Monday, February 23, 2009

Bizitzaren ertz beroak


Muturreko tenperaturak jasan ditzaketen forma edo egoera bereziak dituzte animalia zenbaitek. Baina egoera berezi horiek ez dira bateragarriak bizimodu arruntarekin. Izan ere, ingurune-tenperaturak mutur-muturrekoak badira ezin daiteke mantendu ohiko bizimodua, puntako tenperatura horiek hilkorrak gertatzen baitira. Zer da, baina, muturreko tenperaturatzat har daitekeena?
Bada, desberdina da erantzuna uretako eta lehorreko animaliei dagokienez. Oro har, lehorreko ingurumenean gertatzen dira tenperatura-aldaketa handiago eta bortitzagoak eta, horrekin loturik, garaiago eta behereagoak izaten dira muturreko tenperaturak. Lehorreko animalien artean 50ºC-takoa da, gutxi gorabehera, hiltze-tenperatura garaiena, baina badira hori baino behereagoak diren hiltze-mugak. Animalia itsastarren artean, berriz, nekez izaten dira 30ºC-tik goragokoak, baina marearteko aldean bizi direnak salbuespenak dira. Horiek, ezaugarri lehortiarrak dituen ingurumen batean bizi direnez, erdiko hiltze-tenperaturak dituzte, uretatik kanpo denbora luze egoten direnenak garaiagoak direlarik.
Saharako basamortuko zilar inurriarena da ezagutzen den hiltze-tenperaturarik gorena. Inurri hori 54ºC-tik hurbil egon daiteke janari bila dabilenean, baina hori bai, minutu gutxitan egon daiteke tenperatura horren pean. Bizitzaren ertzean dago, bai, zilar inurria!
Ertz hori oso zorrotza da zenbait kasutan, zorrotzegia animalia batzuentzat. Vespa mandarinia japonica liztor japoniarra harrapakaria da, baina bere harrapakinen artean bada bat arazo larriak ekar diezazkiokeena, hain larriak, bere harrapakin (?) horrek hil egin dezakeela harrapakaria (?). Apis cerana japonica izeneko erle japoniarra da ustezko harrapakina. Aspalditik zen ezaguna erle hauek garaile atera zitezkeela liztorraren kontrako lehian, baina hasieran ziztadaka hiltzen zutela uste bazuten ere, gero ikusi zen ezetz, beste prozedura sofistikatuago bat erabiltzen zutela liztorra garbitzeko. Ikus dezagun orain nola hiltzen duen txikiak (erleak) handia (liztorra).
Liztorrak erle bat erasotzen duenean, berehala hurbiltzen zaizkio bostehunetik gora erle, eta inguratu egiten dute liztorra. Egia esan, inguratu baino gehiago egiten dute, “erle pilota” bat egiten baitute, eta pilota horren erdi erdian liztorra geratzen baita. Bada, 48 ºC-tara igoten da tenperatura pilotaren erdigune horretan berehala, eta horixe da, tenperatura hori hain justu, liztorra hiltzen duena.
Liztorraren hiltze muga 44-46 ºC-takoa da, eta beraz, 48 ºC garaiegia da berarentzat. Ez, ordea, erleentzat, 48-50 ºC-en artean baitago erle horien hiltze tenperatura. Ikusi dugunez, oso zorrotza izan daiteke, bai, bizitzaren ertz beroa. Eta ikusi dugunez, badago desberdintasun txikiei etekina ateratzen dion espezierik ere.

Oharra: Argazkia wikipediatik hartua dago (http://en.wikipedia.org/wiki/Vespa_mandarinia_japonica) eta Creative Commons baimenaren baldintzen menpe erabil daiteke.
Deskribaturiko portaera bideo horretan ikus daiteke:
http://www.youtube.com/watch?v=dp72gXkYJIw



