Friday, February 6, 2009

Munduko bi gauza hotzenetako bat


Txakurren eraentze termikoan arnas azalek betetzen duten zeregina aipatu nuen “Izerdia” izenburuko artikuluan. Txakurrek ez dute izerdi-guruinik eta beraz, ez dute izerdirik botatzen. Horrek, baina, ez du esan nahi lurrunketara jo ezin dezaketenik gorputza hozteko. Beroa xahutu behar dutenean hatsantu egiten dira eta horrek sortzen duen aire mugimenduak erraztu egiten du arnas azalen gaineko uraren lurrunketa. Kontu honen inguruan badira ezagutzea merezi duten hainbat xehetasun interesgarri.
Hatsantzerakoan sortzen den aire mugimendua da lehena. Izan ere, desberdinak dira, hatsantzen direnean, txakurrek arnas azalen gainetik sortzen duten aire mugimendua eta gauza bera egiterakoan guk, gizakiok, sortzen duguna. Txakurrek, gorputza hoztu behar dutenean, sudurretik hartzen dute airea eta ahotik botatzen dute harturiko gehiena. Hau da, bestela iruditzen bazaigu ere, ez dute hartzen ahotik, -guk egiten dugun gisan-, sudurretik baizik. Horrela jokatuz, norabide bakarra darama aire gehienak. Bestela jokatuko balute, hau da, airea bide beretik sartu eta irtengo balitz, arnasa hartzeko mugimendua egiterakoan arnas azalak galtzen duen beroa berriro hartuko luke arnasa botatzerakoan, eta horrela, beharko lukeena baino bero gutxiago galduko luke txakurrak.
Bigarren xehetasuna, hatsantzearen mugimenduari dagokio, edo hobeto esan, hatsantzearen frekuentziari. Mugimendu azkarra da, oso azkarra, egia esateko. Izan ere, pentsa liteke horrela jokatzeko beharrezkoa den muskulu jarduerak bero gehiago sortzen duela xahutzen laguntzen duena baino. Eta egia esan, horixe gertatuko litzateke arnas aparatuaren mugimendu bakoitza egiteko sahietsen arteko muskuluak aktiboki uzkurtu beharko balira. Baina hori ez da gertatzen. Izan ere, muskulu horiek hatsantze mugimenduen hasieran bakarrik uzkurtzen dira; gero, torax-barrunbea uzkurtu eta zabaldu egiten da, baina horretarako kasik ez da muskulu-lanik egin behar. Baina, nola gerta daiteke hori? Nola sor daiteke lanik gabeko mugimendu bat? Bada, hatsantzearen maiztasuna torax-barrunbearen erresonantzia-maiztasunari dagokiolako. Hori dela eta, txakurrak, beste animalia askok bezala, maiztasun jakin batean bakarrik hatsantzen dira.
Ikus dezagun hau adibide batekin. Txakur batek bero handia sortzen du lasterka egiten edo egin ondoren. Beraz, sortu duen bero hori xahutu beharko du tenperatura konstante mantendu ahal izateko. Bada, egoera horretan maiztasun garaiko (300-400 mugimendu/minutu) hatsantze mugimenduak egiten ditu, baina, aldiro aldiro utzi egiten dio mugimendu horiek egiteari eta ohiko arnas frekuentziara (30-40 mugimendu/minutu) igaro. Erabatekoa da frekuentzia aldaketa; hau da, 350 mugimendu/minutuko maiztasunetik 35 mugimendu/minutukora igaroten da bitarteko frekuentzietatik iragan barik. Energia gehiegi gastatu beharko litzateke eta bero gehiegi xahutu, beste edozein frekuentziatan zabaldu eta uzkurtuko balu torax-barrunbea. Hori dela eta, eraentze termikoaren behar desberdinei aurre egin behar dietenean, txakurrek ez dute jotzen maiztasun desberdineko hatsantze mugimendurik egitera. Horren ordez, maiztasun garaiko mugimenduen iraupenarekin jokatzea da egiten dutena. Hortaz, bero asko galtzeko beharra dutenean denbora luze egoten dira maiztasun garaiko mugimenduak egiten, eta denbora laburragoak egoten dira behar horiek txikiak direnean. Aukera duzunean, beha itzazu txakur baten arnas eta hatsantze mugimenduak. Berehala konturatuko zara torax-barrunbearen mugimenduak bi maiztasunekoak izaten direla, apala arnasa hartzeko eta garaia tenperatura eraentzeko.
Eta lurruntzen den uraren jatorria da hirugarren xehetasuna. Gizon-emakumeen larruazalean lurruntzen den ura, izerdiarena da. Nondik dator, baina, txakurren sudur epitelioan lurruntzen dena? Dirudienez, sudurraren guruin batek jariatzen du. Hamazazpigarren mendearen geroztik ezaguna da guruin hori, eta beti pentsatu da sudurra heze mantentzea zela bere zeregina. Baina horrez gainera, badirudi sudur-guruinak jariatzen duela sudur-epitelioan lurruntzen den likidoa. Horri esker mantentzen da sudurra heze eta hotz. Azken batean, txakurretan sudur-guruinak betetzen du gizon-emakumeetan izerdi-guruinek betetzen duten zeregin bera.Nesken adimenari buruzko ekarpenari Jesus Marik egin zion oharrean (ez dakit “ohar” ala “tractatus” deitu beharko ez ote nukeen) euskal esaera zahar bat aipatu zuen bukatzera zihoanean: “Munduko bi gauza hotzenak dira txakurraren sudurra eta emakumeen ipurdia”. Berak azaldu zuen, orduan, zein zen emakumeen ipurdia hotz egoteko arrazoia. Txakurren sudurrarenari buruzko azalpena falta zen, beraz. Orain badakizu zergatik dagoen hotz txakurren sudurra.

0 comments: