Monday, March 30, 2009

Ura edaten ote dute izurdeek?


Baten batek pentsa dezake galdera erretorikoa dela hau, baina ez da. Erantzuna, gainera, ez da erraza. Ikus dezagun zergatik. Itsas arrainen egoera osmotikoaren antzekoa da itsas ugaztunena. Baleak, itsas lehoiak, izurdeak, itsas txakurrak eta abar, talde horretako kideak dira, eta itsasoko arrain gehienei –arrain teleosteoi- gertatzen zaien bezala, oso apala da euren barne likidoen kontzentrazioa. Gutxi gora behera, itsas uraren kontzentrazioaren herena da itsas ugaztunen odolarena. Antz handia dago, beraz, arrain eta ugaztunen barne eta kanpo medioen kontzentrazioen arteko aldeari dagokionez. Ur eta gatzen fluxuei dagokienez, berriz, desberdintasun nabarmenak daude bi talde horien artean. Egia da gatzen gradientea berdina dela, eta egia da, beraz, bi kasuetan ura galtzeko edo gatzak irabazteko joerak izango dituztela animaliek. Baina ugaztunen kasuan fluxu horiek askoz mugatuago daude. Izan ere, brankia da arrainek gasen elkartrukerako duten azalera nagusia, eta brankia ezin daiteke izan iragazkaitza, arnas azalera izanik guztiz iragazkorra behar baitu. Hori horrela, itsas arrainek ur kantitate handia galtzen dute azalera horretatik, gero, edanez berreskuratu behar dutena.
Baina hori ez da itsas ugaztunen egoera berbera. Itsas ugaztunek birikak erabiltzen dituzte arnasa hartzeko eta hori airean egiten dute. Hau da, itsasoko urak ez du inoiz ukitzen gasen elkartrukerako azalera. Izan ere, itsas ugaztunek uretatik irten behar dute arnasa hartzeko. Hori dela eta, biriketatik ez dute urik galtzen, eta alde horretatik uraren ekonomiarekin ez dute arrainek duten arazo larria. Gauzak horrela, itsas arrainena baino askoz txikiagoa da itsas ugaztunen ura edateko beharra. Hala ere, ez daude ura edateaz salbuetsita. Azken batean, arnas azaleratik ez, baina gernu gisa bai galtzen dute ura itsas ugaztunek. Bestalde, ezin liteke bestela izan, nitrogeno hondarrak kanporatzeko erabiltzen duten molekulak, ureak, uretan disolbatua egon behar baitu. Eta gernu gisa galtzen den ur hori beste era batera berreskuratu beharra dute. Balizko bi bide daude ura berreskuratzeko, itsasoko ura edanez edo janariaren bitartez. Azter ditzagun kontu hauek.
Ugaztun gehienok ez dugu batere atsegin itsasoko ura; azken batean itsasoko uraren gatzen edukia hiru bider handiagoa da odolarena baino. Izan ere, bi dira itsasoko ura edateak ekar diezaizkigukeen ondorio kaltegarriak. Batetik, uraren gatzak xurgatzen ez badira, ura irten daiteke barne mediotik heste argira, eta horrek, azken batean, barne medioaren lehortzea ekar dezake; izan ere, horixe da magnesio eta sulfatoarekin gertatzen zaiguna. Eta gatzak xurgatzen badira, nola edo hala kanporatu beharko dira gero, orekatua mantenduko bada gatzen balantzea.
Egia da ugaztunen giltzurruna oso eraginkorra dela lan hori egiten, odolarena eta itsasoko urarena baino gatz kontzentrazio handiagoa duen gernua sor baitezake[1]. Baina eraginkortasun hori mugatua da, eta beraz, hobe dute ahalik eta itsasoko ur gutxien edatea.
Lehenago esan bezala, janaria izan daiteke ura berreskuratzeko beste bide bat. Izan ere, oso irtenbide ona izan daiteke hori ugaztun harrapakarientzat euren harrapakinak arrain teleosteoak baldin badira. Arrain teleosteoen barne medioak eta ugaztunenak gatzen antzeko kontzentrazioa dutenez, arrainak jaten dituzten ugaztunek ez diete aurre egin behar ura edateak dakartzan arazoei. Izan ere, itsas lehoiekin egindako ikerketa batean aurkitu denez, itsas lehoien jakia arrainez osatua badago, ez dute bat ere urik edan behar. Harrapakariak ez direnentzat, baina, bere horretan dirau arazoak. Krill izeneko krustazeo txikiak iragaziz elikatzen diren baleek, adibidez, itsasoko ura bezain kontzentratua dagoen janaria baliatzen dute. Agian horregatik ikusi izan dira baleak izotza jaten!Ekarpen honen izenburuaren galderari erantzutea ez da erraza. Ezaguna da hainbat itsas txakurrak eta itsas lehoik itsasoko ura edaten dutela, noizean behin bai behintzat, baina ez dakigu hori ohikoa den ala ez. Seguraski, ura edaten dute besterik geratzen ez zaienean; azken batean, euren giltzurrunek geureek baino gernu kontzentratuagoa sortzen dute. Hala ere, segurtasun osoz esan dezakegu ahalik eta ur gutxien edaten dutela, bestela giltzurrunek lan handiegia egin beharko lukete-eta.
[1] Neurketak egin diren esperimentuetan, -foka eta itsas lehoietan-, ikusi da itsasoko ura baino 2’5 bider kontzentratuago dagoela gernua.



Tuesday, March 24, 2009

Arnas egiteko beste modu bat


Aristoteles-ek, bere “Animaliei buruzko ikerketan”, honakoa dio arnasketari buruz: “Animalia lehortarren arteko batzuek, -gizakiak eta birikak dituzten gainontzeko lehorreko animalia guztiek-, airea hartu eta kanporatu egiten dute (arnasgora eta arnasbehera izeneko prozesuak); beste batzuek, berriz, ez dute airea hartzen, baina lehorrean bizi eta elikatzen dira, liztorra, erlea eta gainontzeko intsektuak bezala. Intsektuak deitzen ditut euren gorputzek lakainak, -bizkarrean egon zein sabelean egon-, erakusten dituzten animaliak”.
Aristoteles-ek asko zekien animaliei buruz. Historiako lehen zoologotzat hartzen dugu eta zenbait konturi buruz berak azaldutakoa ez da ia aldatu mendeetan zehar. Hala ere, intsektuen arnasketari buruz idatzitakoaz nahikoa arrazoia bazuen ere, ez zuen arrazoi osoa.
Intsektuek ez dute birikarik. Horixe da animalia talde horren ezaugarririk behinenetako bat. Trakea-sistema da intsektuen arnas aparatua. Larruazalak sorturiko inbaginazioen edo barruranzko hodien multzoak osatzen du sistema hori; hodi horietako bakoitza da trakea bat. Trakearen ahotik sartzen da airea, eta barrurantz doa, trakeatik sortzen diren adarretatik barrura. Adarkatze jarraiak gertatzen dira barruranzko ibilbide horretan, eta adarkatzean, gero eta gehiago eta gero eta meheagoak dira sortzen diren trakeaskak. Azkenean zelula guztietaraino iristen dira azken trakeaska txikienak. Trakeaskaren azken zatian ura dago, eta ur horretan disolbatzen da sisteman sartu den oxigenoa, zeluletara iragateko.
Sistemaren deskribapena osatzeko, beste bi kontu aipatu behar ditugu hemen. Batetik, -eta hauxe da Aristoteles-ek arrazoi osoa ez edukitzearen zioa-, muskulu mugimenduek eraginda nolabaiteko egurasketa egon daiteke zenbait espezietan; hortaz, intsektuek bai izan dezakete arnasgora, nahiz guztietan holakorik ez den gertatzen. Eta bestetik, trakeak ixteko ahalmena[1] dute, eta berebiziko garrantzia du horrek trakea-sistemaren barruan dagoen ura lurrun ez dadin eta horrela gehiegizko ura gal ez dadin.
Zirkulazio sistema ez dugu ezertarako ere aipatu orain arte, intsektuen zirkulazio aparatuak ez baitu egiten arnasketarekin zerikusia duen inolako lanik. Hau da, bi sistema horiek aparte daude, ez dute elkarrekiten, eta horri dagokionez, salbuespen bat da intsektuen taldea organo bereiziak dituzten animalien artean. Hori bai, badirudi ordainsari bat ordaindu behar izan dutela sistema horren truke, trakeen bidezko arnasketak muga nabarmenak ezartzen baititu intsektuek izan dezaketen tamainari dagokionez. Izan ere, horrelako hodi-sistema baten bidez oxigenoa ezin izango litzateke eraman zeluletaraino tamaina batetik gorako animalien kasuan.
Hortaz, ezintasun hori gabe mundua ez litzateke izango ezagutzen dugun bezala. Edo irudika ote genezake gure tamainako intsektuez beteriko planeta bat? Zientzia fikziozko zenbait filmetan ikusi ditugu intsektu erraldoi horiek, liztor eta inurri erraldoiak, eta egia esan, ez da bat ere lasaigarria.Baina azter dezagun kontua beste ikuspegi batetik. Azaldu dugun istorio hau garrantzi gutxiko pasadizo bat izango litzateke kontu batengatik ez balitz. Izan ere, intsektuena da munduko animalia talde nagusia, bai espezie kopuruari dagokionez, bai eta ale kopuruari dagokionez ere. Hau da, munduko animalia gehienak intsektuak dira eta, beraz, okertu gabe esan dezakegu munduko animalia gehienek ez dutela behar zirkulazio sistemarik euren elkartruke guztiak egin ahal izateko, gasen elkartrukea egiteko ez baitute erabiltzen.
[1] Espirakulu izena duen estalki egitura baten bidez



