Monday, May 11, 2009

Eta itsas sugeek, ura edaten dute?


Aurreko sarrera batean galdetu genuen ea izurdeek ura edaten duten ala ez eta bukaeran esan genuen gauzak ez zeudela oso argi. Itsas sugeek antzeko arazoari egin behar diote aurre, noski, euren barne medioa baino kontzentrazio osmotiko garaiagokoa baita itsasoko ura. Itsas sugeak deshidratatzeko arriskuan daude, egon ere, gorputzetik kanpora irteteko joera baitu urak.
Kobrak, manbak eta koral sugeekin batera, Elapidae familiako kideak dira itsas sugeak. Hirurogei espezie dira, gutxi gora behera, eta pozoitsuak guztiak. Jatorri lehortiarra dute baina gehienek itsasoan ematen dute bizi osoa edo ia osoa. Gehienak bizierditzaileak izanik, itsasoan erditzen dute, igeri egiten duten bitartean; gutxi batzuek, berriz, arrautzak jartzen dituzte eta biziaren zati txiki bat lehorrean ematen dute.
Urteetan zehar pentsatu izan da itsas sugeek itsas ura edaten dutela euren ur beharrak asetzeko. Jakina, portaera horrek gatzak kanporatzeko sistema eraginkorra beharko luke eta, hori dela eta, sugeen gatz guruinek gatzak hartu eta jariatuko lituzketelako ustea zegoen. Hiru espezierekin egindako esperimentuetan, baina, itsasoko urik edaten ez dutela behatu ahal izan da. Taiwan-etik hurbil harrapatu zituzten sugeak eta gatibu mantendu zituzten itsasoko ura edaten ote duten frogatu ahal izateko. Oso argia izan zen emaitza: bai eta oso egarri egonda ere, ez zuten itsas urik edan, ur geza edo, gehienez ere, ur gazi-geza oso diluitua onartzen zuten soilik.
Izan ere, itsas sugeen banatze geografikoa azaltzeko gakoak izan litezke esperimentu horien emaitzak. Gune (patch) mugatuetan banatzen dira itsas sugeak eta oso ugariak dira alde euritsuetan. Seguraski, gainera, kostaldetik sortzen diren iturbegi edo korronteen ur geza baliatzen dute ura edateko, askoz ere itsas suge gehiago aurki baitaitezke horrelako ur gezaren emariak hurbil dauden aldeetan. Bestalde, pentsatzekoa da itsaso irekian dauden sugeek euri jasa handien ondoren geratzen den ur gezaren goiko geruza ere baliatzen dutela azpiko ur gaziarekin nahastu baino lehen.
Ondorio horien aurrean, hala ere, zalantza bat gelditzen da: zertarako behar dituzte suge horiek gatz guruinak? Bada, baliteke guruin horien betebeharra eraentze ionikoa izatea eta ez, orain arte uste izan den bezala, eraentze osmotikoa; hau da, baliteke ioi jakinen balantzea matentzea izatea euren zeregin nagusia, eta ez kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea.
Beraz, hasierako galderari eman behar zaion erantzuna baiezkoa da, ura bai edaten dute, baina ez ur gazia. Ez dakiguna da bestelako itsas narrastiek zer egiten duten, balitekelako itsas sugeekin gertatzen den gauza bera gertatzea.


Hemen aurkeztu dugun istorioaren berri eman zuen Floridako Unibertsitateak 2008ko azaroaren zortzian, eta Science Daily webguneak argitaratu zuen "Sea Snakes Seek Out Freshwater To Slake Thirst" izenburuko sarreran.

0 comments: