Thursday, May 28, 2009

Komodoko herensugearen ehizatzeko modua


Animalia mitikoa da Komodoko herensugea (Varanus komodoensis). Ez da egiazko herensuge bat, Varanidae familiako muskerra baita, dagoen muskerrik handiena. Hiru metroko luzera izan dezake eta 80 kiloko pisua (zenbait erreferentziaren arabera 140 k edukitzera hel daiteke). Indonesiako lau uhartetan bizi da: Komodo, Rinca, Gili Motang eta Flores (Flores-eko gizakiaren uharte bera) eta desagertzeko arriskupean omen dago.
Animalia sarraskijalea da, baina harrapakaria ere izan daiteke. Hala ere, Komodoko herensugeak ez du egiten ohiko harrapakariek egiten duten bezala; beste era batera jokatzen du. Izan ere, “eseri-eta-itxaron” (sit-and-wait) harrapakarien jokaera izaten du eta horrela jokatzen duenean, harrapakina ez du erailtzen kosk egiterakoan. Zauritu egiten du eta, nahiz harrapakinak alde egiten duen, hil egiten da hortik denbora laburrera. Komodoko herensugeak harrapakinaren aztarna jarraitu behar du orduan, baina ia beti aurkitzen du gorpua.
Komodoko herensugea askotan atera dute naturari buruzko dokumentaletan, eta honakoa da berari buruz ematen duten azalpena: Varanus komodoensis-ek hortz zorrotzak ditu, oso zorrotzak, baina ez du indar handiegirik egiten masailezurrekin. Horregatik alde egiten dute harrapakinek hasieran, herensugearen indarra ez omen baita harrapakina geldiarazteko nahikoa. Dokumental horien arabera, odola ez gatzatzeko entzimak eta bakterio toxikoen multzo bat txertazen dizkio harrapakinari kosk egiterakoan. Bakterioen eragina bat-batekoa ez denez, denbora igaro behar da zoldura hedatu eta zolduraren ondorio hilkorra gertatu arte. Horrelaxe aurkeztu dute dokumentalek Komodoko herensugearen elikatze jokaera, eta ezaugarri horiei esleitu diete bere ehizatze estrategiaren arrakasta.
Gauzak, baina, ez omen dira gertatzen horrela. Egunotan jakitera eman den ikerketa baten arabera, arruntagoak dira izan ere. Pozoia baita, eta ez bakterio toxikoen multzoa, harrapakina hiltzen duena. Horixe da Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkariaren argitalpen elektronikoan argitaratu berri den artikulu batek azaldu duena (DOI: 10.1073/pnas.0810883106). Lana egin duten ikertzaileek hildako ale baten burezurraren anatomia aztertu zuten hasiera batean eta orduan ikusi zuten pozoi guruinak zituela. Gero, gainera, pozoi guruinak kendu zizkioten hiltzear zegoen beste ale bati eta pozoiaren ezaugarriak aztertu ahal izan zituzten horrela. Beraz, Komodoko herensugea animalia mitikoa da, bai, baina ez da uste zen bezain misteriotsua, ehizatzeko moduari dagokionez, behintzat, narrasti arrunta baita.
Oharra: argazkia Dezidor-ek egin du (http://cs.wikipedia.org/wiki/Wikipedista:Dezidor)

0 comments: