Monday, June 15, 2009

EHUsfera-ra joan gara

Hemedik aurrera beste toki batean egongo gara. Gure unibertsitateak, -Euskal Herriko Unibertsitateak-, bere blogosfera sortu du eta, normala den bezala, hara goaz. Beraz, hemendik aurrera, hemen aurkituko gaituzu: Uhandreak

Honen gainean "read more..." sakatzean ikusiko dena idatzi



Thursday, June 11, 2009

Bare mamutxa


“Mail Online” egunkariak 2008ko uztailaren hamaikan eman zuen kontu honen berri. Honako hau izan zen berriaren titularra: “'Alien' killer slug with razor-sharp teeth slithering round gardens in the UK” (Labanak bezain zorrotzak diren hortzak dituen bare hiltzaile atzerritarra irristatzen dabil Erresuma Batuko lorategietatik).

Bai, antza denez, 2006an aurkitu zuten lehenbiziko alea baina 2008ra arte ez dute sailkatu eta izena eman. Selenochlamys ysbryda da jarri dioten izena. Zientziarentzat berria da bare hau, eta bere taldekide hurbilenak Kaukason bizi direnez, handik ekarria dela uste dute. Ongarri naturalarekin batera nahi gabe ekarri zutela da espeziea ikertu duten zoologoek uste dutena. Zuri-zuria da eta hori dela-eta, litekeena da kobazuloetan eboluzionaturiko espezie bat izatea. Horren zuria da ezen bare mamutxa deitu baitute barea sailkatu duten zoologoek (Bill Symondson eta Ben Rowson).
Baina titularrak berak dioen bezala, bare horren ezaugarrietako bat, garrantzi handikoa gainera, hortzeria da. Egia esan hortz bakarra du, baina zeregin bera betetzen duten hortz moduko beste zenbait aho-atal ditu eta oso zorrotzak dira, labanak bezain zorrotzak Mail Online-k emandako berriaren arabera. Jakina, horrek badu azalpen egokia, titularrak hori ere adierazten baitigu “killer slug” hitzen bitartez.
Haragijale (eta ehiztaria) baita bare hori. Izan ere, lurpean bizi da eta beste bare eta, batez ere, zizareak ehizatzen ditu. Horretarako mehetu egiten du bere gorputza zizareen zulobideetan sartu ahal izateko. Organo kimiohartzaileak ditu antenetan eta eurei esker aurkitzen ditu bere harrapakinak. Zizare edo bare bat aurkituz gero, iltzatu egiten du aho-atal zorrotzak erabiliz eta, ondoren, zurrupatu egiten ditu harrapakinaren barne fluido eta ehunak, nahiz bizirik dirauen oraindik.
Gure artean ere, bada bare karniboro bat, Testacella generokoa. Selenochlamys bezala, lur azpian bizi da eta zizareak jaten ditu. Honek badu, gainera, beste ezaugarri bitxi bat, maskor txiki bat du gorputzaren atzekaldean. Bareak eta barraskiloak oso antzekoak dira. Izan ere, kaltzioz txiroak diren lurretan bizitzeko moldapena da bareek maskorrik ez izatea; hau da, maskorra egiteko nahikoa kaltzioa ez zegoen tokietan “maskorrik gabeko barraskiloak” sortu ziren. Baina iragapen horretan bada erdiko formarik eta horixe da, hain zuzen ere, Testacella, erdiko forma bat; horrexegatik du maskor txiki bat.
Istorio hau ekarri dugu hona arrazoi batengatik: guk dakigula, hauek dira ezagutzen diren bare haragijale gutxietako bi. Egia da guk ezagutzen ditugun bare arruntek ere haragia (euren espezie bereko kideena, zehatzak izateko) jan dezaketela, baina oso gutxitan egiten dute. Bere jakiaren osagai nagusiak landareak dira, -baserritarrek ondo dakiten bezala-, eta noizean behin, proteinen beharrak errazago asetzeko, beste animalia txikiak edo euren espeziekideak ere jan ditzakete.



Monday, June 8, 2009

Handi izatearen aldekoak (eta txiki izatearenak ere)


Oso erabilgarria da simaurra. Milaka animalia espezie bizi dira simaurretik. Onthofagus generoko espezieek, esaterako, simaurra jaten dute eta bi mila espezie baino gehiago ditu talde honek mundu osotik banatuta. Genero honetako espezieak dira kakalardo pilotagile izenez ezagunak diren intsektu asko; hala ere, izen bera hartzen dute beste generoetako zenbait espeziek ere. Ingelesez duen izena, dung beetle (bekorotzaren kakalardoa), bere izaeraren adierazgarriagoa eta zehatzagoa da seguraski ere.

Espezie hauek dimorfismo sexuala dute. Eraso eta defentsarako erabiltzen duten adar bat dute arrek eta espezietan zehar aldatzen da bere kokapen anatomikoa. Emeek, berriz, ez ohi dute adarrik. Arren garapenak bi ibilbide desberdin jarrai ditzake bere bizizikloaren aldi kritiko batean -larba heldu bihurtzen den unean hain zuzen ere-, gertatzen denaren arabera. Une horretan, sexu-kromosoma egoteak ala ez egoteak baldintzatzen du, hasteko, heldu horren sexua zein izango den. Eta gero, ar horrek ezagunak ez diren baina, seguraski, hormonen menpe dauden zenbait mekanismoren bidez baloratzen ditu gertu dituen energia- eta egitura-baliabideak. Baldin eta baliabide horiek atalase jakin baten gainetik badaude, orduan tamaina handikoa izango da ar hori, eta, espeziearen arabera, adar bat edukiko du. Baina baliabideak atalase horren azpitik badaude, txikia izango da eta ez du adarrik edukiko.
Larbak zaintzea da emearen ardura edo zeregin nagusia. Satsa erabiltzen du larbak elikatzeko, eta larbak sortu aurretik egin dituen zulobideetan sartzen du simaurra. Arrak, bestalde, zulobidearen sarrera zaintzen du, beste arrak sar ez daitezen: horretarako erabiliko du, beharrezkoa bada, adarra. Baina, lehenago esan bezala, ar adardun horiez gain, adar gabeak diren beste ar txikiagoak ere badaude. Ar horiek ahulagoak dira, noski, baina maltzurragoak ere, intsektu bati buruz hitz egiteko berba egokia bada. Izan ere, emeengana iristeko eta ernaltzeko beste zulobide batzuk egiten dituzte ar txikiek. Azken batean, adarrik gabekoak dira, bai, ar txikiak, baina adarra oztopoa izango litzateke isileko modu horretara jokatu ahal izateko. Oso ondo planifikaturiko eta eginiko esperimentuen emaitzetatik atera dira hemen aurkeztu ditugun ondorio horiek. Eboluzio-mekanismoei eta animalien garapen-biologiari buruzko ondorio interesgarriak dira, baina horrez gain, tamainak eta ongizateak berak zenbaitetan jartzen dituen segadei buruzko irakaspenik ere atera daiteke.


Oharra: Argazkia Indiana University-ren webgunetik hartua dago (Courtesy of Indiana University).



Thursday, June 4, 2009

Kakalardo bonba-jaurtitzailea


Carabidae familiakoak ditugu bere babes-kimikorako mekanismoa dela eta izen xelebre hau hartzen duten 500 intsektu espezietik gorako taldeko kideak. Zerbaitek, normalean apo, inurri edo armiarma edo antzeko harrapakariren batek, kaltetuko dituela antzematen dutenean, kakalardo hauek narritagarria den spray kimikoa jaurtitzen diote etsaiari. Babes modua bera deigarria bada ere, are harrigarriagoa da jaurtitzen duten substantziaren tenperatura 100 ºCtik gorakoa dela, eta beraz oso arma indartsua da ia edozein harrapakarirentzat.
Nola ekoizten dute horren kaltegarria izan daitekeen konposatua? Eta nola lortu dute eurei kalterik ez eragitea?


Kontua oso konplexua da, eta horrexegatik erabili izan dute adibide modura kreazionismo eta diseinu adimentsuaren aldekoek, azaltzeko horren konplexua den zerbait hautespen naturalez ezin daitekeela gertatu. Utz ditzagun funts zientifikorik gabeko kontu hauek alde batera eta azter dezagun eraso kimiko honen oinarrian dagoena.
Kakalardo hauen sabelaren atzealdeko muturrean kokatzen diren guruin berezietan ekoizten da aerosol babesgarria. Spraya jaurtitzen dutenean, laino bat bezala ikus daiteke, eta leherketak hots berezia eta entzuteko modukoa eragiten du.
Bi ganbarek osatzen dituzte sekrezio-guruin berezi hauek: ganbara handienean, barrurago kokatzen dena, animaliaren bi guruin bereizietan ekoitzitako hidrokinona eta hidrogeno peroxidoa nahasten dira; kanporago kokatzen den ganbara txikiagoan, berriz, epitelioko zelulek jariatzen dituzten katalasaz eta peroxidasaz osatutako nahaste entzimatiko bat dago. Hidrokinona intsektu askoren metabolimoaren produktuetariko bat da, kitinaren sintesian erabiltzen dena, eta hidrogeno peroxidoa, bestalde, denok ezaguna dugun ur oxigenatua da.
Intsektu hauek mehatxua hautematen dutenean, zenbait muskuku uzkurtuz ganbara handiko likidoa ganbara txikiagoan sarrarazten dute, eta orduan, leherketa gertatzen da, hydrogeno peroxidoa hidrolisatzen hasten delako bapatean eta hidrokinonak oxidatzen, oso erreakzio bortitza eraginez, non bero kantitate handiak askatzen diren. Sortutako gasen presioaren eraginez alde batetik ganbara handiko balbula itxita mantentzen da, eta horrela babestuta gelditzen da, eta bestetik nahaste erasotzailea spray fin bat bezala kanporatzen da beste balbula batean zehar. Ateratzen den benzoquinona eta lurrunaren nahasteak erre egiten du, uraren irekitze-puntuaren tenperaturaren ingurura heltzen baita, eta normalean harrapakariak uxatu egiten ditu.
Kakalardoek hainbat aldiz erakus dezakete babes erantzun hau eta gainera bonba-jaurtiketa ia edozein norantzan zuzen dezaketela ikusi da, harrapakariaren mugimenduen arabera eraso kimikoaren norabidea aldatuz. Afrikako zenbait kakalardo bonba-jaurtitzaileek 270 graduko errotazio-ahalmena dute, eta beraz guruinaren irekitze-gunea ia edonorantz bideratu dezakete.
Hain da lehertze-mekanismo eraginkorra animalia hauek erabiltzen dutena, ezen 2004an abiatu zen Leedseko Unibertsitatean 135.000 liberako finantziazioa jaso zuen proiektu bat, animalia hauen konbustio-mekanismoak industria aeronautikoan izan ditzakeen aplikazioak aztertuko dituena. “Learning from controlled explotions in nature: modelling the catalytic explosion device of bombardier beetles” da ikerketa-lanaren izena eta gero eta gehiago garatzen ari den biomimetikaren arloan sakonduko du.
Hurrengo helbide honetan ikus daiteke nola erabiltzen duen kakalardoak bere errifle kimikoa zenbait etsairen aurrean. Hala ere, bada honi aurre egiteko trebezia garatu duenik ere... http://www.youtube.com/watch?v=1C5CYRV-tvY



Monday, June 1, 2009

Bizirik iraun urik edan gabe


Ipar amerikako hegomendebaldeko basamortuetan bizi diren kanguru arratoiak (Dypodomys generokoak) asteetan eta hilabeteetan egon daitezke urik edan gabe. Hori bai, hazi eta landare lehorrak jaten dituzte euren metabolismoa asetzeko beharrezkoa den energia lortzeko.
Kanguru arratoiak deritze euren aurreko hankak oso oso laburrak baitira, eta atzeko hanka bereziki luzeekin jauziak eginez mugitzen direlako, kanguruen antzera. Animalia txikiak dira (10-20 zmkoak, gehienetan 100 gramotik berakoak) eta oso aktiboak, karraskari guztiak bezala, eta beraz energia-eskari garaiak dituzte. Izatez, animali hauek ez dira beste gehienak baino lehorragoak; euren ur edukina normaltzat har daiteke ugaztunen artean (% 66 inguru). Eta ur proportzio hori mantendu egin dezakete nahiz eta ura eskuragarri ez izan. Are gehiago, janari lehor nahikoa izanez gero, animalia hauek ez dute pisurik galtzen, eta irabazi ere egin dezakete. Eta horrek zera esan nahi du, ur galerek ez dituztela ur sarrerak gainditzen. Nola gerta daiteke ur balantze negatiborik ez izatea, ura gertu ez duten egoera horretan?


Azter ditzagun ur sarrerak eta ur galerak kontu hau argitzeko: ur askerik ez dagoen egoera batean, animalia hauek lor dezaketen ur bakarra jakiak berez duena, gehi jaki horren oxidazio-prozesuen ondorioz lor daitekeena da. Elikagaiek berez dutena inguruko hezetasun-mailaren araberakoa da. Bestalde, jakiaren katabolismoaren ondorioz lortzen dena, ur metabolikoa deritzona, jakiaren konposizio biokimikoaren araberakoa da; jaki mota aldatzen ez bada, hortaz, konstantea izango da jakiaren masa unitateko lor daitekeen ur metabolikoaren kantitatea. Argi dago beraz kanguru-arratoiek jaten dituzten elikagaietatik beste edozein animaliak lor dezakeen ur metabolikoaren kantitate berbera lor dezaketela, ez gehiagorik.
Hori horrela, ur sarrera mugatua dagoen egoera batean, horrenbeste ez galtzean datza ura aurrezteko modu bakarra. Ikus dezagun nola lortzen duten basamortuetako biztanle hauek ur-galerak murriztea: Alde batetik horretara zuzendutako bizimodua dute, gauez besterik ez dira ateratzen euren habietatik, tenperatuta horren garaia eta hezetasuna horren apala ez denean hain zuzen ere. Bestetik, urarekiko oso iragazkorra den azala dute, eta beraz apenas galtzen dute ura tegumentutik zehar.
Baina zer gertatzen da ezinbestekoak diren ur galerekin? Hau da, gorotzetan, gernuan eta arnas-azaleran gertatzen diren ohiko ur-galerekin? Kanguru-arratoiek ekoizten dituzten gorotzak oso lehorrak dira eta horietan galtzen den ur kantitatea arbuiagarria da.
Arnasketan gertatzen da ekidin ezineko ur-galerarik handiena (>%50). Arnasa hartzeak beti eragiten du ura lurruntzea. Prozesu horretan galdutako ur kantitatea eguraste-bolumenaren menpekoa da eta eguraste-bolumena oxigeno-kontsumoaren araberakoa; Bestalde, kanguru arratoiek eskari metabolikoa garaiak dituzte, oso aktiboak izateaz gain animalia txikiak baitira. Nola lortzen dute orduan arnasketaren ondorioz lurrundutako ur kantitatea murriztea? Batez ere gorputz-tenperatura baino hotzagoa den airea kanporatuz: biriken tenperatura ohikoa bada eta urez saturatuta badago ere, sudurretik pasatzerakoan hoztu egiten da. Arnasa-hartzerakoan airearen pasabideko paretek beroa eta ura galtzen dute airea berotuz eta urez saturatuz, eta gertatzen den lurruntze prozesuari esker inhalaturiko airearen tenperaturaren azpitik koka daiteke pasabideko hormaren tenperatura. Arnasa botatzerakoan, biriketatik datorren aire bero eta uretan saturatuak azalera hotz hautatik pasaerazten da, hoztuz eta ura hormetan kondentsatuz. Airea zenbateraino hozten den aldatu egingo da inhalaturiko airearen tenperatura eta hezetasunaren arabera.
Mekanismo hori animalia guztiek erabil dezakete berez, baina zenbat eta airearentzako pasabideak hestuagoak izan eta elkartrukerako azalera zabalagoa, karraskari txikietan bezala, indartsuagoa da bere eragina. Izan ere, laborategiko arratoien kasuan kanguru-arratoiaren kasuan bezain eraginkorra da.
Orduan, ur askerik ez dagoen baldintzetan zergatik deshidratatzen dira arratoi arruntak eta ez ordea kanguru-arratoiak? Erantzuna saihestezina den hirugarren ur-galeraren murrizteko gaitasunean dago. Lehengusuen arteko desberdintasun nagusia honetan datza hain zuzen: basamortuko biztanle txikiek duten gernua izugarri kontzentratzeko ahalmenean. Animalia hauek odola bera baino 14 aldiz kontzentratuagoa den gernua ekoiz dezakete. Horretarako, oso Henle bihurgune luzeak dituzten nefronek osatzen dituzte euren giltzurrunak, eta horien lanari esker gernuaren kontzentrazioa 4000-5000 miliosmolarreraino iritsi daiteke. Erreferentzia bat izateko, gizakiak 4 aldiz , arratoi arruntak 9 aldiz, eta katuek 10 aldiz kontzentratuagoa den gernua kanpora dezakete, hau da, askoz ur gehiago behar dute solutu kontzentrazio berbera iraizteko. Kontuan hartuta basamortuko baldintzetan ur galerak murriztea hil ala biziko kontua dela, orain badakigu zergatik bizi eta ugal daitezkeen kanguru arratoiak medio horretan eta ez ordea beste animalia asko.
Azaldutako guztia ohiko baldintzen menpe gertatzen da, zeren baldintza bereziek eragin dezakete ur beharrizanak emendatzea. Adibidez, kanguru arratoi emeek, ugal sasoian, udaberri goienean, ohikoa baino ur askearen beharrizan garaiagoak dituzte esnea ekoizteko; hori dela eta, berdeak edo behintzat hezeagoak diren landareak jan behar dituzte ur balantzea mantentzeko.



Thursday, May 28, 2009

Komodoko herensugearen ehizatzeko modua


Animalia mitikoa da Komodoko herensugea (Varanus komodoensis). Ez da egiazko herensuge bat, Varanidae familiako muskerra baita, dagoen muskerrik handiena. Hiru metroko luzera izan dezake eta 80 kiloko pisua (zenbait erreferentziaren arabera 140 k edukitzera hel daiteke). Indonesiako lau uhartetan bizi da: Komodo, Rinca, Gili Motang eta Flores (Flores-eko gizakiaren uharte bera) eta desagertzeko arriskupean omen dago.
Animalia sarraskijalea da, baina harrapakaria ere izan daiteke. Hala ere, Komodoko herensugeak ez du egiten ohiko harrapakariek egiten duten bezala; beste era batera jokatzen du. Izan ere, “eseri-eta-itxaron” (sit-and-wait) harrapakarien jokaera izaten du eta horrela jokatzen duenean, harrapakina ez du erailtzen kosk egiterakoan. Zauritu egiten du eta, nahiz harrapakinak alde egiten duen, hil egiten da hortik denbora laburrera. Komodoko herensugeak harrapakinaren aztarna jarraitu behar du orduan, baina ia beti aurkitzen du gorpua.
Komodoko herensugea askotan atera dute naturari buruzko dokumentaletan, eta honakoa da berari buruz ematen duten azalpena: Varanus komodoensis-ek hortz zorrotzak ditu, oso zorrotzak, baina ez du indar handiegirik egiten masailezurrekin. Horregatik alde egiten dute harrapakinek hasieran, herensugearen indarra ez omen baita harrapakina geldiarazteko nahikoa. Dokumental horien arabera, odola ez gatzatzeko entzimak eta bakterio toxikoen multzo bat txertazen dizkio harrapakinari kosk egiterakoan. Bakterioen eragina bat-batekoa ez denez, denbora igaro behar da zoldura hedatu eta zolduraren ondorio hilkorra gertatu arte. Horrelaxe aurkeztu dute dokumentalek Komodoko herensugearen elikatze jokaera, eta ezaugarri horiei esleitu diete bere ehizatze estrategiaren arrakasta.
Gauzak, baina, ez omen dira gertatzen horrela. Egunotan jakitera eman den ikerketa baten arabera, arruntagoak dira izan ere. Pozoia baita, eta ez bakterio toxikoen multzoa, harrapakina hiltzen duena. Horixe da Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkariaren argitalpen elektronikoan argitaratu berri den artikulu batek azaldu duena (DOI: 10.1073/pnas.0810883106). Lana egin duten ikertzaileek hildako ale baten burezurraren anatomia aztertu zuten hasiera batean eta orduan ikusi zuten pozoi guruinak zituela. Gero, gainera, pozoi guruinak kendu zizkioten hiltzear zegoen beste ale bati eta pozoiaren ezaugarriak aztertu ahal izan zituzten horrela. Beraz, Komodoko herensugea animalia mitikoa da, bai, baina ez da uste zen bezain misteriotsua, ehizatzeko moduari dagokionez, behintzat, narrasti arrunta baita.
Oharra: argazkia Dezidor-ek egin du (http://cs.wikipedia.org/wiki/Wikipedista:Dezidor)



Monday, May 25, 2009

Iragazle erraldoiak



Iragazle mikrofagoez aritu ginen aurreko sarrera batean baina mikrofagoak, -edo mikrofago hutsak-, ez diren animalia iragazleak ere badira; oso ezagunak gainera. Zenbait arrain elikatzen dira ura iragaziz. Horien artean daude marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus) (13 m-ko luzera) eta marrazo balea (Rhincodon typus) (23 m-ko luzera), ozeanoetako arrainik handienak, hain zuzen ere. Uretan igeri egiten edo igeri egoten bizi diren animalia txikiak (baina ez, halabeharrez mikroskopikoak) iragaziz elikatzen dira biak.
Hegaztien artean ere badira animalia iragazleak, flamenkoak (Phoenicopterus generokoak) bezala. Mokoaren lamelei esker harrapatzen dituzte ur esekiduran eta jalkinetan bizi diren alga eta krustazeo txikiak. Iragazi egiten dituzte eta, iragazteaz gain, jateko onak direnak hautatu eta baliorik gabeko jalkin-partikulak baztertu egiten dituzte.
Iragazle handienak, baina, baleak dira, munduko animalia handienak, hain zuzen ere. Euphasiacea ordeneko kideak diren “krill” izeneko krustazeo txikiak jaten dituzte baleek; izkirak dira, 3-5 cm-ko luzerakoak. Antartiko Itsasoan 500 milioi tona krill daudela kalkulatu da. Multzotan egoten dira eta multzo bakoitzak bi milioi tona izan ditzake. Balea urdinak eguneko lau tona jaten du.
Baleek migrazio bidaia oso luzeak egiten dituzte. Udaberrian poloetara hurbiltzen dira, janari ugaria baitago udaberrian eta udaren hasieran zehar. Poloen inguru horietan hiru bat hilabete ematen dute eta jaten dutenari esker gantz erreserba handiak pilatzen dituzte. Gantz horren funtzioa bikoitza da, gainera. Batetik, larruazalaren azpian gordetzen dutenez, isolatzaile termiko aparta da eta hori oso ondo datorkie ur hotz horietan bizi ahal izateko. Eta bestetik, udaren amaieran migratzen dute berriro eta alde tropikal edo azpitropikaletara abiatzen dira, ugaltzera. Ugal sasoian kasik ez dute jaten baina larru azpiko lipido-geruza ur epeletan behar ez dutenez, ugal sasoian zehar balearen energi iturri nagusia bilakatzen da koipe edo gantz hori.Azkenean, ura iragaziz harrapaturiko krill hori da baleen energi iturri nagusia, bai itsas hotzetan bizi diren bitartean bai eta, geroago, ugal sasoia heltzen denean ere.



Wednesday, May 20, 2009

Water, water, everywhere. Nor any drop to drink.


Hauek dira S. M. Coleridge poetak idatzitako ospe handiko “The Rime of the Ancient Mariner” poematik ateratako hitzak. Aspalditik dakite marinelek itsas ura edatea urik ez edatea baino kaltegarriagoa dela.
Zenbait animaliek badute itsas ura bezain gazia den likidoetatik ur purua ateratzeko modua. Hori soilik egin dezakete ur gaziak dituen gatzak kanporatzen irentsitakoa baino ur kantitate txikiagoa erabiltzen duten animaliek. Baina ez da hau gizakiaren kasua.


Kontua hurrengoa da: gure giltzurrunak ekoiz dezakeen gernuko kloruro ioiaren kontzentraziorik garaiena itsas-urak duen Cl- kontzentrazioa baino baxuagoa da. Ondorioz, itsas ura edatean pertsona batek izango lukeen kloruroaren emendioa kanporatzeko, kloruro hori lortzeko edan duena baino ur gehiago eskretatu beharko luke gernuan, eta horrek ur balantze negatiboa ekarriko luke. Beste modu baten esanda, gehiegizko kloruroa kanporatzeko, gizakiaren beraren ehunetako uraren parte bat ere erabili beharko litzateke, pertsona hori deshidratatuz.
Itsastarrak diren eta euren barne medioa itsas ura baino diluituagoa duten zenbait animaliek badituzte ingurumen kontzentratuari aurre egiteko hainbat bide. Horietako batzuk azaldu dira aurreko zenbait ekarpenetan, eta labur esateko, askok arazoa saihestu egiten dutela ikusi da. Hau da, ahal dutenean, ekidin egiten diote itsas ura edateari, horrek eragiten duen zama osmotikoa saihestea delarik helburua. Hala ere, eta besterik gelditzen ez zaienean, batzuk badute gehiegizko gatz-sarrerari aurre egiteko gaitasuna: horien artean itsas ugaztun batzuk baditugu, eta horiek dira gizakitik hurbilago daudenak.
Zer da, hortaz, guk ez bezala baleek duten moldapena itsas ura baliatzeko? Ugaztun guztiok dugu geure odola baino kontzentrazio altuagoko gernua ekoizteko ahalmena, baina kontzentrazio-gaitasun hori desberdina da ugaztunetan zehar. Gernua kontzentratzeko kapazitate hori gure giltzurrunaren ezaugarri morfologiko eta funtzional batean oinarritzen da, Henle bihurgune izena duena, eta soilik hegazti eta ugaztunen giltzurrunetan aurki daiteke. Horrexegatik bakarrik hegaztiek eta ugaztunok ekoiz dezakegu gure barne medioa (odola) baino gatz kontzentrazio garaiagoa duen gernua. Kontua da Henle bihurguneari esker erdietsi den kontrentrazio-ahalmen hori neurri desberdinean garatu dela animalia talde desberdinetan.
Horrela, baleek eta beste zenbait ugaztun itsastarrek, itsas ura edan dezakete, euren giltzurrunaren jardueraren ondorioz gatzak gernuan asko kontzentratuz itsas uraren gatzik gabeko uraren parte bat lor dezaketelako: itsas uraren kontzentrazio osmotikoa 1000 miliosmolarrekoa da, eta itsas ugaztun hauek 1200-1500 miliosmolarreko kontzentrazioa duen gernua ekoiz dezakete. Giltzurrunaren lan osmotiko handi horri esker, hortaz, itsas uraren litro bakoitzeko, gutxi gora behera 300 bat ml ur “aske” lor dezaketela kalkulatu da. Gizakiaren kasuan, ordea, gure giltzurrunek odola (300 miliosmolar inguru) baino kontzentratuagoa den gernua ekoiz badezakete ere, ezin dute itsas ura bezain kontzentratua den fluidoa ekoitzi, eta beraz gehiegizko gatzak kanporatzeak ur galera netoa dakar. Argi dago, beraz, zergatik gizakia ezin den animalia itsastarra izan.



Monday, May 18, 2009

Itsasoa garbitzen


Ura iragaziz elikatzen dira animalia asko; urtarrak dira horietako gehienak. Ur bolumen handitan esekita dauden janari-partikulak harrapatzen dituzte ur hori iragaziz eta, hartu ondoren, ingeritzen dituzte. Ur masa naturaletan partikula asko daude esekita. Mikroskopikoak dira eta oso garaiak izan daitezke euren kontzentrazioak. Ur mililitroko ehun mila partikulatik gora egon daitezke uhertasun handiko uretan, eta mililitroko bost mila partikulatik gora izan ditzake oso garbi dagoen urak ere.
Belaki, bibalbio, krustazeo, eta beste zenbait taldetako espezie asko elikatzen dira horrela. Talde bakoitzak metodo bat erabiltzen du iragazi behar den ura ponpatzeko, baina gehienek ura mugiarazten dute zilio edo luzakin berezien mugimenduen bitartez. Janariaren ezaugarriei dagokienez, era askotakoak dira animalia iragazle horiek jaten dituzten partikula mikroskopikoak. Beren elikatze balioaren ikuspuntutik mikroalgak izaten dira garrantzizkoenak, baina mikroalgez gain, partikula detritikoak ere badira, mota askotakoak gainera. Kalitate handi zein apalekoak izan, janari dira partikula horiek, materia organikoz osatuak baitira. Partikula organikoez gain, materia ezorganiko partikulatua ere bada ur esekiduretan, eta materia horretan ere atxekita egoten da materia organikoa, janari diren bakterioez betea gainera. Modu batera edo bestera, asko dira esekita dauden partikulak eta nolabaiteko elikatze balioa dute gehienek.
Animalia iragazleak planktonikoak izan daitezke edo bentosaren partaideak. Oso ugariak dira kopepodo planktonikoak, adibidez, eta oso garrantzitsua da sare trofikoan betetzen duten funtzioa. Kopepodoak eta eurak bezalako beste artropodo planktoniko txikiak arrain askoren eta beste zenbait harrapakariren janari dira. Hortaz, lehen mailako ekoizle (mikroalgak) eta bigarren mailako beste ekoizle zenbaiten arteko (zenbait arrain) lotura egiten dute.
Iragazle bentonikoak ere garrantzi handikoak dira. Bibalbioak dira ugarienak, baina horiez gain beste zenbait espezie daude, belakiak, gasteropodo iragazleak, lanpernak (artropodoak) edo aszidiak bezala. Lehen esan bezala, bibalbioak dira iragazle bentoniko ugarienak eta ura ponpatzeko ahalmen ikaragarria dute. Adibide gisa esan daiteke gramo bateko masa lehorra (maskorra kenduta) duen muskuilu batek bi edo hiru litro ponpa ditzakeela orduko. Hau da, bi edo hiru litro ur ,-edo gehiago ere-, igaroarazten ditu bere brankietatik, brankiak baitira bibalbioen iragazkiak. Horrek esan nahi du tamaina horretako muskuilu batek 60 litro ur ponpa eta iragaz ditzakeela egun batean. Hori dela eta, eragin handia dute bibalbioek estuario, badia eta horrelako ekosistemetan. Bi adibide ikusiko ditugu hemen.
Arosako Itsasadarrak 4.335 milioi metro kubiko ur ditu eta 23 egun behar dira, gutxi gora behera, ur bolumen hori berriztatzeko. Ekoizgarritasun handikoa da eta 7.000 milioi g-koa da estuarioan kultibatzen diren muskuiluen biomasa (maskorrarik gabeko masa lehorra); jakina, margol eta txirla populazio handiak ere badira Arosako itsasadarrean, baina horiek ez ditugu hemen kontuan hartu. Bada, eguneko 350 milio metro kubiko ur iragazten dituzte muskuilu horiek eta 12 egun behar dituzte itsasadarraren ur osoa iragazteko, badiaren ura berriztatzeko behar den denboraren erdia, hain zuzen ere.
Oosterschelde da Herbehereetako estuario handienetako bat. Hango biztanleak ekaitzetatik eta uholdeetatik babesteko egin diren lanen ondorioz, nahikoa itxita geratu da azken hamarkadetan. Bere ur bolumena 2.740 milioi metro kubikokoa da (Arosako itsasadarraren erdia) eta 40 egunekoa da ur horren bataz besteko egonaldia estuarioaren barnean. Bada, 8.500 milioi g-koa da estuarioko berberetxo eta muskuiluen biomasa. Bibalbio horiek 740 milioi metro kubiko ur iragazten dituzte eta, beraz, 4 egun baino gutxiago behar dituzte ur guztia iragazteko, itsasadarraren ura berriztatzeko behar den denboraren hamarren bat, gutxi gora behera.Bi adibide horietan ikusi ditugun ura iragazteko denborak ez dira muturrekoak; badira denbora laburragoak eta luzeagoak ere, baina gehienak Oosterschelde edo Arosako itsasadarretan kalkulatu diren bezalakoak dira. Bada, denbora horiek argi adierazten dute zein neurrikoa izan daitekeen bibalbioen jardueraren eragina. Jarduera horri esker esekita dagoen materia partikulatua, -etengabe sortzen ari den edo ibaiak dakarren materia partikulatua-, iragazi egiten da. Adibide gisa, ikus honako datuak: Gernikako Itsasadarrean dauden bibalbioek, oso gutxi badira ere, 1’2 milioi metro kubiko ur iragazten dute eguneko eta esekita dagoen materia partikulatuko 4 Tn (masa lehorra) hartzen dute ur masatik denbora horretan. Bibalbioen jarduerei esker, ura garbiago mantentzen da, elikagaiak arinago birziklatzen dira eta, hori dela eta, lehen mailako ekoizpena sustatu egiten da.
Irudia "summer" izeneko argazkigilearena da eta http://flickr.com/photos/79387032@N00/2155710553/ webgunetik hartua dago eta Creative Commons 2.0 motako baimenaren baldintzen arabera erabil daiteke.



Thursday, May 14, 2009

Eguzkiak elikaturiko itsas barea


Elysia chlorotica itsas bare bat da, baina ez da bat ere arrunta. Eguzki instalazio bat izango balitz bezalakoa da edo, hobeto esan, landare baten antzera jokatzen du. Horixe da James Manhart (Texas A&M University) ikertzaileak uste duena, bederen.
Landareek eguzki argia hartzen dute plastoei esker eta energia kimiko bihurtzen dute fotosintesiaren bitartez. Ezaguna denez, animaliek ezin dute hori egin eta landareak edo beste animaliak kontsumitu behar dituzte euren energia beharrak asetzeko. Itsas bare honek, baina, ez du jokatzen beste animalia gehienek bezala. Bere janari nagusia alga bat da, alga jakin bat. Ebaki bat egiten dio algari, zitoplasma zurgatu eta gehiena digeritzen du; gehiena, baina ez osoa, plastoak ez baititu digeritzen; gorde egiten ditu.
Itsas bareak gorderiko plastoek fotosintesizatzen jarraitzen dute eta horrela sorturiko materia da Elysia chlorotica-k elikatzeko erabiltzen duena. Hori dela eta, eguzki instalazio bat bezalakoa da barea, landareak bezala bere jana sortzeko gai baita.
Itsas barea algaren guztiz menpekoa da bizirik irauteko. Hasieran, hazteko eta heldutasunera iristeko, alga behar du janari gisa. Gero, algatik plasto nahikoak erdietsi dituenean, eurek egiten duten fotosintesiari esker lortzen ditu bizitzeko behar dituen energia eta elikagaiak. Energia-autonomia lortu ondoren, bederatzi hilabetetan zehar bizi daiteke eguzki-argia hartuz eta fotosintesia eginez, landareek egiten duten era berean.
Aurreko artikulu batean eguzkia hartzen duen zizare baten istorioa azaldu genuen. Pentsa liteke hura eta hau istorio berdinak direla. Ez, ez dira berdinak. Zizare hark algak jaten zituen, itsas bare honek bezala, baina harek algak gordetzen zituen, osorik, sinbiosi harremana mantentzen zuelarik, baina honek ez du inolako sinbiosirik egiten algarekin. Jan eta erabili egiten ditu algak, bai, baina algek ez dute ezer lortzen horren truke. Bestalde, zizarearen kasuan zizarea ez zen fotosintesia egiten zuena, algak baizik. Oraingo kasu honetan, ordea, barea da fotosintesia egiten duena; algek zituzten plastoei esker egiten du, bai, baina berak egiten du.

Oharra: Texas A&M Univertsitateak eman zuen hemen aurkeztu dugun istorioaren berri 2008ko abenduaren 3an, eta informazio gehiago eskura daiteke “Solar-powered Sea-slugs Live Like Plants” artikulua irakurriz Science Daily webgunean.

Irudia “Not exactly rocket science” blogetik hartua da.



Monday, May 11, 2009

Eta itsas sugeek, ura edaten dute?


Aurreko sarrera batean galdetu genuen ea izurdeek ura edaten duten ala ez eta bukaeran esan genuen gauzak ez zeudela oso argi. Itsas sugeek antzeko arazoari egin behar diote aurre, noski, euren barne medioa baino kontzentrazio osmotiko garaiagokoa baita itsasoko ura. Itsas sugeak deshidratatzeko arriskuan daude, egon ere, gorputzetik kanpora irteteko joera baitu urak.
Kobrak, manbak eta koral sugeekin batera, Elapidae familiako kideak dira itsas sugeak. Hirurogei espezie dira, gutxi gora behera, eta pozoitsuak guztiak. Jatorri lehortiarra dute baina gehienek itsasoan ematen dute bizi osoa edo ia osoa. Gehienak bizierditzaileak izanik, itsasoan erditzen dute, igeri egiten duten bitartean; gutxi batzuek, berriz, arrautzak jartzen dituzte eta biziaren zati txiki bat lehorrean ematen dute.
Urteetan zehar pentsatu izan da itsas sugeek itsas ura edaten dutela euren ur beharrak asetzeko. Jakina, portaera horrek gatzak kanporatzeko sistema eraginkorra beharko luke eta, hori dela eta, sugeen gatz guruinek gatzak hartu eta jariatuko lituzketelako ustea zegoen. Hiru espezierekin egindako esperimentuetan, baina, itsasoko urik edaten ez dutela behatu ahal izan da. Taiwan-etik hurbil harrapatu zituzten sugeak eta gatibu mantendu zituzten itsasoko ura edaten ote duten frogatu ahal izateko. Oso argia izan zen emaitza: bai eta oso egarri egonda ere, ez zuten itsas urik edan, ur geza edo, gehienez ere, ur gazi-geza oso diluitua onartzen zuten soilik.
Izan ere, itsas sugeen banatze geografikoa azaltzeko gakoak izan litezke esperimentu horien emaitzak. Gune (patch) mugatuetan banatzen dira itsas sugeak eta oso ugariak dira alde euritsuetan. Seguraski, gainera, kostaldetik sortzen diren iturbegi edo korronteen ur geza baliatzen dute ura edateko, askoz ere itsas suge gehiago aurki baitaitezke horrelako ur gezaren emariak hurbil dauden aldeetan. Bestalde, pentsatzekoa da itsaso irekian dauden sugeek euri jasa handien ondoren geratzen den ur gezaren goiko geruza ere baliatzen dutela azpiko ur gaziarekin nahastu baino lehen.
Ondorio horien aurrean, hala ere, zalantza bat gelditzen da: zertarako behar dituzte suge horiek gatz guruinak? Bada, baliteke guruin horien betebeharra eraentze ionikoa izatea eta ez, orain arte uste izan den bezala, eraentze osmotikoa; hau da, baliteke ioi jakinen balantzea matentzea izatea euren zeregin nagusia, eta ez kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea.
Beraz, hasierako galderari eman behar zaion erantzuna baiezkoa da, ura bai edaten dute, baina ez ur gazia. Ez dakiguna da bestelako itsas narrastiek zer egiten duten, balitekelako itsas sugeekin gertatzen den gauza bera gertatzea.


Hemen aurkeztu dugun istorioaren berri eman zuen Floridako Unibertsitateak 2008ko azaroaren zortzian, eta Science Daily webguneak argitaratu zuen "Sea Snakes Seek Out Freshwater To Slake Thirst" izenburuko sarreran.



Thursday, May 7, 2009

Izokinaren lan astunak


Aurreko sarrera batean arrain katadromo eta anadromoei buruz aritu ginen. Espezie anadromo batez, izokinaz, arituko gara oraingo honetan. Anadromoa izanik, harreman konplexua eta aldakorra du izokinak ingurumenaren kontzentrazio osmotikoarekin. Aurreko beste bi sarreretan azaldu ditugu ur gezetako arrainek (“Mira cómo beben…”) eta itsas arrainek (“Itsasoan urak handi…”) dituzten arazoak urarekin eta gatzekin. Izokinak arazo berberak ditu, baina beste modu batera: orain batzuk eta gero besteak. Meritu handiagoa, beraz, izokinarena!Izokinak ibaietan ateratzen dira arrautzetatik eta ibaietan ematen dituzte beren bizi zikloaren lehen aldiak. Izokin horiei “parr” izena ematen zaie. “Parr” izeneko izokin gazteek, ur sarrerari ekidin behar diote eta gatzen galeraren arriskuaren aurka borrokatu behar dute, beste ur gezetako arrainek bezala. Baina gauzak aldatuko dira itsasora doazenean, itsasoko uraren gatzen kontzentrazioa oso garaia baita, izokinaren barne fluidoena baino askoz ere garaiagoa.
Hori dela eta, bere ur eta gatzen balantzeari dagozkion lanak aldatu behar ditu izokin gazteak itsasora joateko prestatzeko. Hortaz, ura ez edatetik ura edatera, kontzentrazio apaleko gernu asko ekoiztetik kontzentrazio garaiko gernu gutxi ekoiztera eta, -deigarriena dena-, brankien bitartez gatzak eskuratzetik, gune beretik gatzak kanporatzera igaro behar dute. Edatearen kontua erraz alda daiteke, jokaera bat baino ez da; eta gernu kontzentrazioari zein ekoizpenari dagozkienek ere, ez dute aparteko zailtasunik. Baina korapilotsuagoa da hirugarren aldaketa.
Ur gezetako arrainen brankien epitelioko zelulek sodio eta kloruro ioiak barneratzen dituzte. Eta aurkako lana egiten dute itsas arrainen brankien epiteliokoek. Beraz, aurkako lana egin behar dute izokinen brankiek egoera batean eta bestean. Hori egin ahal izateko ezin erabil ditzakete zelula berdinak. Hortaz, kontzentrazio batetik bestera igarotzeko, gatzak kanporatzen dituzten zelula berriak sortzen ditu brankiaren epitelioak, “kloruro zelulak” izenekoak. Hormonen kontrolpean daude bai kloruro zelulak sortzea bai eta beste egitura anatomiko edo ezaugarri berriak garatzea ere. Aldaketa horiek guztiak gertatu ondoren itsasoratzeko prest dago izokina. “Smolt” izena ematen zaio orduan.
Kontu horiek guztiak ondo ezagutzen dira egun, izokinen hazkuntzarako ezinbesteko ezagutzak baitira. Izan ere, izokinen biologia ezezaguna zenean, haztegietan hiltzen ziren izokinak askotan. Bizi ziklo osoa bete behar da espezie honen hazkuntza intentsiboan, eta horretarako, ur gezatik ur gazirako iragapena kontrolpean egin behar da urmaeletan. Espeziearen biologia ezezaguna zenean, uraren gazitasuna arinegi aldatzen zen askotan, izokinak prest egon gabe. Eta parr gazteak hil egiten ziren orduan. Hori dela eta, izokinen hazkuntza ez zen arrakastatsu bilakatu parr-smolt iragapenaren xehetasunak ondo ezagutu arte. Geroztik, etengabe joan da gora izokinaren hazkuntza. Izan ere, munduan gehien kultibatzen den itsas arraina da eta, Europan adibidez, hazkuntza jarduera guztien salmentaren ia erdia dagokio izokinen hazkuntzari.
Argazkia: Hans-Petter Fjeld (Creative Commons Attribution Sharealike 2.5)”



Sunday, May 3, 2009

Ur ontzia den igela


Anfibioen larruazala iragazkorra da oso. Izan ere, iragazkortasun handi horri esker larruazalak garrantzi handia du anfibio askoren arnas elkartrukeetan. Baina, era berean, lehorrean ur asko galtzen dute larrualean zehar, urarekiko iragazkorra baita larruazal hori. Azken batean, eta beste atal batean esan dugun bezala, orokorrak izaten dira iragazkortasunak; hau da, gasekiko iragazkorra den zerbait, urarekiko iragazkorra ere izaten da gehienetan.
Ura galtzeko arriskua handia da, eta izatez, galera handiak jasan behar izaten dituzte urlehortar gehienek. Galera horien tamainaren neurria emango digu honako zehaztapen honek: ingurumen baldintza berdinen menpe egonik, sugandila batek galtzen duena baino 40-50 bider handiagoa da tamaina bereko igel batek lurrunketaz galtzen duen ur bolumena. Ez da harritzekoa, beraz, urlehortar gehienek ur galerarekiko jasankortasun handia edukitzea, hau da, anfibioek beste animaliek baino ur gehiago gal dezakete aparteko kalterik jasan gabe.
Ur galerarekiko jasankortasun hori, neurri batean behintzat, urlehortarrek dituzten nolabaiteko ur biltegi bereziei dagozkie. Esaterako, plasma da horietako biltegi bat. Norbaitek pentsa lezake hori edozein animaliaren ezaugarria dela eta horretan urlehortarrek ez dutela inolako berezitasunik. Bada, desberdina da anfibioena. Izan ere, hidrataturik daudenean, urlehortarren plasmaren kontzentrazio osmotikoa oso apala da, ornodun guztien artean apalena. Horrek esan nahi du legokiokeena baino ur gehiago gordetzen dutela plasman[1], eta lurrunduz gero, odolaren kontzentrazio osmotikoa ez dela gehiegi igotzen. Beraz, ez da inolako gehiegikeria esatea plasma erabiltzen dutela ur biltoki gisa.
Baina gauzak ez dira hor amaitu. Plasmaz gain badituzte bestelako ur biltegiak ere. Horietako bat gernu puxika da, gernua bera izan baitaiteke ur iturri bat. Hau da, ura galtzen ari direnean eta edanez edo larruazaletik berreskura ezin dezaketenean, gernuaren ura berreskura daiteke puxikatik. Gernuaren bolumenaren erdia berreskuratzera irits daitezke ur beharrak handiak direnean. Bestalde, puxikaren zeregin horren garrantzia nabarmen geratzen da uretako eta lehorreko anfibioak erkatzen direnean. Izan ere, uretako anfibioen puxikaren kapazitatea lehorreko anfibioena baino 50 bider txikiagoa izan daiteke.
Azkenik, barrunbe peritoneala erabil dezakete zenbait urlehortarrek ur biltegi gisa. Horrenbesterako garrantzia izan dezake horrek ezen Cyclorana platycephalus igel australiarrak itxura esferikoa hartzen baitu urez betetzen denean. Eta azken datu hau ez da txantxetakoa: Australiako bertatiarrek edateko ur iturri gisa erabiltzen zuten Cyclorana platycephalus. Esan beharra dago, hala ere, oso berezia dela igel australiar hori. Urlehortarra izanik izugarrizko moldapenak garatu ditu lehorteari aurre egin ahal izateko. Zeren egoera benetan larritzen denean oso modu berezian egiten baitio aurre sasoi lehorrak dakarren ur eskasiari. Ur peritoneala eta puxikarena agortzen zaionean, lurperatu egiten da, gero, larruazala aldatzen du eta mukiz estali osorik; horrela gogortu egiten da eta urarekiko irazkaitz bihurtu. Geruza horren barruan hilabeteak eman ditzake euria itzuli arte.

[1] Ur gezetako arrain gehienen odolaren kontzentrazio osmotikoa 300 miliosmolar baino garaiagoa den bitartean, 200 miliosmolarretik hurbil dago ondo hidrataturiko urlehortarrena. Hau da, esan genezake euren ur edukia arrainena baino ia %50 garaiagoa dela. Bestalde, 450 miliosmolar arteko plasma kontzentrazioa jasan dezakete igelek hil gabe; hau da, heriotzera iristeko, plasmaren ur erdia galdu beharko lukete. Eta hori ez da gutxi!


Irudia, webgune honetatik hartua dago: http://www.thefrog.org/frogs/w/water-holding_frog.htm



Thursday, April 30, 2009

Gizakiaren elikapenaren paradoxa


Hazteko, hau da, tamainaz handitzeko eta ugaltze egiturak sortzeko, animaliek euren biomasa propio bihurtu behar dute jaten dutena. Tamalez, baina, jaten duten kopurutik zati txikia da euren biomasa gisa metatzen dutena. Hau da, ez dira oso eraginkorrak lan hori egiten. Gehienek, jaten dutenaren %20 baino ez dute bihurtzen biomasa. Gainontzeko %80 ez dute zurgatu ere egiten edo bero gisa galtzen dute. Eta bihurtze horren eraginkortasuna apalagoa da animalia homeotermoetan, energia asko gastatu behar baitute tenperatura 35ºC-tik gora mantendu ahal izateko.
Hortaz, oso garesti ateratzen da abereak haztea, energia-bihurketen ikuspuntutik garestia, noski. Izan ere, lau kilo pentsu baino gehiago behar dira txahal batek kilo erdi irabaz dezan. Lau kilo horietatik, zereal eta zerealen azpiproduktuetatik eratorriak dira 2’7 kilo. Beste 1’3 kilogramoek, berriz, anabaka edo zuhain jatorria dute.
Jakina, horrek esan nahi du erabilitako pentsuaren %11 bakarrik iristen dela txahalkia izatera. Beste guztia hondakin gisa galtzen da edo, lehen esan bezala, bero moduan disipatu. Era berean, jaten ez diren ehunak ekoizteko ere erabiltzen da jandako pentsuaren zati bat; ileak edo hezurrak, esaterako, jatekoa ez den masa horren barruan dago. Haragirako txahal bat hiltegira eramateko prest dagoenean, 470 kiloko pisua du eta pisu hori lortzeko 1.200 kilo zereal jan behar izan ditu bere bizitzan zehar.
Estatubatuarrek oso preziatua dute txahalkia eta kantitate handitan kontsumitzen dituzte animalia-jatorriko proteinak. Asteko 2 kilo animalia-proteina baino apur bat gehiago jaten du ipar amerikar bakoitzak. Guztira, 28 milioi tona kontsumitzen dituzte urte batean, eta gizakiok jan genitzakeen zereal, lekale eta, oro har, landare jatorriko proteinen 157 milioi tona erabiltzen dituzte kantitate hori ekoizteko.
Kontu hau ez da garrantzirik gabeko pasadizo bat. Munduko gizabanako gehienok landare jatorrizko produktuetara jotzen dugu gehiago. Baina, zer gertatuko litzateke estatubatuarrek jokatzen duten era berean jokatu nahi izango bagenu beste guztiok?

Argazkia http://www.inta.gov.ar/ webgunetik hartua dago.



Monday, April 27, 2009

Zabaltzan ikusi ditudan etxetxoriak


Hau idazten ari naizela, hotz handia egiten du kalean. Udaberrian gaude baina gaurkoa dugu, ingelesez esaten duten bezala, txakur eta katu eguna. Noizbehinka pantailatik askatzen naiz eta zabaltzari begirada bat botatzen diot lehiotik, bista urrundu nahian. Zabaltzan, ohi denez, etxetxoriak dabiltza, saltoka, eta aldameneko zabaltzarako hegaldi laburrak egiten dituzte noizean behin.Etxetxoriak potolo daudela dirudi; egia esan, tenis pilota hankadunak izango balira bezala daude. Baina itxura da, ez besterik. Duela gutxi bukatu da negua eta etxetxoriek ez dute izan neguan zehar galdu duten masa berreskuratzeko denborarik. Gainera, etxetxoriek duten itxura gorpuzkeraren egiazko irudiari egokituko balitzaio ezin izango lukete hegan egin.
Ez, oso bestelakoa da etxetxoriei gertatzen zaiena. Hotz daude, egon ere, eta hotz egonik, lumak zabaltzen dituzte aire geruza lodi bat sortzeko. Aire geruzak inguratu egiten du gorputz ia osoa. Era horretara isolatuago daude kanpo aire hotzetik eta bero gutxiago galtzen dute eroaketaz eta konbekzioz. Hau da, bero gehiegirik ez galtzeko hartzen dute hartzen duten pilota itxura hori. Ez daude lodi, beraz.
Homeotermoak izanik, hegaztientzat garrantzi handikoa da lumekin jokatuz isolamendu maila beharren arabera aldatu ahal izatea. Eta etxetxoriak bezain txikiak badira, gainera, isolatzeko beharra handiagoa dute, gorputz txikien bero galera, erlatiboki, gorputz handiena baino askoz ere handiagoa baita. Guk, holako ahalmenik ez dugularik, jantziekin jokatzen dugu, tenperatur eraenketaren beharren arabera aldatuz. Argi dago, hala ere, hegaztien lumak bezalakorik ez dagoela.

Irudia ojonatural blogetik hartua dago.



Thursday, April 23, 2009

Arrainen joan-etorriak


Itsas eta ibaietako arrainei buruz aritu gara aurreko bi artikulutan. Baina badira bi ingurumenetan bizi diren arrainak ere. “Diadromo” izena ematen zaie arrain horiei. Oso ezagunak dira eta horietako bat, gainera, gure artean preziatu samarra ere. Aingiraz ari gara, edo hobeto esan, aingiraren larbaz. Jakina denez, ibaietatik itsasora joaten dira aingirak errutera, eta itsasoan sortzen dira hain preziatuak diren angulak, aingiren larbak. “Katadromo” izena ematen zaie ibaietatik itsasora ugaltzera doazen arrain diadromoei.Badira alderantzizko bidaia egiten dutenak. Izokinak, esaterako, ibaietan jaiotzen dira eta ibaietan ematen dituzte beren bizitzaren lehen aldiak. Gero, itsasora joaten dira gizentzera, eta gizendu ondoren, ibaietara itzultzen dira ugaltzera. “Anadromo” izena ematen zaie era horretako bidaiak egiten dituzten arrain diadromoei, eta izokina da arrain anadromo ezagunena.
Joan-etorri horiek egitea kontu bitxia bada ere, are bitxiagoa da espezie batzuek norantza bateko bidaia egitea eta beste batzuek aurkakoa egitea. Hainbat adituren ustez, ibaien eta itsasoaren emankortasunei dagokie jokaera desberdin horien arrazoia. Izan ere, eta salbuespenak salbuespen, espezie katadromo gutxiago daude ekuadoretik poloetarantz joaterakoan, eta alderantziz gertatzen da espezie anadromoekin. Bestalde, latitudearekin batera aldatzen da ibai eta itsasoaren emankortasuna, eta aldaketa hori aurkakoa da kasu bakoitzean. Hau da, ekuadoretik hurbil dauden ibaiak emankorragoak dira poloetatik hurbil daudenak baino, eta latitude berean dauden itsasoak baino. Eta alderantziz, poloetatik hurbilago dauden itsasoak aberatsagoak dira latitude bereko ibaiak baino eta ekuadore aldera dauden itsasoak baino. Beraz, -eta hauxe da gakoa-, latitudearen arabera aldatzen dira uretako animaliak gizentzeko egokiagoak diren ur ingurumenak.
Katadromoak itsas arraintzat hartu behar dira, baina ibaiek eskaintzen dituzten ekoizpen baldintza egokiak direla eta, latitude bereko ibaietara jotzen dute gizentze aldia ahalik eta laburren izan dadin. Era berean, ur gezetako arraintzat hartu behar dira anadromaoak, baina ibaietatik itsasora joaten dira itsasoak eskaintzen dituen janari baliabide egokiez baliatzera. Hala ere, naturan ikus daitezkeen beste hainbat gertaerarekin bezala, salbuespenak daude eta urrutira joan gabe, gure itsas eta ibaietan batera ikus ditzakegu, bai aingirak, bai izokinak ere, hau da arrain anadromo zein katadromoak.
Hala eta guztiz ere, eta salbuespenak egon arren, portaera horiek azaltzeko hipotesia egokia dirudi hemen aurkeztu duguna. Bi espezie horiek orain batera egoteak ez digu esaten egoera horretara iritsi arte bakoitzak jarraitu duen bidea zein izan den, eta seguraski, hor egongo da paradoxa honen azalpena. Azken batean, nekez uler litezke horren jokaera berezi eta neketsuak etekinik ateratzeko modukoak izango ez balira.



Tuesday, April 21, 2009

Narrasti urpekariak


Uretako ugaztunez beste artikulu batean aritu ginen eta han azaldu genuen zeintzuk diren urpean egoteko animalia horiek erabiltzen dituzten mekanismoak. Airean egiten dute arnasa ugaztun horiek, eta odolean eta muskuluetako mioglobinan gordetzen dute oxigenoa urpean daudenean hortik ateratzeko. Horiexek dira erabiltzen dituzten oxigeno biltegiak, odol bolumen handia eta mioglobina kontzentrazio garaiak baitituzte.
Ugaztunez gain, badira bizimodu urtarra duten jatorri lehortarreko narrastiak ere. Horien artean, gainera, bi motako arnasteko moduak daude, batzuk airean eta beste batzuek uretan egiten baitute arnas. Krokodriloek, dortoka zenbaitek eta itsas sugeek, esaterako, airea arnasten dute, eta hala ere urperatze luzeak egin ditzakete. Acrochordus, Cerberus, Farancia eta Nerodia generoetako sugeek 25-35 min-ko urperatze aldiak egin ditzakete; itsas dortoka berdeak, bestalde, 50 min egon daitezke uraren azpian; eta ordu bat baino gehiago urpera daitezke itsas sugeak.
Desberdinak dira animalia horiek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak eta itsas ugaztunek erabiltzen dituztenak. Aipatu ditugun itsas sugeak, esaterako, gorputzaren luzera ia osoan zehar duten birika luzean gordetzen duten oxigenoari esker egon daitezke urperatuta hain denbora luze. Horrez gain, narrasti gehienek metabolismo tasa jaitsi egiten dute urperatzen direnean eta, gainera, metabolismo bide anaerobioak erabiltzeko ahalmena dute espezie batzuek.
Lehen esan bezala, narrasti gutxi batzuek uretan egiten dute gas elkartrukea. Zenbait suge eta dortoka dira horrela jokatzen dutenak. Larruazaletik hartzen dute arnasa sugeek eta aho eta faringe barrunbetik dortokek. Kasu bietan gas elkartrukerako duten azalera oso handia ez den arren, badirudi nahikoa dela; hortaz, kontuan hartu behar da poikilotermoak direla eta, beraz, euren oxigeno beharrak ez direla handiegiak.



Wednesday, April 15, 2009

Odol zuriko izotz-arrainak


Antartidako itsas izoztuetan bizi diren Channichthydae familiako arrainek, talde oso bitxia osatzen dute ornodunen artean, ez baitute ez hemoglobinarik euren odolean, ezta mioglobinarik ehunetan ere. Horrexegatik dira zurixkak eta ia gardenak. Hemoglobinak ematen dio kolore gorria odolari eta arrain hauek arnas-pigmentu hori ez dutenez, hortik datorkie odol zuriko arrainak delako izena. Benetan bitxia da talde hau ornodunen artean, ornodunen ezaugarrietako bat euren odoleko hemoglobina kontzentrazio altua izaten baita. Dirudienez, hemoglobinarik ez izatearen arrazoia, ß-globinaren sintesirako beharrezkoa den gene funtzionalaren eza da.
Horrelako animalia talde baten aurrean honako bi galdera horiek sortzen dira: “Zergatik galdu dute arrain horiek hemoglobina eboluzioan?” eta “Ez ote dute behar hemoglobina oxigenoa zeluletara eramateko?”

Lehen galderari dagokionez, erantzun bat eta zalantzarik gabea ematerik ez dago. Hala ere, kontua aztertu duten zientzialarien iritziz, izotz arrainaren odolak biskositate garaiegia izango luke hemoglobina edukiko balu, bai koloide-esekiduran egonik edo bai eritrozitoen barruan. Izan ere, tenperaturaren menpekoa denez, biskositatea nabarmenki igotzen da tenperatura jaisterakoan. Hori dela eta, garai samarra izan daiteke 0ºC edo apalagoak diren tenperaturatan bizi diren animalien barne likidoen biskositatea. Bestalde, arnas pigmentua egoteak areagotzen du tenperaturaren eragin hori. Esaterako, ugaztunen odolaren hematokritoa , gutxi gorabehera, %46-koa da eta bere biskositatea plasmarena baino hiru bider garaiagoa da. Bi eragile horiek batera, tenperatura apalak eta hemoglobinak, biskositate garaiegia emango liokete odolari, eta horrek nabarmenki goratuko luke odola ponpatzearen kostua, edo areago, ponpatzea bera eragotziko luke. Eta horren guztiaren ondorioz, antza, hemoglobina galdu zuten ur hotzetan bizitzen moldatu ziren arrain horiek. Esan beharra dago, bestalde, ur hotzetan bizi diren beste arrain batzuek eritrozitoak badituzte ere, euren odolaren hematokritoa oso apala dela. Ez dira, beraz, salbuespen bat, joera orokor baten muturra baizik.
Bigarren galderari berez erantzuten zaio; hau da, hemoglobinarik ez badute, behar ez dutenaren seinale. Beste kontu bat da, noski, nola betetzen duten arnas pigmentuaren gabeziak utzitako zuloa: arnas-pigmenturik gabe, oxigeno-garraioa odoletik ehunentarantz barreiaduraz gertatzen diren prozesuetara mugatua gelditzen da. Aukera bat hurrengoa litzateke: beharrizanak murriztu, animalien tamaina mugatuz, hau da txikiak izanik. Ez da hau kasua ordea; izotz arrainen artean bada gutxienez espezie bat, Chaenocephalus aceratus, metro erdiko aleak agertzen dituena. Nola konpontzen dute animalia bitxi hauek hemoglobinaren gabeziak oxigeno-garraioari ezartzen dizkion mugak orduan?
Argi dago arrain hauek soilik bizi daitezkeela euren ohiko inguruneak agertzen dituen baldintzen menpe. Antartidako itasoetako urak oso oxigenazio-maila altua agertzen dute, eta ohiko tenperatura ia 2 gradu zero azpitik mantentzen da urte osoan zehar. Jakina da oxigenoak uretan disolbatzeko duen erraztasuna handiagoa dela zenbat eta tenperatura baxuagoa izan, beraz solugarritasun garaia bermatua dago bai uretan eta baita ere arrainen odolean tenperaturak baxu mantentzen diren artean. Bestalde, hotzak berak ere poikilotermoak diren animalia hauen beharrizan metabolikoak, eta beraz oxigeno beharrizanak, apalagoak izatea eragiten du.
Hala ere, animalia hauek ez dira baldintza fisiko soilen gatibu hertsiak, aurreko baten azaldu genuen andeetako kamelidoetan beha daitekeen moldapenetariko bat agertzen baitute hauek ere: arrain hauen bihotza, tamaina bereko beste arrain guztiena baino askoz handiagoa da, eta taupada bakoitzean 4-10 aldiz odol gehiago ponpatzen du, Horrekin batera, odol fluxua azkartzera zuzenduta dagoen beste moldapen estruktural bat ere agertzen dute: arrain hauen ehunak irrigatzen dituzten odol-hodiak, ohikoak baino askoz handiagoak dira, diametro handiagoa dute, eta beraz mikrozirkulazioa erraztuta dago odol fluxuari hodietan jartzen zaioen erresistentzia txikiagoa delako. Eta azkenik, larruazalak zeregin garrantzitsua betetzen du gas elkartrukean, garraio sistema baten beharra askoz ere txikiagoa izanik horrela. Izan ere, brankia txikiak dituzte, euren larruazalak ez du gas elkartrukea eragotziko luketen ezkatarik, eta dermisa odol hodiz beterik dago gasen elkartrukerako azalera eraginkorra areagotuz.
Bistan da ornodun guztien odola ez dela gorria, baina horrek ez du esan nahi gizakien artean odol urdineko banakoak egon daitezkeela sinesgarria denik. Gai hori, hala ere, beste baterako utziko dugu.



Igela printze bihurtu?


Denok dakigu igelak ez direla printze bihurtzen, ez bada ipuinetan behintzat. Baina igelen “bihurtzeko” gaitasunak izan dezake oinarri zientifikoa, anfibioena baita, intsektu molusku, krustazeo, knidario eta ekinodermo eta tunikatuekin batera, metamorfosia delako fenomenoa erakusten duten animalia taldeetariko bat. Larba fasetik heldu fasera pasatzeko gertatzen diren aldaketa-taldeari deritzo metamorfosia.
Metamorfosiak aldaketa estruktural eta fisiologiko garrantzitsuak dakartza. Beste baterako utziko ditugu beste animalia taldeetan gertatzen diren aldaketak, eta oraingoan, bada, anfibioen metamorfosiari eutsiko diogu.


Anfibioek duten ezaugarrietako bat urarekiko menpekotasuna da: menpekotasun hori hertsia da larba fasean, arrautzatik irten ondoren, uretan igarotzen dute bere bizitza askeko lehen aldi hau. Zehatzak izateko, ur gezatan bizi izaten dira. Gogora dezagun hemen aurreko ekarpenean Rana cancrivorari buruz esandakoa: igel hau itsastarra izanik, arrautzak ernaltzeko eta zapaburuak bideragarriak izateko eta igeleranzko itxuraldaketa modu egokian gertatzeko, beharrezkoa du ur geza; monzoi aldietan ohikoak diren euri jasen ondorioz sortutako ur gezako putzuetan erruten dituzte arrautzak Fejervarya cancrivora igelaren emeek.
Salbuespenik gabe, beraz, zapaburu guztien ohiko medioa ur geza izanik, anfibio-larben ezaugarri anatomiko eta fisiologikoak ura mugagarria ez den ingurunean bizitzera egokituta dauden animaliek agertzen dituztenen bertsuak dira. Hori guztia, baina, hankaz gora jartzen da metamorfosian zehar: hasteko, animaliaren itxura zeharo aldatuko da, eta aldaketa metaboliko sakonak ere gertatuko dira, helduak kolonizatuko duen medio berrira modu egokian moldatzea bermatuko dutenak. Horien artean bada aldaketa garrantzitsu bat animalia hauen metabolismoan gertatzen dena, eta lehorreranzko iragapenak eragin ditzaken ur-arazoekin erlazionatuta dagoena: ur gezatan dauden artean, anfibioen larbek ura soberan dute, hain zuzen ere bere barne-medioa kanpoa baino kontzentratuago mantentzeak ura irabazteko joera izatea eragiten du. Ikusi dugu aurreko post batzuetan nola moldatzen diren ur gezatako animaliak kanpoa beste ez diluitzeko. Baina lehorrera pasatzerakoan, arazoa bestelakoa da, hain zuzen ere ura galtzeko arriskua baitago. Gauzak horrela, ur galerak ahalik eta gehien murriztea da irteera bakarra, eta horretan aritzen dira lehorreko anfibio gehienak: askok urarekiko menpekotasun handia agertzen dute, eta beraz ur-masetatik hurbil mantentzen dira bere bizitza osoan.
Baina bada ura aurrezteko garatu den beste moldapen ezkutu bat: metamorfosiarekin batera, animalia hauek nitrogenoaren eskrezio moduaren aldaketa nabarmena jasaten dute, amoniotelikoak izatetik ureotelikoak izatera aldatuz. Aldaketa funtzional honek aldaketa metaboliko sakonak eskatzen ditu, urea sintetisatzeko beharrezkoak diren urea-ornitina zikloko 5 entzimak ekoiztea eskatzen baitu. Nitrogenoa urea modura eskretatzeak ur asko aurreztea ahalbidetzen du, nitrogeno kantitate berbera kanpora baitaiteke amoniako modura eskretatuz beharko litzatekeen uraren %2, 5 besterik ez erabiliaz. Aurreko zenbait ekarpenetan esan bezala, gainera, ur arazoak egonez gero, urea metatu egin daiteke, amoniakoa baino kontzentrazio altuagoetan bere toxikotasuna apalagoa delako. Are gehiago, ikusi dugu urea bera eragile osmotiko modura ere erabil dezaketela zenbait animaliek, euren artean Rana cancrivorak, bere barne medioko kontzentrazio osmotikoa igoarazteko. Kasu honetan jatorriz lehorreko bizitzarako moldapena zena, azken muturreraino eraman da, eta ur gaziko bizitzara moldatzeko tresna modura egokitu da. Ez dezagun ahaztu uraren ekonomiari dagokionez medio lehorrak eta itsas urak ezaugarri komun bat dutela: erraz gal dezakete ingurunerantz ura ingurune bi horietan bizi diren animaliek.



Wednesday, April 8, 2009

Andeetako kamelidoa


Goialdeetan bizitzeak nolabaiteko antza du barrunbeetan bizitzearekin, antzeko zenbait arazori aurre egin behar baitiete batzuetan eta besteetan bizi diren animaliek. Antzekoak bai, baina berdinak ez. Bietan egin behar zaio aurre oxigeno urritasunari; horixe dute antza bi medio horiek. Baina goi garaietan bizi diren animaliek, edo toki haietara inoiz bertaratzen direnek ez dute arnasa hartu behar CO2 kontzentrazio garaiko atmosfera batean; horixe dute desberdin.
Euren metabolismo tasa apala dela eta, oxigeno behar txikiak dituzte animalia poikilotermoek. Agian horregatik ez dute aparteko ezaugarri berezirik oso garaiak ez diren tokietan bizi diren odol hotzeko animaliek. Baina itsas mailan arrunta den presioaren heren batean baino gehiago (500 Hg mm-tik behera) jaisten bada atmosfera-presioa, orduan bai, hainbat moldapen berezi behar dituzte zelulek behar duten oxigenoa lortu ahal izateko. Izan ere, globulu gorri gehiago du toki garaietan bizi diren animalia poikilotermo zenbaiten odolak. Esaterako, 3.000 m-tik gora bizi diren musker eta iguanidoen eritrozito edo globulu gorrien kopurua itsas mailan bizi direnena baino %20 garaiagoa da.
Desberdinak dira gauzak animalia homeotermoetan. Metabolismo tasa garaiak dituzte eta horregatik oso moldapen nabarmenak erakusten dituzte toki garaietan bizi direnek. Ikus dezagun Vicugna vicugna Andeetako kamelido ezagunak erakusten dituen ezaugarri fisiologikoak.
Bikuinaren odolak ez du beste kamelidoek dutena baino hemoglobina gehiagorik, ez eta eritrozito kopuru garaiagorik ere; beraz, bestelako animalia homeotermoena bezalakoa da bere odolaren oxigeno kapazitatea[1]. Baina, lehen esan bezala, oxigeno gutxiago dago toki horietan, eta beraz, bestelako moldapenik egongo ez balitz, oso mugatua egongo litzateke oxigenoaren transferentzia. Eta, izan ere, halaxe da, moldapen bereziak ditu. Hasteko, eguraste tasa garaiagoak ditu, hau da, aire bolumen handiagoa arnasten du. Horrela, oxigeno gehiago iraganarazten du arnas azaleraren gainetik, ez baldintza normalen menpe bezala, baina garaieraren eragina konpentsatzen du nonbait. Azken batean, arinago iragaten bada airea, arnas medioaren oxigeno kontzentrazioa ez da gehiegi jaisten birikan, eta horrek transferentziaren alde egiten du.
Bestalde, nahiz eta bikuinaren odolak beste kamelidoenak baino arnas pigmentu gehiagorik ez duen, oxigenoarekin kidetasun garaiagokoa da bere arnas pigmentua. Hau da, oxigenoa errazago zurgatzen du biriken barrunbean dagoen airetik, eta transferentziaren alde egiten du horrek ere. Horrez gain, beste bi moldapen garatu ditu. Batetik, eta erresistentzia kirolariei gertatzen zaien bezala, bihotz handiagoa du, eta horri esker odol bolumen handiagoa ponpatzen du taupada bakoitzean. Jakina, odol bolumen handiagoak ponpatzean, arinago berritzen da biriketatik iragaten den odola eta arinago bidaltzen da zeluletara. Eta bigarrenik, muskuluetan pigmentu (mioglobina) gehiago du eta horrela odolak dakarren oxigenoa errazago iragaten da muskulu zeluletara. Moldapen horiei esker, bikuina bezalako ugaztunek arnasa har dezakete ingurumenean oxigeno gutxiegi dagoenean ere.

Oharra: Argazkia wikipediatik hartua dago (http://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:Vicu%C3%B1a.jpg) eta Creative Commons baimenaren baldintzen menpe erabil daiteke.
[1] Odol pigmentu osoa oxigenoarekin elkartua dagoenean odolak duen oxigeno kontzentrazioari deitzen zaio oxigeno kapazitatea.



Tuesday, April 7, 2009

Sakonera ilunean bizitzarik ote?


Ozeanoetako hondoetako fauna ez da oso aberatsa. Itsasoaren beheak zenbait kilometrora daude itsas azaletik, eta beraz, urrutiegi eguzkiaren argitik; ondorioz, alde horiek ilunegi daude horretarako gai diren izakiek fotosintesia burutu dezaten. Hortaz, goragotik erortzen den material hila edo detritikoa izaten ohi da hondo horietara heltzen den materia organiko bakarra. Bakterio batzuek metaboliza dezakete, eta zenbait ekinodermok eta moluskuk bakterio horiek jaki modura erabil ditzakete. Azkenik, badaude arrain gutxi batzuk aipatu ornogabe horietaz elikatzen direnak, baina goragotik iritsitako “euri” horrek ez du askorako ematen. Bizitza urriko aldeak ditugu, beraz, itsas-hondoak.
Ozeano Bareko hondoak ere arau orokor horri egokitzen zaizkiolarik, badaude ordea, tarteka, bizitza oparoko gune batzuk. Asia eta Amerika elkarrengandik aldentzen ari direnez (zentrimetro gutxi batzuk urteko), eta zenbait plaka tektonikok alde horretan talka egiten dutenez, ozeano-fosak izeneko sakonera handiko guneak aurki ditzakegu munduko alde horretan eta beste zenbaitetan. Fosa horietan, plaken arteko tentsioen ondorioz arrakalak edo zirrikituak irekitzen dira noizbehinka eta horietatik lurraren barrutik laba ateratzen da, eta solidifikatu ondoren berriro arrakalatzen da.... Zirrikitu horiek irekitzen direnean, bertatik sufre eta sulfuro kontzentrazio altuak dituzten ur beroak ateratzen dira (20 bat gradu) itsasoko ohiko ur hotzetarantz (5 gradu baino gutxiago), tximiniak edo fumarola izenez ezagunak diren azaleratzeak eraginez.

Ozeano-fosa horiek aztertzera 1977 urtean ikerketa-urpekari bat bidali zenean, aurkikuntza harrigarria egin zuten ikertzaileek: tamaina handiko izakiak eta kolore biziko animaliaz osatutako dentsitate altuko populazioak topatu zituzten. Horien artean metrotik gorako zizare tubikolak kantitate handitan aurkitu zituzten eta baita ere almeja erraldoiak (>30 cm). Aurkitutako harren espezie berriari Riftia pachyptila izena eman zitzaion (Vestimentifera filum berezi samarreko partaideak omen dira), eta bibalbioak, berriz, Calyptogena magnifica espeziekoak bezala sailkatu ziren.
Animalia erraldoi horien azterketari ekin ziotenak berehala ohartu ziren azaleratzeen inguruan behatutako hazkuntza-tasa harrigarriak ez zirela gertatzen tenperatura altuen eraginez, baizik eta sufrearen erabileran oinarrituta zeudela. Sulfitoa edo sulfatoa osatzeko sufrea oxidatzen denean, energia askatzen da. Aspalditik dira ezagunak energia hori lurrazaleko sufre-azaleratzeetan erabiltzen dituzten bakterioak (sufreoxidatzaileak, kimiolitotrofoak). Fotosintetizatzaileak diren landareak ez bezala, karbohidratoak eta beste baliabide batzuk ekoizteko, eguzkitiko energia erabili beharrean sufrearen oxidazioko energia erabiltzen dute horiek.
Ozeano-fosetan, sufrea oxidatzen duten bakterio askeez gain, badaude zizareen eta moluskuen ehunetan bizi diren bakterio sufreoxidatzaile sinbionteak. Hodi zuri batzuen barruan bizi da Riftia zizare erraldoia; kolore gorri biziko lumak (brankiak)solik ateratzen ditu hoditik kanpo. Ez dauka ez ahorik ez sabelik, eta beraz ezin du jan. Bere barne-organo handiena, trofosoma izena duena, sufreoxidatzailek diren bakterioetaz josita dagoen barrunbe bat da. Trofosomaren pisua animalia osoaren pisuaren erdia izatera hel daiteke, ohikoena %30 baino gehiago izatea bada ere. Trofosomako bakterioek elikagaiak sintetisatzeko beharrezkoak dituzten sufrea, oxigenoa eta karbono dioxidoa uretatik odolerantz bideratzeko lana, hoditik kanpo ateratzen diren kolore gorriko luma brankialen lana da. Hemoglobinak ematen die brankiei, hain zuzen ere, kolore gorri bizia. Animalia hauen odoleko hemoglobina, baina, hemoglobina berezia da, oxigenoa eta sufrea, biak lotzeko gai baita. Beraz, hemoglobinarekin konbinatuta garraiatzen dira bi sustantzia hauek trofosomara. Ezohiko hemoglobina da, zeren eta sufreak hemoglobina arrunta ezgaitu egiten baitu oxigenoa lotzeko guneak blokeatuz. Horrexegatik da hain kaltegarria eta pozoitsua hidrogeno sulfuroa gizakiarentzat eta hainbat animaliarentzat. Riftiaren hemoglobinak, aldiz, banatuta dauden lotura-guneak ditu oxigenoarentzat eta sufrearentzat.
Calyptogenaren kasuan, bere sufre-oxidatzaileak diren bakterioak brankietan “kumatzen” ditu, eta horrela oxigenoa eta CO2-a zuzenean heltzen zaizkie uretatik. Baina zizare erraldoien kasuan ez bezala, almejen hemoglobinak ezin du sufrea garraiatu; are gehiago, pozoitsua gerta dakioke. Ordez, sufrea odoleko plasmako proteina handi eta berezi batzuek garraiatzen dute. Sufrea lortzeko modu berezi baten kokatzen dira bibalbio hauek azaleratzeetan: tximiniaren zirrikuetan txertatuta dute oina; sifoiak, ordea, gorantz, ohiko itsas-uretarantz zuzentzen dituzte (sifoietatik sartu eta ateratzen da brankiak irrigatzen dituen ura). Horrrela ba, oinak eta brankiek inguruan duten ur-masak zeharo desberdinak dira. Oinak ia oxigenorik gabeko eta sufretan aberatsa den ur beroa jasotzen du. Brankiek, ostera, ohiko itsasoko ur hotz eta oxigenatua hartzen dute, eta ia sufrerik gabea. Beraz, oxigenoa eta CO2-a zuzenean barreiatzen dira brankietan, eta sufrea, berriz, oinak hartzen du eta odolean zehar garraiatzen da brankietaraino.
Jokaera korapilotsua da, bai, baina bada arrazoi bat horretarako. Oxigenoak eta sufreak berez erreakzionatzeko joera dute, hau da, baldin eta bero ateratzen den ur emari sufreduna eta oxigenoa duen ohiko itsas ura elkar aurkitzen badira, sufrea berez oxidatuko du oxigenoak bakterioetara heldu baino lehenago. Beraz, bakterioetaz baliatzen diren animaliek sulfuroa eta oxigenoa bananduta mantendu behar dute hala helarazteko euren sinbionteei. Zizareek, horretarako, lur barrutik ateratzen den emarirantz eta ohiko itsas-uretarantz txandaka zuzentzen ditu brankia-lumak. Almejek ordea, zirrikituetarantz zuzendutako oinean zehar jasotzen dute sufrea, eta aldiz, oxigenoa, itsas uretarantz zuzendutako brankien bidez. Lan latza dute bai batzuek eta bai besteek bi konposatuak banandurik mantentzen, baina ordainetan “gordetzen” dituzten bakterioak behar dituzten baliabideekin hornitzen dituzte, eta hauek ekoitzitako materia organikoaz balia daitezke. Riftiaren kasuan, modu esklusiboan, ez baitu energia lortzeko beste modurik!



Wednesday, April 1, 2009

Karramarroak jaten dituen igela


Urlehortarrak gune berezian daude, uraren eta medio lehorraren arteko iragapen-aldean. Zenbait anfibio, urtarrak dira beren bizi ziklo osoan; beste zenbait, berriz, lehortar bilakatu dira, nahiz horietako gehienek urarekiko menpekotasun handia ez duten galdu; eta azkenik, gutxi batzuek lortu dute uretatik aldentzea eta urarekiko menpekotasun hori nonbait apaltzea. Bestalde, urtarrak diren neurrian ur geza da anfibio ia guztien ur ingurua. Ia guztiena, bai, baina ez guztiena, igela bat baita ur gazian edo ur gazi-gezan bizi dena.
Asiako hego-ekialdeko mangladietan bizi da igela hori; hori dela eta, mangladietako animaliek osatzen dute igela horren jakia. Karramarroak oso ugariak direnez mangladietako faunan, hortik datorkio izena igelari. Rana cancrivora edo Fejervarya cancrivora du izen zientifikoa, karramarro-jale esan nahi baitu “cancrivora” berbak. Igela horren ingurumena mangladiak izanik, ur gazi-geza da bere ur ingurua eta horregatik ez balitz bere izena ez litzateke ezaguna izango adituen artikulu eta liburuetatik kanpo.
Ornodunen barne likidoan ohikoak diren gatz mineralen kontzentrazio apalak mantendu ahal izateko bi bide zituen igela horrek aukeran: arrain teleosteoek hartu zutena zen bata eta arrain elasmobrankioena bestea. Teleosteoen aukera horren arabera, larrauzalean zehar galdutako ura beste era batera, -edanez seguraski- lortu beharko zuen eta sartutako ioiak kanporatuko zituen nola edo hala. Eta elasmobrankioen aukeraren arabera, urea gorde beharko zuen odolean, odola eta kanpo ingurunearen arteko oreka osmotikoa mantentzeko baina gatz mineralen barne kontzentrazioak aldatu barik.
Bada, biak hartu ditu Fejervarya cancrivora-k. Espezie horren zapaburuek, arrain teleosteoek bezalaxe, eraenketa ioniko eta osmotiko burutzen dute. Ale helduek, ordea, ez dute aukeratu estrategia bera, arrain elasmobrankioek, -marrazo, manta-arraia eta beste-, bezala jokatzen baitute. Desberdintasun esanguratsu bakarra dago arrain elasmobrankio eta Fejervarya cancrivora-ren ale helduen artean. Izan ere, elasmobrankioek barne fluidoetan urea gordetzeko, berzurgatu egiten dute giltzurrunean; gure igelak, berriz, ez du berzurgatu behar, gernu ekoizpena murrizten baitu.
Gure igelaren bizimoduak badu azken bitxitasun bat. Itsastartzat har badaiteke ere, horrek ez du esan nahi Fejervarya cancrivora ur gezaren guztiz ezmenpekoa denik. Izan ere, kanpo ingurunean gatzen kontzentrazio apalak beharrezkoak ditu bai arrautzen ernalketarako bai eta itxuraldaketarako ere. Hori, hala ere, ez da izaten muga gaindiezina bizi den ingurumenean, euri jasa handiak maiz gertatzen baitira eta ur gezetako putzuak sarritan sortzen baitira. Argi dago bizimodu korapilotsua dela igela horrena, baina kontuan har dezagun janari baliabidez aberatsa den medio bat kolonizatu ahal izan duela jokaera osmotiko berezi hori garatu izanaren truke.



Monday, March 30, 2009

Ura edaten ote dute izurdeek?


