zenean-, trirremeak ziren atenastarren gerra tresna garrantzitsuenak. Bada, Fox-en arabera, ezaugarri fisiko apartak omen zituzten hiruarraunekoetan aritzen ziren arraunlariek. Atera diren kontuen arabera, egungo arraunlariek orduko ur litro bat edan beharko lukete, gutxienez, izerdiaren bidezko galerari aurre egin ahal izateko, baina, eskifaia 170 arraunlarik osatzen zutela kontuan harturik, eguneko 2.000 litro ur baino gehiago beharko lukete. Historialariaren ustez, baina, handiegia da ur bolumen hori, bidaiak, zenbaitetan, luze samarrak zirelako eta ura lortzeko eta zamatzeko aukerak ez oso ugariak. Horrexegatik uste du garai hartako arraunlarien ur beharrak apalagoak izango zirela egungo arraunlarienak baino.
Garai hartako arraunlariek oraingoek baino izerdi gutxiago botatzen bazuten ere, izerdi bolumena ikaragarria omen zen, kuberta azpiko kiratsa kentzeko lau egunetan behin urez garbitu behar baitzuten. Eta zer esan azpiko lerroan zihoazen arraunlarien egoeraz! Goiko bi lerroen arraunlarien izerdia, euren gainean erortzen zen-eta! Kontuan hartzen badugu arraunlari gehienak atenastar libreak zirela eta diru-truk jarduten zirela trirremeetan, ez dirudi erakargarriegiak zirela lehorrean zituzten bizi baldintzak ere.
[1] Robin Lane Fox (2007): “El Mundo Clásico”, Crítica, 825 or. (The Classical World. An Epic History of Greece and Rome; Penguin Books, 2005). J.S.Morrison, J.F.Coates & N.B.Rankov-en (2000) “The Athenian Trireme” liburua da Fox-en iturria.



Thursday, January 15, 2009

Eguzkia hartzeko zioak

Askotan berde kolorez tindaturik agertzen dira Britania Handiko hegoaldeko eta Britaniako kostaldeetako hondartzak. Alga baten ugaritzearen ondorioa dela dirudi hasiera batean, baina hurbiletik aztertuz gero, argi ikus daiteke ez dela alga bat hondartzari kolorea ematen diona. Algak ez dira lehorrean berez mugitzeko gai, eta hondartza gainean dagoen berde koloreko materia hori mugitu egiten baita. Ez dira, ez, algak hondartza horietan daudenak, zizareak baizik. Acoelomorpha filumaren Symsagittifera roscoffensis izeneko zizare lauak[1] dira zehatzak izateko.

Horietako ale gazte bat mikroskopiopean jartzen bada, erraz ikus daiteke hestea eta zelula parenkimatikoak Tetraselmis generoko mikroalgaz beterik daudela. Horixe da zizarearen berde kolorearen zergatia. Bizimodu berezia du Symsagittifera horrek. Gazte aldian mikroalgak jaten ditu baina ez ditu digeritzen, eta sinbionte gisa geratzen dira zizarearen barruan. Mikroalgek, bestalde, fotosintesia egiteko ahalmena ez dute galtzen eta zizarearen garrantzizko energia iturri bilakatzen dira horri esker. Hogeita bost mila mikroalga zenbatu dira zizare lauaren ale bakar batean.
Funtsezko aldaketa anatomiko zenbait gertatzen dira heldutasunera iritsi orduko, zeren ahoa eta hestegorria galtzen baitituzte bizitzaren aldi horretan. Hortik aurrera, mikroalgak dira Symsagittifera-ren energi iturri bakarrak: bizidun fotoautotrofo bilakatu dela esan genezake. Beraz, bai, animalia da zizare hori, baina animalia xelebrea: eguzkitik lortzen du energia eta karbono dioxidotik karbonoa.
Bestalde, eguzki argia jasotzeko moldapen egokiak ere garatu ditu. Nerbio sistema bakuna duen arren, Symsagittifera-k baditu pigmentu koparen moduko bi begi eta estatozisto[2] bat buru aldean. Eguzki izpiak ahalik eta modu eraginkorrenean hartu ahal izateko kokapen egokia bilatzen du egitura horiei esker.
Bistan da, beraz, gizon eta emakumeak ez garela eguzkia hartzea gustukoa dugun animalia bakarrak. Eguzkia hartzeko zioak, baina, ez dira berdinak gizon-emakumetan eta zizareetan.
[1] Duela gutxi arte Convoluta roscoffensis izenekoa
[2] Estatozistoa organo edo egitura mekanohartzailea da eta espazioan animaliak duen kokapenari buruzko informazioa hartzen du.



Wednesday, January 14, 2009

Barrunbeetan bizi ito barik (II)

Aurreko ekarpenean esan dugun bezala, karraskarien barrunbeetan oxigeno gutxi dago, jarduera-maila garaiko animalia homeotermoak izanik oxigeno (O2) asko kontsumitzen baitute. Baina O2 urritasuna ez da animalia horiek aurre egin behar dioten arazo bakarra edo arazo txikiena. Izan ere, oxigenoa urria bada, karbono dioxidoa (CO2) ugariegia da barrunbeetan, animaliek beraiek sorturikoa delako. Ohikoak izan daitezke, adibidez, %6ko CO2-ko kontzentrazioak. Bada, arazo larria izan daiteke hori animalia gehienentzat.
Kontua da karbono dioxidoan aberatsa den atmosfera batean arnasa hartzea ez dela batere osasuntsua. Izan ere, ugaztunok oso sentikorrak gara arnasten dugun airearen karbono dioxidoarekin, eta ohikoa baino garaiagoa den CO2 kontzentrazioko atmosferan, bihotz taupadaren frekuentzia oso gora igo daiteke, alferrikan igo gainera, horrela ez baita konpontzen kanpo airean CO2 gehiago egotearen arazoa.Aurreko hori dela eta, barrunbeetako ugaztunak ez dira, inondik inora, karbono dioxidoarekin hain sentikorrak, eta gainera, CO2 kanporatzeko beste bide bat garatu dute horietako batzuek. Izan ere, gas gisa kanporatu beharrean, kaltzio edo manganeso karbonatoak edo bikarbonatoak jariatzen dituzte; hau da, gatz solido gisa kanporatzen dute bestela kaltegarria izango litzatekeen gas bat. Adibide honen bitartez ikusi dugun bezala, handia da ingurumen desberdinetara moldatzeko animaliek duten ahalmena eta oso deigarria horretarako asmatu dituzten bideak.



Barrunbeetan bizi ito barik (I)

Animalia asko bizi dira haitz, zoru edo arboletako zulo eta barrunbeetan, eta beste asko bertan bizi ez, baina denbora luze igaroten dira zulo horien barnean, habia bertan egin edo babestoki gisa erabiltzen baitute. Oso bereziak dira gune horiek, animaliek gertu duten aire bolumena oso txikia baita eta aire hori oso astiro berriztatzen baita. Hori dela eta, toki arruntetan baino oxigeno gutxiago dago barrunbe horien barruan.
Lurzorua zulatzen duten muskerrek eta sugandilek ez dute ezaugarri berezirik, guk dakigula. Horrela jokatzen duten anfibioek ere ez dute aparteko portaerarik erakusten. Izan ere, poikilotermoak direnez gero, metabolismo tasa apala dute narrasti eta urlehortarrek, eta baliteke hori izatea ezaugarri berezirik ez edukitzearen zioa.
Karraskariek, berriz, metabolismo tasa garaiak dituzte, oso garaiak. Batetik, homeotermoak dira; bestalde, animalia txikiak izanik, metabolismo tasa garaiak dituzte berez, txiki izategatik hain justu[1]; eta azkenik, jarduera handia garatzen duten animaliak dira. Horrek esan nahi du oxigeno asko hartu behar dutela eta, ondorioz, oxigeno kontzentrazio apalegiak gerta daitezkeela karraskarien barrunbeetan. Ohikoak izan daitezke, adibidez, %6ko O2 kontzentrazioak.
Horrelako baldintzen azpian bizi ahal izateko moldapen bereziak behar dira, zalantzarik ez dago, baina moldapen horiek desberdinak dira espezieetan zehar. Hainbat karraskarik, adibidez, globulu gorri asko dute, ohikoa dena baino gehiago; beste hainbatek, globulu gorri gehiago izan gabe, hemoglobina gehiagoko globuluak dituzte. Bai era batera eta bai bestera, oxigeno gehiago garraia daiteke odolean.
Hemoglobinaren ezaugarriei dagokie barrunbeetako karraskarien odolaren beste berezitasun bat, baina kasu honetan ez da hemoglobina gehiago edukitzea odolean, hemoglobina oxigenoarekiko kidetasun handiagokoa izatea baizik. Kidetasun garaiko hemoglobina edukitzearen ondorioez jabetzeko, horra adibide bat. Arboletatik ibiltzen diren karraskarien -katagorrien- hemoglobinaren %50 oxigenoarekin elkartua dago 40 Hgmm-koa denean odolaren oxigeno tentsioa. Oxigeno tentsio beraren azpian, oxigenoarekin elkartua dagoen hemoglobina, %80 izatera irits daiteke barrunbeetako karraskarietan.
Hemoglobinari dagozkion moldapen horiei esker, oxigeno harrera eta zeluletarako garraioa bermatu daiteke bai eta barrunbeko oxigeno kontzentrazioa oso apala denean ere. Horixe da ikusi ditugun moldapen horien zioa.
Oharra: Tuku-tuku (Ctenomys haigi) karraskari hegoamerikarra agertzen da irudian. Wikipediatik hartua dago eta creative commons baimen motaren araberakoak dira erabili ahal izateko baldintzak (helbidea: http://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:Tinytuco.jpg#filelinks)
[1] Animalia txikiek handiek baino metabolismo tasa garaiagoa dute; hau da, masa unitateko jarduera metaboliko handiagoa dute eta, horren ondorioz, oxigeno gehiago kontsumitu behar dute.



Saturday, January 10, 2009

Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak

Omega 3 gantz azidoen kontsumoa ona da adimenarentzat. Horixe da zenbait ikasketetatik ondorioztatu dena eta gaur kontu ezaguna dela esan dezakegu. Ezaguna da, halaber, omega 3 gantz azidoak oso ugariak direla gantz eduki garaiak dituzten itsas arrainetan. Esan bezala, kontu ezagunak dira horiek.
Ondoren azalduko duguna, baina, ez da horren ezaguna; izatez, berri-berria da. Dirudienez, eta duela oso gutxi aurkitu den bezala, nesketan mutiletan baino handiagoa da omega 3 gantz azidoen kontsumoak buruko ahalmenean duen eragin on hori. Bikoitza da eragina, zehatzak izateko. Horixe da W. Lassek-ek (Pittsburgh-eko Unibertsitatea Pennsylvania-n) eta S. Gaulin-ek (California-ko Unibertsitatea Santa Barbara-n) argitara eman dutena Kioton (Japonia) izan berri den Giza Portaera eta Eboluzioa Elkartearen Simposiumean.
Dirudienez, gantz azido horien erabilera metabolikoari dagokio aurkikuntza horren zioa. Izan ere, garunaren nahitaezko osagaiak dira omega 3 gantz azidoak eta ezaugarri horri dagokio, hain zuzen ere, azido horien kontsumoaren eta adimeanaren arteko harreman onuragarria. Neskek, baina, garun ehuna osatzeko erabiltzeaz gain, euren etorkizuneko seme-alaben garun ehuna osatzeko ere erabili behar dituzte omega 3 gantz azidoak. Edo hobeto esateko, neskek ipurmasail, aldaka eta izterretan pilatzen dute asimilaturiko omega 3 gantz azidoen zati bat, beharrezkoa denean umekiari transferitu ahal izateko. Hortaz, umekiak bere garun ehuna osatzeko erabiltzen ditu amak transferituriko gantz azido horiek. Argi dago, beraz, omega 3 gantz azidoen behar handiagoa dutela neskek mutilek baino, eta horri dagokio gantz azido horien kontsumoak nesketan eragin bikoitza edukitzea. Ikerketa emaitza oro zalantzan jar daitezke, jakina, baina kontuz lan honekin: tamaina handiko lana egin dute ondorio horietara iristeko, zeren 6 eta 16 urteko 4.000 neska-mutilengandik lorturiko datuak erabiliz eskuratu baitituzte aurkeztu ditugun emaitzak.
Guri, bestalde, zer hausnartu eman digu lan horrek. Izan ere, ez dakigu noraino izan daitezkeen bateragarriak hedabideek egun erakusten dituzten emakumeen estetika ereduak, batetik, eta nerabe emeen buru-garapen egokirako elikatze baldintzak bestetik. Amaitzeko, azken ohar bat: ez ahaztu ipurmasail eta aldaketan edozein motako gantzak pilatzeak ez lukeela ondorio berbera ekarriko. Izokina eta txitxarroak dira jan behar direnak. Txuletak edo bollikao jateak, berriz, ez du balio: izterrak eta ipurmasailak bai, lodituko lirateke horrela, baina garunak ez luke ezer onik aterako.



Sunday, January 4, 2009

Titikaka Aintzirako igela

Anfibioen arnasketan larruazalak zeregin garrantzitsua betetzen duela kontu jakina da. Hainbat anfibio taldetan, baina, garrantzi hori noraino iristen den ez da hain kontu ezaguna. Titikaka Aintzirako (3.812 m) uretan bizi den igelak -Telmatobius culeus- ez du egiazko birikarik, gasen elkartrukerako egokiak ez diren birika aztarnak baino ez baititu.
Oso berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Ezagunak ditugun igel gehienak ez bezala, ez da uretatik irteten; horrexegatik ez du arnasa hartzeko balio duen egiazko birikarik. Izan ere, larruazalean zehar hartzen du arnasa. Hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko organoa. Kontuan hartu behar da, bestalde, 3.812 m-tan oxigeno gutxi dagoela eta horrek, berez, zaildu egiten du arnasa hartzea.
Hortaz, Telmatobius culeus-ek tolesturaz beterik du larruazala. Gasen elkartrukerako azalera oso handia da tolesturei esker, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur korronteak sortzen ditu, inguruko ura berriztatzeko eta, era horretara, oxigenoko kanpo kontzentrazioa ahalik eta garaien mantentzeko.
Bestalde, odol hodiez josia dago larruazalaren barne aldea eta hori gutxi izango balitz, bere odola ere berezia da oso. Batetik, beste igelen odolak baino hemoglobina gehiago du eta, bestetik, globulu gorri gehiago edukitzeaz gain, txikiagoak dira eritrozito horiek; horrela, oxigenoa zurgatzeko azalera gehiago du eritrozitoen multzo osoak. Faktore horiei guztiei esker erraztu egiten da garaiera horretan horren urria den oxigenoaren transferentzia.
Esan beharra dago, azkenik, Telmatobius culeus igela estimu handian dutela Titikaka Aintziraren inguruko herritarrek. Estimu handi hori, baina, ez dagokio igelaren arnas fisiologia bereziari. Izan ere, ohiko janaria da inguruko jatetxeetan eta hori gutxi balitz, afrodisiakoa omen da igela. Hori dela eta, “igel irabiakiak” prestatu eta“edaten” dituzte bertako biztanleek. Viagra peruarra deitzen diote eurek. Ez dakidana da gordinik ala egosirik hartzen duten “irabiakia”; hori ez didate argitu erabili ditudan iturriek.
Argazkiaren jabegoa: © 2003 K.-H. Jungfer.



Tximitxaren musua

Europako zenbait zootan Triatoma generoko intsektuak erabiltzen ari dira animaliei odol laginak hartzeko.
Dirudienez, ez da erraza zooetako zenbait animaliari odola erauztea, osasun azterketak egiteko hartu behar diren odol laginak txikiak badira ere. Anestesiatu egin behar dira animaliak. Baina zenbait espezietan, -jirafetan esaterako-, oso arriskutsua da anestesia, eta beraz, maiz erautzi behar bazaie odola, jirafa hiltzeko arriskua handiegia izaten da.
Triatoma generoko intsektuak ugaztunen odola xurgatuz elikatzen dira. Espezie asko dira genero horretakoak eta batzuk oso ugariak dira Ameriketan. Argazkian[1] Triatoma rubida zimitzaren ale bat ikus daiteke. Latinoamerikan chinche besucona, vinchuca, chipo edo barbeiro izenez deitzen dituzte eta kissing bug izenaz ingelesez. Horregatik, euskaraz, “zimitz musukatzailea” izena eman diot nik.
Odola erauzteko metodo hori arrakastatsua izan da hipopotamo, gepardo, jirafa, elefante eta errinozero zurietan. Zimitz musukatzaile izena intsektuaren elikatze portaerari dagokio. Izan ere, ezpainen alboetatik edo betazaletatik zurgatzen du gizakien odola lotan dauden bitartean. Horretarako, hozkaren mina gutxiesteko entzima bat erabiltzen du, eta horixe da animalien odola erauzterakoan estresik sortzen ez duen metodo hau erabiltzeko arrazoia.
Prozedura bitxi hau garatu dutenen arabera, erabilitako zimitz musukatzaileak gizatasunez hiltzen dituzte, baina egia esan, ez dute azaldu zurgaturiko odola eskuratzeko zer egiten duten.
Kontu bitxia da hau, zeren zooetako animalien osasuna zaintzeko erabiltzen den Triatoma-k osasun arazo larriak sorraraz baititzake Ertamerika eta Hegoamerikako zenbait herritan. Izan ere, Trypanosoma cruzi protozooak eragiten duen Chagas gaitza kutsatu dezake, eta gainera, bere listu proteinek alergia erreakzio gogorrak eragiten ditu. Tximitxaren musuaren paradoxak!


[1] Arizona Research Laboratories; Division of Neurobiology, University of Arizonako web-etik hartua (http://www.neurobio.arizona.edu/faculty/hildebrand/kissingbug/facts.html)



Igel “iragazkaitzak”

Ezaguna da anfibio gehienek urarekin menpekotasun handia dutela, bai eta lehorrean bizi direnean ere. Euren larruazala iragazkorra da oso. Izan ere, iragazkortasun handi horri esker anfibio askoren larruazalak garrantzi handia du arnas elkartrukeetan. Baina era berean, lehorrean ur asko galtzen dute larruazalean zehar, urarekin iragazkorra baita larruazal hori. Azken batean, orokorrak izaten dira irazkortasunak; hau da, gasekiko iragazkorra den zerbait, urarekiko iragazkorra ere izaten da gehienetan.
Baina gutxi badira ere, bada salbuespenik kontu honi dagokionez. Chiromantis (Afrika), Hyperolius (Afrika), Phyllomedusa (Hego Amerika), Litoria (Australia) eta Polypedates (India) generoetako igelek, legokiekeena baino askoz ere ur gutxiago galtzen dute larruazalean zehar. Phyllomedusa sauvagei izeneko igela hegoamerikarrak, esaterako, legokiokeen ur galeraren %2 edo %1 bakarrik pairatzen du. Horrela, espezie horren 2 g-ko ale batek, orduko 0’01-0’02 g ur galtzen duen bitartean, tamaina bereko zuhaitz-igelek 0’5 g gal dezakete eta arbolatarrak ez diren bestelako igela arruntek 1 g.
Garrantzi handiko moldapena izan daiteke hain ur gutxi galtzea, batez ere lehen aipatu dugun urarekiko menpekotasuna apaltzea beharrezkoa denean, hau da, ur gertutasuna murriztua denean edo ura dagoen tokiraino iristea erraza ez denean.
Baina, nola lor dezakete hori? Bada, igel bakoitzak bere metodoa erabiltzen du horretarako. Phyllomedusa sauvagei-k, esaterako, berak ekoiztutako “olio” berezia, -triglizeridoz osatua da gehienbat-, erabiltzen du bere larruazala iragazkaitz bihurtzeko. Larruan dituen guruin berezi batzuek jariatzen dute olio hori, eta gero, hanken bidez sakabanatzen du gorputz osotik. Gainera, horretarako egiten dituen gorputzaren mugimenduak eredu jakin bati egokitzen zaizkio beti. Dirudienez, metodo berdina erabiltzen du Polypedates maculatus izeneko espezieak. Hori bai, metodo hori eraginkorra izan dadin, geldirik geratu behar dira larruazala olioz estali ondoren; bestela, olio geruza apurtuko litzateke eta utziko lioke eraginkorra izateari. Moldapen horrek, baina, badu ordainsari bat. Izan ere, larruazalaren olio geruzak uraren iragapena eragozteaz gain, oztopo egiten dio oxigeno eta karbono dioxidoaren mugimenduari ere. Horren ondorioz, arnas elkartrukeak biriketatik gertatu behar dira batez ere. Edozelan ere, ordainsari txikia da hori, urarekiko menpekotasuna apaltzea eskaintzen dituen aukeren ondoan.
Oharra: irudian agertzen diren igelak Phyllomedusa sauvagii espeziearen aleak dira; wikipediatik hartua dago irudia eta creative commons baimen motaren araberakoak dira erabili ahal izateko baldintzak. Helbidea: http://species.wikimedia.org/wiki/Phyllomedusa_sauvagii



Bost traiñeru juan ziran patroi banarekin

Historian zehar baleak izan dira euskal arrantzaleen harrapakin preziatuenetakoak, baina euskaldunak ez dira izan harrapakin horien bila ibili diren bakarrak. Izan ere, asko izan dira baleen arrantzaz bizi izan diren beste kostaldeetako herriak, eta oraindik ere, errusiar, norbegiar eta japoniarrek, batez ere, baleak harrapatzeko arrantzontziak dituzte, gero eta balea gutxiago geratzen diren arren.
Balearen olio edo gantza da baleetatik ateratzen den ekoizkin garrantzitsuena, balea bakar batetik olio kantitate izugarria atera baitaiteke. Baleak bezalako itsas ugaztunek gantz kantitate handiak pilatzen dituzte larruazalaren azpian. Energia erreserba gisa jokatzen du pilaturiko gantz horrek, noski; ugaztunek era horretako energia erreserbak kantitate handietan pilatzeko ahalmena dute, ahalmena eta, zenbait kasutan, beharra ere. Baina baleek eta beste itsas ugaztunek metatzen duten gantzak beste zeregin garrantzitsu bat betetzen du, isolamendu termikoarena alegia.
Irradiazioa, eroapen edo kondukzio eta lurrunketa dira beroa galtzeko dauden hiru bideak. Baina uretan bizi diren animalientzat, eroaketa da jokatzen duen bide bakarra, hau da, beroaren transferentzia zuzena. Urak, bestalde, aireak baino erraztasun handiagoz eroaten du beroa, eta horren ondorioz, uretan bizi diren animaliek bero kantitate handiak gal ditzakete ura gorputza baino hotzago badago.
Naturan diren ur masa gehienak animalia homeotermoak baino hotzago daude, eta diferentzia oso handia da Poloen inguruko itsasoetan. Izan ere, itsaso hotz horietan itsas ugaztunen zenbait espezieren populazio handiak daude. Horien artean, baleak oso ugariak dira, eta hori ez da kasualitate bat; batetik oso ur emankorrak izaten dira, eta bestetik, oso ondo moldatuta daude itsas ugaztun horiek horrelako ur hotzetan bizi ahal izateko.
Pilatutako gantz horri dagokio, hain zuzen ere, hain ondo moldatuta egotea, zeren hori baita beroaren eroaketaren aurreko babesik onena.



Mendigoizaleak

Goi mendietako gainetarantz abiatzen diren mendigoizaleen telebistako irudiek, edertasuna alde batera utzita, iruzur egiten dute nonbait. Ez dute erakusten mendigoizaleen sufrimendua. Zortzi mila metrotik gorako gailurretatik ibiltzeak ez dirudi hain zaila irudiotan. Horregatik diogu iruzur moduko zerbait direla irudiok, errealitatea islatzen ez dutelako.
Toki garaietan dagoen oxigeno urritasuna da leku garai horietan bizitzeko edo egon ahal izateko dagoen arazoa edo oztopoa, oxigeno gertutasuna beheratzen baita gora goazen heinean. Oxigeno urritasuna diogunean, hala ere, ez gara kontzentrazioaz ari, bai hemen, itsasoaren parean eta bai Everesteko puntan % 21 baita oxigeno kontzentrazioa airean. Gertatzen dena da goialde horietan aire gutxiago dagoela; bolumen berbera betetzen du dagoen aireak, baina gutxiago dago, ez baitago itsas mailan bezain konprimitua. Gertaera horren berri ematen digun adierazlea presioa da, atmosferaren presioa. Itsas mailan 760 mmHg-ko presioa dago, baina garaierarekin batera beheratu egiten da eta, esaterako, 5.000 m-tan 400 mmHg-etaraino jaisten da. Ikuspuntu praktiko batetik esan genezake 5.000 m-tan erdira beheratzen dela dagoen airea eta, noski, dagoen oxigenoa ere.
Kontu horrek berebiziko garrantzia du arnasa hartzerako orduan, ingurumenetik odolerako oxigenoaren iragapena oxigeno presioaren menpekoa baita. Itsas mailan, oxigeno presioa 160 mmHg-koa da; hau da, atmosfera presioaren %21 gutxi gora behera. Baina goratzerakoan, oxigeno presioa beheratzen da atmosfera osoarenaren neurri berean. Hori dela eta, 84 Hgmm-koa da oxigeno presioa 5.000 m-tan, oso balio apala animalia gehienen, -gizakiak barne-, odolera iragan ahal izateko.
Bada, mendigoizale onenek zortzi mila m-ko gailurrak iristen dituzte, nahiz garaiera horietan oxigeno gutxiegi dagoen. Zazpi mila m-tik gora gizaseme arrunt batek ezin du ez eta arnasa hartu ere. Zazpi mila metrotik gora ibiltzea, ibili ahal izate soila, gizaki aukeratu batzuek egin dezaketen ahaleginik handiena da; asmagaitza da zer den ibiltzeaz gain gora egitea, eta gora egiteaz gain, bizkarrean zama handia eramatea; irudikaezina da ahalegina. Kirolari apartak dira alpinistak, bai, zortzi mila metrotik gorako gailurretara iritsi diren horiek egiazko mugan baitaude, bizitzaren ertzean. Izan ere, gutxiren pribilegioa da gailur garaienetaraino iristen diren mendigoizaleen indarra, erresistentzia, teknika, inteligentzia eta kemena, batera izatea, horiexek baitira oxigeno urritasunaren ondorioei aurre egiteko behar diren ezaugarriak.
Oharra: Irudia Andrew Purdam-ena da eta creative commons baimen motaren araberakoak dira erabili ahal izateko baldintzak (helbidea: www.intute.ac.uk/bth/Everest.html)