Erreginatxo marradunaren digestio sistema


Jakinmin handia sortu dute, betitik, hegazti migratzaileek. Bizitzarako baldintzak oso gogorrak diren tokietan ugaltzen diren espezie asko latitude bigunagoetara migratzen dira negua pasatzera. Latitude garaietan janari ugari dago udan eta udaren inguruko hilabeteetan, eta gainera, egokia da ingurune-tenperatura. Negua eta neguaren inguruko hilabeteak, berriz, oso gogorrak dira. Janari gutxi dago, edo ezer ere ez, eta bizirik irautea bera ere ezina izan daiteke muturreko tenperatura hotzetan.
Txori txikientzat bereziki gogorrak dira latitude garaietako baldintzak. Txori txikiek handiek baino bero gehiago galtzen dute masa unitateko eta beraz, janari gehiago behar dute. Ez da harritzekoa, beraz, latitude garaietako txoriak migratzaileak izatea. Baina migratzea oso gogorra da. Scott McWilliams ikertzaile estatubatuarrak ikerketa interesgarriak egin ditu txori migratzaileei buruz[1], eta hemen laburbilduko ditugu berak lorturiko emaitzak.
Txoriek, gantza eta proteinak pilatzen dituzte migrazioa prestatzeko. Migratzen hasi baino lehen gehiago jaten dute eta, gainera, proteina eta gantzetan aberatsak diren jakiak aukeratzen dituzte. Lau bider gehiago jan dezakete migratu aurreko egunetan, eta horretarako, handitu egiten dute digestio sistemaren kapazitatea, handitu barik ezin izango lukete-eta horrenbeste jan. Ingurune-seinale batek, fotoperiodoak, abiarazten du digestio sistemaren kapazitatea handitzeko prozesua. Izan ere, egunaren argi-ordu kopuruaren aldaketa esperimentalen bidez piztu ahal izan dira laborategian gatibu mantenduriko txorien digestio-sistemaren handitzea eta ingestio-tasaren igoera. Hortaz, egun-argiaren iraupenaren sasoi-aldaketek sorturiko aldaketa endokrinoak dira gehiago jatearen, loditzearen eta gauaz hegan egiteko joeraren bitartekoak.
Beharrezkoak izango zaizkien proteinak eta gantzak metatu ondoren, txoriek migratze bidaiari ekiten diote ugaltze-aldeetatik negua igaroteko aldeetara joateko. Migrazioan zehar, hegaldi eta geldialdi zenbait txandakatzen dituzte latitude epeletako txori migratzaile gehienek. Beraz, energia eta elikagai erreserbak bereraikitzeko aukera dute geldialdietan, baina zenbait kasutan malgutu egin behar dute elikatze portaera. Izan ere, txori intsektujale zenbaitek fruta jatera aldatzen dute geldialdietan, intsektu gutxi dauden tokietan fruta janez arinago lor baitezakete behar duten energia.
Latinamerikan “reinita rayada” edo “chipe gorranegra” izenez ezaguna den Dendroica striata dugu aipatzeko moduko txoria. Txikia da: 14 cm-ko luzera du eta 12 g. Iparamerikatik Ertamerikara edo Hegoamerikako iparraldera migratzen da eta bidaiaren zati handi bat Atlantikoaren gainetik egiten du. Bataz beste, 3.000 km-ko distantzia egiten du itsasoaren gainetik eta horrek esan nahi du 88 orduko hegaldi etengabea egin behar duela. Bidaiaren eskakizun maila, beraz, oso garaia da. Eta horren araberakoak dira txori horrek erakusten dituen moldapen fisiologikoak. Batetik, migratzen hasi baino lehen, bere masa bikoiztu egiten du oso denbora laburrean (aste batean egin dezake) gantz eta proteina erreserbak metatuz. Eta bestetik, digestio sistema atrofiatu egiten zaio hegaz egiten hasten denean. Digestio aparatua oso aktiboa da, bere metabolismoa oso garaia da, eta beraz, energia asko kontsumitzen du. Hori dela eta, eta 88 ordutan zehar ezertarako ere erabili behar ez duenez, hobe du ahalik eta gutxien gastatzea aldi horretan zehar. Horrexegatik atrofiatzen du digestio sistema, atrofiaturik askoz gutxiago gastatzen baitu eta horrela aurrezten duen energia hegaz egiteko erabil baitezake.
Aurkako bakarra du horrela jokatzeak. Izan ere, hegaldia bukatu eta berehala ezin du berreskuratu galdutako energia, digestio sistemak egun bat edo bi baino gehiago behar baitu janaria digeritu eta zurgatu ahal izateko berriro. Hala ere, Dendroica-k etekin argia ateratzen dio jokaera horri, migrazioa bukatu ostean galdutakoa berreskuratzeko denbora soberan baitu.
Izugarria da, bai, txori txiki horren digestio sistemaren malgutasuna: Migratu aurretik handitu egin du, bere kapazitate fisiko eta funtzionala nabarmenki emendatuz; migratzen hasterakoan, atrofiatu egiten du, baliabiderik gasta ez dezan; eta migratu ostean funtzional bihurtzen du berriro ere.


[1] Rode Island Unibertsitateko web atarian duen gunean ematen ditu ikerketa horien berri: http://www.edc.uri.edu/nrs/faculty/Scottnrs.htm eta http://www.gso.uri.edu/maritimes/Text_Only/00Summer/text/birds.html



Monday, February 16, 2009

Beroa “ikusten” duten animaliak?


Neguko egunetan, kanpoan hotza egiten duenean, lehio batera hurbiltzen baduzu eskugaina, hoztu egiten dela somatuko duzu. Lehio eta eskuaren artean dagoen airea, ordea, ez dago hotz, gelako airea baita. Beraz, lehiora hurbildu arte ez baduzu somatu hotzik eskuan, horrek esan nahi du airea ez dela izan eskugaina hoztu duena. Hau da, eskuak beroa galdu du baina ez du konbekzioz galdu, erradiazioz baizik.
Erradiazioa gertakari fisikoa dugu, elkar ukituz ez dauden bi gorputzen artean gertatzen den fenomenoa. Bi gorputzen tenperaturak desberdinak direnean, erradiazio elektromagnetiko bat sortzen da beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera. Erradiazio infragorria da, hau da, gorri koloreari dagokiona baino uhin luzera luzeagoa, eta beraz, frekuentzia baxuagoko erradiazioa.
Guk, gizakiok ez dugu erradiazio infragorria “ikusteko” ahalmenik. Sortzen duen bero-transferentzia bai somatzen dugu, baina gorputz beroek bidaltzen dizkiguten izpiak ezin ditzakegu ikusi argi izpiak ikusten ditugun moduan.
Badira, baina, izpi infragorriak “har” ditzaketen animaliak, Crotalus eta Sistrurus generoetako suge pozointsuak diren kriskitin-sugeak hain justu. Badirudi eraso egiten duenean harrapakinaren beroak gidatzen duela kriskitin-sugea. Izan ere, odol beroko animaliak bakarrik harrapatzen dituzte; hori dela eta, hilik badaude ez ditu harrapatzen. Bestalde, begiak estalita ere, arratoi hilak harrapatzeko gai da arratoiak ingurua baino beroago badaude.
Albo bakoitzeko sudur zulo eta begiaren artean beste zulo bat dute, aurpegi-zuloa deiturikoa eta, dirudienez, aurpegi-zulo horiek dira izpi infragorrien hartzaileak. Izan ere, zulo horietatik garunera doazen nerbioen jarduera ikertu denean, kinada termikoak izan dira aktibitate elektrikoa sortu dutenak. Soinu, bibrazio edo argi kinadek, berriz, ez dute erantzunik sortu, bai ordea bere ingurua baino beroago dauden objektuak aurpegi aurrean jarri direnean.
Horren berezia izanik, zalantzarik ere bada informazio termikoa hartzeko sistema honen eraginkortasunaz, baina oso interesgarria da animalien moldatzeko ahalmenari buruz esaten diguna. Ertamerikako sugeak dira, eta ohikoak basamortuan. Gauaz hotz egiten du basamortuan, baina xaguak, eta xaguak bezalako beste ugaztun edo hegazti txikiak, homeotermoak izanik, ingurua baino askoz ere beroago daude. Ba ote dago baldintza horien pean harrapakinak harrapatzeko sistema hoberik?

Oharra: Crotalus atrox kriskitin-sugea da irudian agertzen dena; wikipediatik (http://en.wikipedia.org/wiki/File:Crotalus_atrox_(2).jpg) hartua dago eta Creative Commons baimenaren baldintzen menpe erabil daiteke.



Wednesday, February 11, 2009

Basamortuetatik poloetara


Animalia baten gorputz tenperatura konstante mantendu ahal izateko, berdinak izan behar dira animalia horrek galtzen duen beroa eta irabazten duena. Barne jatorria du animalia homeotermo gehienen bero gehiena; hau da, metabolismo-jarduera da gure beroaren iturri nagusia. Beroa elkartrukatzeko, berriz, lau modu daude: eroaketa, konbekzioa, erradiazioa eta lurrunketa. Gauzak errazteko esan dezakegu animalia beste masa batekin ukituz egon behar duela eroaketa eta konbekzioa gertatu ahal izateko. Hortaz, eroaketa esaten dugu ukituz dagoen masa hori solidoa denean eta konbekzioa, berriz, likido edo airea denean; funtsean, baina, prozesu fisiko bera da, alegia, ukituz dagoen beste masa batera pasatzea animalia baten beroa.
Erradiazioz, konbekzioz eta eroaketaz beroa galdu ahal izateko, animaliaren gorputzak beroago egon behar du ukituz dagoen masa baino. Eta hiru faktoreren menpe dago hiru era horietara galtzen den beroa. Beroa hartuko duen aire edo uraren eta animaliaren arteko tenperatur aldea da lehen faktorea, ingurunearen eroankortasun termikoa da bigarrena, eta gorputz azalarekin ukituz dagoen masaren berriztatzearen abiadura, hirugarrena. Bada, horrek guztiak garrantzi handiko ondorio praktikoak ditu. Ikus ditzagun.
Begi-bistakoa da lehen ondorioa: bero gehiago galtzen da hotz handiago egiten duen heinean. Hori bezain bistakoa da zer gertazten den airea gorputza baino beroago dagoenean, nahiz zenbaitentzat horren argi ez dagoen. Begira, bestela, zer egiten duten europarrek basamortu beroan daudenean. Basamortu beroetan arropa gutxirekin janzteko joera dute europarrek, eta batez ere haizea dagoenean, haizeak freskatu egingo dituela uste baitute. Basamortuko beduinoek, aldiz, goitik behera babesten dute gorputza, eta bistan da eurek inork baino hobeto dakitela zein den basamortu beroan janzteko erarik egokiena. Izan ere, ingurunetik isolatzen dira horrela, kanpo tenperatura barnekoa baino garaiagoa denean konbekzioz ez baita berorik galtzen, irabazten baizik, bai eta airea mugitzen denean ere.
Bigarren ondorioa ez da horren bistakoa, baina ezagun samarra da. Uraren eroankortasun termiko garaia dela eta, konbekzioz, askoz bero gehiago galtzen da uretan airean baino. Izan ere, uraren eta gorputzaren tenperaturak desberdinak direnean oso zaila da, edozein animaliarentzat, gorputz tenperatura konstante mantentzea uretan. Hortaz, uraren tenperatura 15ºC azpitik dagoenean gizakiok ezin dugu eraendu gorputz tenperatura. Gogoan izan behar dugu uretako ugaztunek larru azpiko gantz geruza lodia dutela eta horri esker isolatze-maila garaia erdietsi dutela (Ikusi “Bost traineru…” izenburuko artikulua).
Eta hirugarren ondorioa, ezaguna den arren, ez da kontuan hartzen beti: Tenperatura oso baxua denean berebiziko eragina du haizeak. Esaterako, haizearen abiadura 50 Km/h-koa denean animalia batek -40ºC-tan pairatzen duen bero galera eta haizerik gabe -90ºC-tan pairatzen duena berdinak dira. Kontuan hartu datu hori “Pinguino enperadorearen…” istorioa irakurtzerakoan.



Monday, February 9, 2009

Larruazalaren lodieraz


Orein jauzilaria (Antidorcas marsupialis) eta elur-oreina (Rangifer tarandus) belarjale hausnarkariak dira. Ezaugarri anatomikoei dagokienez, ez dira oso desberdinak.
Orein jauzilariak ez du ia larruazpiko gantzik eta ilaje mehea du. Elur-oreinak, berriz, larruazpiko gantz-geruza eta ilaje lodiak ditu. Afrikako sabanan bizi da lehena eta askotan egin behar izaten du ihes gepardoengandik. Bero gainkarga pairatu behar du lasterka egiten duenean eta, hori dela eta, gehiegizko bero hori ahalik eta lasterren galtzea komeni zaio. Horregatik, baxua da ingurunearekin isolatze-maila.Elur-oreinak duen arazoa, bestalde, kontrakoa da. Hau da, klima hotzean bizi da, Zirkulu Artikoan, eta isolatze-maila garaiari esker ekidin diezaioke klima horretan jasan lezakeen gehiegizko bero galerari. Otsoetatik lasterka alde egin behar duenean, baina, bero gainkarga jasan behar izaten du honek ere. Kasu horretan, berriz, hatsantzera jo behar du, txakurrak egiten duen bezala, gehiegizko beroa galtzeko. Ingurunearekin isolamendu-maila da, beraz, bi orein horien arteko desberdintasun nagusia.
Hiena tantoduna (Crocuta crocuta) eta hiena nabarra (Hyaena brunnea) oso hurbil bizi dira elkarrengandik. Namibia, Botswana eta Hegoafrikako basamortu beroan bizi da hiena tantoduna. Ile oso laburrak ditu. Hiena nabarrak, berriz, luzeak ditu ileak; Namibiako kostaldean bizi da, eta han hotza egiten du. Berriro ere, ingurunearekin isolamendu desberdina duten bi espezietaz ari gara, eta oreinen kasuan bezala, ingurumen tenperaturaren araberakoak dira isolatze-maila horiek.
Isolamendu-maila, dirudienez, oso erraz alda daiteke espezieak ingurumen berrietara moldatzen direnean. Ezaguna da, esaterako, Cook kapitainak ile laburreko txerri tropikalak (Sus scrofa) eraman zituela Zelanda Berrira eta han utzi zituela. Bada, ilaje lodia dute orain txerri horien ondorengo basatiek. Zelanda Berrian ez bide du bero gehiegi egiten.

Oharra: Irudia Wikipedia-tik hartua dago eta "GNU Free Documentation License” delakoaren araberako baldintzen menpe erabil daiteke.



Friday, February 6, 2009

Munduko bi gauza hotzenetako bat


Txakurren eraentze termikoan arnas azalek betetzen duten zeregina aipatu nuen “Izerdia” izenburuko artikuluan. Txakurrek ez dute izerdi-guruinik eta beraz, ez dute izerdirik botatzen. Horrek, baina, ez du esan nahi lurrunketara jo ezin dezaketenik gorputza hozteko. Beroa xahutu behar dutenean hatsantu egiten dira eta horrek sortzen duen aire mugimenduak erraztu egiten du arnas azalen gaineko uraren lurrunketa. Kontu honen inguruan badira ezagutzea merezi duten hainbat xehetasun interesgarri.
Hatsantzerakoan sortzen den aire mugimendua da lehena. Izan ere, desberdinak dira, hatsantzen direnean, txakurrek arnas azalen gainetik sortzen duten aire mugimendua eta gauza bera egiterakoan guk, gizakiok, sortzen duguna. Txakurrek, gorputza hoztu behar dutenean, sudurretik hartzen dute airea eta ahotik botatzen dute harturiko gehiena. Hau da, bestela iruditzen bazaigu ere, ez dute hartzen ahotik, -guk egiten dugun gisan-, sudurretik baizik. Horrela jokatuz, norabide bakarra darama aire gehienak. Bestela jokatuko balute, hau da, airea bide beretik sartu eta irtengo balitz, arnasa hartzeko mugimendua egiterakoan arnas azalak galtzen duen beroa berriro hartuko luke arnasa botatzerakoan, eta horrela, beharko lukeena baino bero gutxiago galduko luke txakurrak.
Bigarren xehetasuna, hatsantzearen mugimenduari dagokio, edo hobeto esan, hatsantzearen frekuentziari. Mugimendu azkarra da, oso azkarra, egia esateko. Izan ere, pentsa liteke horrela jokatzeko beharrezkoa den muskulu jarduerak bero gehiago sortzen duela xahutzen laguntzen duena baino. Eta egia esan, horixe gertatuko litzateke arnas aparatuaren mugimendu bakoitza egiteko sahietsen arteko muskuluak aktiboki uzkurtu beharko balira. Baina hori ez da gertatzen. Izan ere, muskulu horiek hatsantze mugimenduen hasieran bakarrik uzkurtzen dira; gero, torax-barrunbea uzkurtu eta zabaldu egiten da, baina horretarako kasik ez da muskulu-lanik egin behar. Baina, nola gerta daiteke hori? Nola sor daiteke lanik gabeko mugimendu bat? Bada, hatsantzearen maiztasuna torax-barrunbearen erresonantzia-maiztasunari dagokiolako. Hori dela eta, txakurrak, beste animalia askok bezala, maiztasun jakin batean bakarrik hatsantzen dira.
Ikus dezagun hau adibide batekin. Txakur batek bero handia sortzen du lasterka egiten edo egin ondoren. Beraz, sortu duen bero hori xahutu beharko du tenperatura konstante mantendu ahal izateko. Bada, egoera horretan maiztasun garaiko (300-400 mugimendu/minutu) hatsantze mugimenduak egiten ditu, baina, aldiro aldiro utzi egiten dio mugimendu horiek egiteari eta ohiko arnas frekuentziara (30-40 mugimendu/minutu) igaro. Erabatekoa da frekuentzia aldaketa; hau da, 350 mugimendu/minutuko maiztasunetik 35 mugimendu/minutukora igaroten da bitarteko frekuentzietatik iragan barik. Energia gehiegi gastatu beharko litzateke eta bero gehiegi xahutu, beste edozein frekuentziatan zabaldu eta uzkurtuko balu torax-barrunbea. Hori dela eta, eraentze termikoaren behar desberdinei aurre egin behar dietenean, txakurrek ez dute jotzen maiztasun desberdineko hatsantze mugimendurik egitera. Horren ordez, maiztasun garaiko mugimenduen iraupenarekin jokatzea da egiten dutena. Hortaz, bero asko galtzeko beharra dutenean denbora luze egoten dira maiztasun garaiko mugimenduak egiten, eta denbora laburragoak egoten dira behar horiek txikiak direnean. Aukera duzunean, beha itzazu txakur baten arnas eta hatsantze mugimenduak. Berehala konturatuko zara torax-barrunbearen mugimenduak bi maiztasunekoak izaten direla, apala arnasa hartzeko eta garaia tenperatura eraentzeko.
Eta lurruntzen den uraren jatorria da hirugarren xehetasuna. Gizon-emakumeen larruazalean lurruntzen den ura, izerdiarena da. Nondik dator, baina, txakurren sudur epitelioan lurruntzen dena? Dirudienez, sudurraren guruin batek jariatzen du. Hamazazpigarren mendearen geroztik ezaguna da guruin hori, eta beti pentsatu da sudurra heze mantentzea zela bere zeregina. Baina horrez gainera, badirudi sudur-guruinak jariatzen duela sudur-epitelioan lurruntzen den likidoa. Horri esker mantentzen da sudurra heze eta hotz. Azken batean, txakurretan sudur-guruinak betetzen du gizon-emakumeetan izerdi-guruinek betetzen duten zeregin bera.Nesken adimenari buruzko ekarpenari Jesus Marik egin zion oharrean (ez dakit “ohar” ala “tractatus” deitu beharko ez ote nukeen) euskal esaera zahar bat aipatu zuen bukatzera zihoanean: “Munduko bi gauza hotzenak dira txakurraren sudurra eta emakumeen ipurdia”. Berak azaldu zuen, orduan, zein zen emakumeen ipurdia hotz egoteko arrazoia. Txakurren sudurrarenari buruzko azalpena falta zen, beraz. Orain badakizu zergatik dagoen hotz txakurren sudurra.



Wednesday, February 4, 2009

Hasiera


“Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak egin zituen. Lurra nahas-mahas hutsa zen: leize handiaren gain ilunpea. Jainkoaren arnasa uren gainean zebilen. Eta Jainkoak esan zuen: «Izan bedi argia». Eta izan zen argia. Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunpeetatik: argiari «egun» eman zion izen eta ilunpeei «gau». Honela, lehen eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Izan bedi sabaia uren artean, goiko eta beheko urak bereiz ditzan». Eta hala izan zen. Jainkoak sabaia egin zuen eta sabai azpiko urak sabai gainekoetatik bereizi zituen. Jainkoak sabaiari «zeru» eman zion izen. Honela, bigarren eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Bil bitez multzoan zeru azpiko urak eta ager bedi lehorra». Eta hala izan zen. Lehorrari «lur» eman zion izen eta ur-multzoari «itsaso». Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Jainkoak esan zuen: «Eman bitza lurrak belar hezea, hazidun landareak eta orotariko fruta-arbolak beren hazi eta guzti». Eta hala izan zen. Eta lurrak orotariko hazidun landareak eta fruta-arbolak beren hazi eta guzti eman zituen. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, hirugarren eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Izan bitez argizagiak zeru-sabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak ezagutarazteko. Izan bitez zeru-sabaian lurrari argi egiteko». Eta hala izan zen. Jainkoak bi argizagi handi egin zituen: handiena egunaren gain jartzeko eta txikiena gauaren gain. Eta izarrak ere egin zituen. Zeru-sabaian ezarri zituen lurrari argi egiteko, egunaren eta gauaren gain jartzeko, argia eta ilunpea bereizteko. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, laugarren eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Egin bezate urek borbor bizidunez; egin bezate hegan hegaztiek lurraren gainean, airean». Jainkoak itsas arraintzarrak sortu zituen, uretan borbor dabiltzan orotariko bizidunak eta orotariko hegaztiak. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Eta bedeinkatu egin zituen, esanez: «Sor itzazue umeak, ugaldu eta bete itsas urak; ugal bitez hegaztiak ere lurraren gainean». Honela, bosgarren eguna burutu zen.
Jainkoak esan zuen: «Eman bitza lurrak orotariko bizidunak: abereak, piztiak eta narrastiak». Eta hala izan zen. Jainkoak orotariko bizidunak sortu zituen: abereak, piztiak eta narrastiak. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Jainkoak esan zuen: «Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko, gure antzeko; mendera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak». Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen. Eta bedeinkatu egin zituen, esanez: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi; mendera itzazue itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak». Jainkoak esan zien: «Hara, zeuei ematen dizkizuet lurrazalean diren hazidun landare guztiak eta hazidun fruta-arbola guztiak; horiek izango dituzue janari. Abere, zeruko hegazti eta lurrean narraska dabiltzan bizidun guztiei, berriz, belar hezea ematen diet janari». Eta hala izan zen. Eta egin zuen guztia oso ona zela ikusi zuen Jainkoak. Honela, seigarren eguna burutu zen.”
Bibliaren Hasieraren lehen atala duzu aurreko pasartea. Fededunarentzat, Jainkoaren hitzak dira; sinisten ez duenarentzat, berriz, Kreazioaren mitoetako bat. Animalien zeregin funtsezkoena ekarri nahi izan dugu hona pasarte horren hitzak erabiliz. Izan ere, animalia orok, gizakiak barne, bete behar dute agindu bera, Jaungoikoak emana edo Naturak emana: “Sor itzazue umeak eta ugaldu”, horixe baita animalia ororen zeregin nagusia. Animalia guztien ezaugarri danak ideia horren argitan ulertu behar dira. Eboluzioaren ondorio dira animaliak; ingurune baldintzetara moldatuz joan dira belaunaldietan zehar, etengabe. Orain ezagutzen ditugun animaliek arrakasta izan dute; behin eta berriro sortu dituzte ondorengoak; eta ondorengo horiek ugal-adinera iritsi dira, iritsi eta ugaldu ere; lortu egin dute. Ugaldu barik, ez lirateke existitu ere egingo. Horrexegatik esan dugu hori dela agindua, ezinbestez bete beharrekoa: “Sor itzazue umeak eta ugaldu”. Animalien funtzio guztiak helburu horren zerbitzuan daude; funtsean, horixe da hemen aurkezten ditugun istorioetan azaltzen dugunaren esangura nagusia. Ugaltzeko jaioak gara.



Tuesday, February 3, 2009

Soldaduak


Bigarren Mundu Gerraren ostean latitude guztietatik hedatu zen Ameriketako Estatu Batuetako armada eta Munduko azken mugaldetan kokatu zituen bere goarnizio, kuartel, kantonamendu edo base militarrak. Horri esker, era askotako datuak bildu ahal izan dituzte iparamerikarrek. Goarnizioetako soldaduek jaten dutena dago, esaterako, biltzen duten informazioaren artean. Ulertzekoa da hori, noski, zeren erosi eta banatu behar den janari kantitatea ezinbesteko informazioa baita armadarentzat.
Bada, erlazio interesgarria aurkitu dute goarnizioa zegoen tokiaren batazbesteko tenperaturaren eta soldaduek kontsumitzen duten janari kantitatearen artean. Izan ere, askoz gehiago jaten dute toki hotzetan beroetan baino. Energia unitateetan adierazita, honako hauek dira muturreko datuak: 35ºC-ko batazbesteko tenperaturapean dauden soldaduek 3.100 kcal/egun kontsumitzen dute eta -30ºC-ko tenperaturapean daudenek, 5.000 kcal/egun. Muturreko datuak dira horiek, baina erlazioa oso argia da, bi magnitude horien arteko menpekotasun negatibo nabarmena ikus baitaiteke 22 kantonamenduei dagozkien datuen multzoa behatzerakoan.
Nire ustez, tenperatura-eraenketaren beharrekin zerikusia du behaturiko erlazio horrek. Izan ere, “Pinguino enperadorearen bizitza harrigarria” istoriotik ondoriozta daitekeen bezala, garesti samarra da hotzari aurre egitea. Pinguinoek, baraurik egonik, energia erreserbak erabiltzen dituzte arrautza txitatzen duten bitartean. Soldaduek, berriz, jateko aukera dute, eta datu horiek adierazten dutenaren arabera, gehiago jaten dute hotza egiten duen tokietan.
Beraz, badirudi klima hotzetan bizitzeak dakarren bero galerari aurre egin behar zaionean gehiago jan behar dela, jan behar den gaineratiko hori “erre” egin behar baita bero galera handiagoak konpentsatzeko. Azken batean, bero galera eta bero ekoizpena berdinduta egon behar dira gorputz tenperatura konstante mantendu behar bada, eta beraz, bero gehiago galtzen denean gehiago da sortu behar dena. Bestalde, eta aski ezaguna denez, metabolismo-jarduera goratzea da bero ekoizpena igotzeko dugun bide bakarra, baina metabolismo-jarduera goratzeak energia-osagai (erregai) gehiago erretzea dakar. Hau da, gehiago jan behar da (soldaduek) edo, bestela, lehendik pilaturiko energia-erreserbak erabili behar dira (pinguinoek).
Ez dakit guztioi berdin gertatzen zaigun ala ez, baina nik hotza egiten duenean gehiago jaten dut bero dagoenean baino. Edo hori iruditzen zait behintzat.



Sunday, February 1, 2009

Arrain arrantzalea


“Arrainen haragia, bizimoduaren adierazle” izenburuko istorioan mihi-arrainen bizimoduaz aritu ginen. Mihi-arraina geldirik egoten da denbora gehiena, harrapakinaren zain. Hori dela eta, ez dute kasik oxigenorik behar eta beraz, odolik gabeko eta mioglobinarik gabeko haragia dute, zuri-zuria.Itsas zapoa (Lophius sp.), mihi-arraina bezala, “eseri-eta-itxaron” harrapakaria dugu eta, hori dela eta, bere haragia ere zuria da oso. Hemen, baina, ez gara arituko itsas zapoaren muskuluen ezaugarri metabolikoez. Bere elikatze modua da hemen ikusiko duguna.
Sakonera desberdineko hondo bigunetan bizi da zapoa, eta kostaren alboko ur ez oso sakonetatik 500 m-ko sakoneraraino egon daiteke. Mihi-arraina bezala, jalkipean sartzen da eta horri esker harrapakinek ez dute ikusten. Gorputza ez, baina buru gainetik ateratzen zaion antena moduko luzakin bat bai ikusten dute. Bizkar-hegatsaren hezur batetik eratorria da luzakin hori.
Lophius-ek, arrantza egiteko erabiltzen du luzakina. Mugitu egiten du zizare baten mugimenduak antzeratuz. Iraulkatzen den edo sigi-saga dabilen “zizare” bat ikusterakoan, hurbildu egiten zaio harrapakina eta zapoak, luzakinaren mugimenduen bitartez, bere ahorantz erakartzen du. Alboan dagoenean ziztu bizian irekitzen du ahoa, ur korronte bortitza sorturik. Kontuan hartu behar da zer nolako ahoa duen zapo arrainak: oso handia da eta muskulu indartsuak ditu. Egia esan, ez dakigu ba ote dagoen aho handiagorik duen animaliarik, gorputzaren tamaina kontuan harturik, jakina.Aho beldurgarri horrek sorturiko korronteak aho barrura sartzen du harrapakina. Hortik alde egiterik ez dago, itsas zapoak hortz asko, oso zorrotzak eta barrurantz makurtuta baititu. Hasieran esan bezala, “arrantza” egiten du zapoak. Luzakinak, kanaberaren antza du, eta luzakinaren punta, karnatarena. Azkenean, harrapakari gisa jokatu nahi izan duena harrapakin bihurtzen da, ia konturatu gabe.