Baten batek pentsa dezake galdera erretorikoa dela hau, baina ez da. Erantzuna, gainera, ez da erraza. Ikus dezagun zergatik. Itsas arrainen egoera osmotikoaren antzekoa da itsas ugaztunena. Baleak, itsas lehoiak, izurdeak, itsas txakurrak eta abar, talde horretako kideak dira, eta itsasoko arrain gehienei –arrain teleosteoi- gertatzen zaien bezala, oso apala da euren barne likidoen kontzentrazioa. Gutxi gora behera, itsas uraren kontzentrazioaren herena da itsas ugaztunen odolarena. Antz handia dago, beraz, arrain eta ugaztunen barne eta kanpo medioen kontzentrazioen arteko aldeari dagokionez. Ur eta gatzen fluxuei dagokienez, berriz, desberdintasun nabarmenak daude bi talde horien artean. Egia da gatzen gradientea berdina dela, eta egia da, beraz, bi kasuetan ura galtzeko edo gatzak irabazteko joerak izango dituztela animaliek. Baina ugaztunen kasuan fluxu horiek askoz mugatuago daude. Izan ere, brankia da arrainek gasen elkartrukerako duten azalera nagusia, eta brankia ezin daiteke izan iragazkaitza, arnas azalera izanik guztiz iragazkorra behar baitu. Hori horrela, itsas arrainek ur kantitate handia galtzen dute azalera horretatik, gero, edanez berreskuratu behar dutena.
Baina hori ez da itsas ugaztunen egoera berbera. Itsas ugaztunek birikak erabiltzen dituzte arnasa hartzeko eta hori airean egiten dute. Hau da, itsasoko urak ez du inoiz ukitzen gasen elkartrukerako azalera. Izan ere, itsas ugaztunek uretatik irten behar dute arnasa hartzeko. Hori dela eta, biriketatik ez dute urik galtzen, eta alde horretatik uraren ekonomiarekin ez dute arrainek duten arazo larria. Gauzak horrela, itsas arrainena baino askoz txikiagoa da itsas ugaztunen ura edateko beharra. Hala ere, ez daude ura edateaz salbuetsita. Azken batean, arnas azaleratik ez, baina gernu gisa bai galtzen dute ura itsas ugaztunek. Bestalde, ezin liteke bestela izan, nitrogeno hondarrak kanporatzeko erabiltzen duten molekulak, ureak, uretan disolbatua egon behar baitu. Eta gernu gisa galtzen den ur hori beste era batera berreskuratu beharra dute. Balizko bi bide daude ura berreskuratzeko, itsasoko ura edanez edo janariaren bitartez. Azter ditzagun kontu hauek.
Ugaztun gehienok ez dugu batere atsegin itsasoko ura; azken batean itsasoko uraren gatzen edukia hiru bider handiagoa da odolarena baino. Izan ere, bi dira itsasoko ura edateak ekar diezaizkigukeen ondorio kaltegarriak. Batetik, uraren gatzak xurgatzen ez badira, ura irten daiteke barne mediotik heste argira, eta horrek, azken batean, barne medioaren lehortzea ekar dezake; izan ere, horixe da magnesio eta sulfatoarekin gertatzen zaiguna. Eta gatzak xurgatzen badira, nola edo hala kanporatu beharko dira gero, orekatua mantenduko bada gatzen balantzea.
Egia da ugaztunen giltzurruna oso eraginkorra dela lan hori egiten, odolarena eta itsasoko urarena baino gatz kontzentrazio handiagoa duen gernua sor baitezake[1]. Baina eraginkortasun hori mugatua da, eta beraz, hobe dute ahalik eta itsasoko ur gutxien edatea.
Lehenago esan bezala, janaria izan daiteke ura berreskuratzeko beste bide bat. Izan ere, oso irtenbide ona izan daiteke hori ugaztun harrapakarientzat euren harrapakinak arrain teleosteoak baldin badira. Arrain teleosteoen barne medioak eta ugaztunenak gatzen antzeko kontzentrazioa dutenez, arrainak jaten dituzten ugaztunek ez diete aurre egin behar ura edateak dakartzan arazoei. Izan ere, itsas lehoiekin egindako ikerketa batean aurkitu denez, itsas lehoien jakia arrainez osatua badago, ez dute bat ere urik edan behar. Harrapakariak ez direnentzat, baina, bere horretan dirau arazoak. Krill izeneko krustazeo txikiak iragaziz elikatzen diren baleek, adibidez, itsasoko ura bezain kontzentratua dagoen janaria baliatzen dute. Agian horregatik ikusi izan dira baleak izotza jaten!Ekarpen honen izenburuaren galderari erantzutea ez da erraza. Ezaguna da hainbat itsas txakurrak eta itsas lehoik itsasoko ura edaten dutela, noizean behin bai behintzat, baina ez dakigu hori ohikoa den ala ez. Seguraski, ura edaten dute besterik geratzen ez zaienean; azken batean, euren giltzurrunek geureek baino gernu kontzentratuagoa sortzen dute. Hala ere, segurtasun osoz esan dezakegu ahalik eta ur gutxien edaten dutela, bestela giltzurrunek lan handiegia egin beharko lukete-eta.
[1] Neurketak egin diren esperimentuetan, -foka eta itsas lehoietan-, ikusi da itsasoko ura baino 2’5 bider kontzentratuago dagoela gernua.



Tuesday, March 24, 2009

Arnas egiteko beste modu bat


Aristoteles-ek, bere “Animaliei buruzko ikerketan”, honakoa dio arnasketari buruz: “Animalia lehortarren arteko batzuek, -gizakiak eta birikak dituzten gainontzeko lehorreko animalia guztiek-, airea hartu eta kanporatu egiten dute (arnasgora eta arnasbehera izeneko prozesuak); beste batzuek, berriz, ez dute airea hartzen, baina lehorrean bizi eta elikatzen dira, liztorra, erlea eta gainontzeko intsektuak bezala. Intsektuak deitzen ditut euren gorputzek lakainak, -bizkarrean egon zein sabelean egon-, erakusten dituzten animaliak”.
Aristoteles-ek asko zekien animaliei buruz. Historiako lehen zoologotzat hartzen dugu eta zenbait konturi buruz berak azaldutakoa ez da ia aldatu mendeetan zehar. Hala ere, intsektuen arnasketari buruz idatzitakoaz nahikoa arrazoia bazuen ere, ez zuen arrazoi osoa.
Intsektuek ez dute birikarik. Horixe da animalia talde horren ezaugarririk behinenetako bat. Trakea-sistema da intsektuen arnas aparatua. Larruazalak sorturiko inbaginazioen edo barruranzko hodien multzoak osatzen du sistema hori; hodi horietako bakoitza da trakea bat. Trakearen ahotik sartzen da airea, eta barrurantz doa, trakeatik sortzen diren adarretatik barrura. Adarkatze jarraiak gertatzen dira barruranzko ibilbide horretan, eta adarkatzean, gero eta gehiago eta gero eta meheagoak dira sortzen diren trakeaskak. Azkenean zelula guztietaraino iristen dira azken trakeaska txikienak. Trakeaskaren azken zatian ura dago, eta ur horretan disolbatzen da sisteman sartu den oxigenoa, zeluletara iragateko.
Sistemaren deskribapena osatzeko, beste bi kontu aipatu behar ditugu hemen. Batetik, -eta hauxe da Aristoteles-ek arrazoi osoa ez edukitzearen zioa-, muskulu mugimenduek eraginda nolabaiteko egurasketa egon daiteke zenbait espezietan; hortaz, intsektuek bai izan dezakete arnasgora, nahiz guztietan holakorik ez den gertatzen. Eta bestetik, trakeak ixteko ahalmena[1] dute, eta berebiziko garrantzia du horrek trakea-sistemaren barruan dagoen ura lurrun ez dadin eta horrela gehiegizko ura gal ez dadin.
Zirkulazio sistema ez dugu ezertarako ere aipatu orain arte, intsektuen zirkulazio aparatuak ez baitu egiten arnasketarekin zerikusia duen inolako lanik. Hau da, bi sistema horiek aparte daude, ez dute elkarrekiten, eta horri dagokionez, salbuespen bat da intsektuen taldea organo bereiziak dituzten animalien artean. Hori bai, badirudi ordainsari bat ordaindu behar izan dutela sistema horren truke, trakeen bidezko arnasketak muga nabarmenak ezartzen baititu intsektuek izan dezaketen tamainari dagokionez. Izan ere, horrelako hodi-sistema baten bidez oxigenoa ezin izango litzateke eraman zeluletaraino tamaina batetik gorako animalien kasuan.
Hortaz, ezintasun hori gabe mundua ez litzateke izango ezagutzen dugun bezala. Edo irudika ote genezake gure tamainako intsektuez beteriko planeta bat? Zientzia fikziozko zenbait filmetan ikusi ditugu intsektu erraldoi horiek, liztor eta inurri erraldoiak, eta egia esan, ez da bat ere lasaigarria.Baina azter dezagun kontua beste ikuspegi batetik. Azaldu dugun istorio hau garrantzi gutxiko pasadizo bat izango litzateke kontu batengatik ez balitz. Izan ere, intsektuena da munduko animalia talde nagusia, bai espezie kopuruari dagokionez, bai eta ale kopuruari dagokionez ere. Hau da, munduko animalia gehienak intsektuak dira eta, beraz, okertu gabe esan dezakegu munduko animalia gehienek ez dutela behar zirkulazio sistemarik euren elkartruke guztiak egin ahal izateko, gasen elkartrukea egiteko ez baitute erabiltzen.
[1] Espirakulu izena duen estalki egitura baten bidez



Monday, March 23, 2009

Urpekarien oxigenoa


Ugaztun gehienok lehortiarrak gara, baina badira itsasoan bizi direnak edo bizimodu urlehortarra dutenak ere. Itsastarrak dira baleak eta izurdeak. Itsas elefanteak, itsas txakurrak eta itsas lehoiak, berriz, urlehortarrak dira. Urpekari apartak dira bai batzuk eta bai besteak.
Urpekarien gaitzaz aritu ginen ekarpenean esan genuen bezala, baleek birikak hustutzen dituzte urperatu baino lehen, eta ber gauza egiten dute gainontzeko itsas ugaztunek ere. Gure senaren aurka doa hori, urperatu baino lehen birikak betetzen baititugu airez. Baina “Urpekarien gaitza” izenburuko istorioan azaldu genuenez, biriketan gordetako airearen nitrogenoak kalte larriak ekar ditzake; hori dela eta, itsas ugaztunek ez dute kasik airerik gordetzen biriketan urperatzera doazenean.
Hori horrela, eta biriketan oxigeno gutxiegi geratzen dela jakinda, nondik ateratzen dute, bada, itsas ugaztunek behar duten oxigenoa? Bi gordelekutik ateratzen dutela da galdera horren erantzuna. Gordeleku bat odola bera da. Itsas txakurrek, esaterako, masa unitateko odol gehiago dute gizakiok baino; ia bikoitza dute, zehatzak izateko. Eta gainera, oxigeno-kontzentrazioa balio garaiagoetara hel daiteke euren odolean, odolaren hemoglobina-kontzentrazioa garaiagoa baita. Horrek, hala ere, muga nabarmenak ditu; izan ere, hemoglobinaren kontzentrazioa oso garaia balitz odolaren biskositatea altuegia izango litzateke eta horrek lan handiegia emango lioke bihotzari odola ponpatzeko orduan.
Eta bigarren gordelekua, muskulua da. Ornodun guztien muskuluek, muskulu geldoek batez ere, mioglobina dute oxigenoa gordetzeko. Oxigenoa odoletik iristen da eta pigmentu horrekin konbinatzen da erabili baino lehen. Era horretara gordeta, konstante samar mantentzen da muskulu zelulen oxigeno kontzentrazioa. Horixe da edozein ugaztunetan gertatzen dena. Baina mioglobinarekin loturik dagoen oxigenoa beste ugaztunen muskuluetan dagoena baino askoz gehiago da itsas ugaztunetan, askoz ere mioglobina gehiago dutelako. Horra zenbait datu adierazgarri: gizabanakoen muskuluaren mioglobina kontzentrazioa 6 g kg-1-koa den bitartean, 50-70 g kg-1-koa da zenbait itsas txakurrena eta 76 g kg-1-koa zeroiarena.
Beraz, urpean denbora luze igaro ahal izateko behar duten oxigenoa odolaren hemoglobinatik eta muskuluaren mioglobinatik ateratzen dute, birikek ez baitute horretarako balio. Guk biltegi berberak ditugu, baina urpekarienek askoz ere kapazitate handiagoa dute.