Monday, March 23, 2009

Urpekarien oxigenoa


Ugaztun gehienok lehortiarrak gara, baina badira itsasoan bizi direnak edo bizimodu urlehortarra dutenak ere. Itsastarrak dira baleak eta izurdeak. Itsas elefanteak, itsas txakurrak eta itsas lehoiak, berriz, urlehortarrak dira. Urpekari apartak dira bai batzuk eta bai besteak.
Urpekarien gaitzaz aritu ginen ekarpenean esan genuen bezala, baleek birikak hustutzen dituzte urperatu baino lehen, eta ber gauza egiten dute gainontzeko itsas ugaztunek ere. Gure senaren aurka doa hori, urperatu baino lehen birikak betetzen baititugu airez. Baina “Urpekarien gaitza” izenburuko istorioan azaldu genuenez, biriketan gordetako airearen nitrogenoak kalte larriak ekar ditzake; hori dela eta, itsas ugaztunek ez dute kasik airerik gordetzen biriketan urperatzera doazenean.
Hori horrela, eta biriketan oxigeno gutxiegi geratzen dela jakinda, nondik ateratzen dute, bada, itsas ugaztunek behar duten oxigenoa? Bi gordelekutik ateratzen dutela da galdera horren erantzuna. Gordeleku bat odola bera da. Itsas txakurrek, esaterako, masa unitateko odol gehiago dute gizakiok baino; ia bikoitza dute, zehatzak izateko. Eta gainera, oxigeno-kontzentrazioa balio garaiagoetara hel daiteke euren odolean, odolaren hemoglobina-kontzentrazioa garaiagoa baita. Horrek, hala ere, muga nabarmenak ditu; izan ere, hemoglobinaren kontzentrazioa oso garaia balitz odolaren biskositatea altuegia izango litzateke eta horrek lan handiegia emango lioke bihotzari odola ponpatzeko orduan.
Eta bigarren gordelekua, muskulua da. Ornodun guztien muskuluek, muskulu geldoek batez ere, mioglobina dute oxigenoa gordetzeko. Oxigenoa odoletik iristen da eta pigmentu horrekin konbinatzen da erabili baino lehen. Era horretara gordeta, konstante samar mantentzen da muskulu zelulen oxigeno kontzentrazioa. Horixe da edozein ugaztunetan gertatzen dena. Baina mioglobinarekin loturik dagoen oxigenoa beste ugaztunen muskuluetan dagoena baino askoz gehiago da itsas ugaztunetan, askoz ere mioglobina gehiago dutelako. Horra zenbait datu adierazgarri: gizabanakoen muskuluaren mioglobina kontzentrazioa 6 g kg-1-koa den bitartean, 50-70 g kg-1-koa da zenbait itsas txakurrena eta 76 g kg-1-koa zeroiarena.
Beraz, urpean denbora luze igaro ahal izateko behar duten oxigenoa odolaren hemoglobinatik eta muskuluaren mioglobinatik ateratzen dute, birikek ez baitute horretarako balio. Guk biltegi berberak ditugu, baina urpekarienek askoz ere kapazitate handiagoa dute.



Tuesday, March 17, 2009

Urea kaltegarria ote?


Aurreko ekarpenean azaldu denez, urea proteinen metabolismoaren azken produktua da ugaztunetan eta beste zenbait ornodunetan. Hondar nitrogenodun modura, animalia hauen giltzurrunean iraitzi egiten da eta gernuan zehar kanporatu, kontzentrazio garaitan eragin kaltegarriak baititu.
Marrazoen giltzurrunetan, ordea, birxurgatu egiten da urea; hau da, kanporatu beharrean odolerantz bideratzen da. Elasmobrankio itsastarren odoleko urearen kontzentrazioa, ugaztunek dutena baino 100-200 aldiz handiagoa da; balio horiek jasanezinak lirateke gainontzeko ornodun guztietan. Elasmobrankioetan, aldiz, urea gorputz-fluido guztietako osagai arrunta da eta ehunetan arazoak ager daitezke konposatu hau desagerrarazten bada. Adibide adierazgarri modura erabil daiteke hurrengoa: marrazoen bihotzak, beste animalia askorenak bezala, euren gorputzetik kanpo, isolatuta, denbora luze manten daitezke, normal taupatzen, baldin eta inguruan jartzen bazaie beren odolaren antzeko konposizio ionikoa duen gatz-disoluzio bat. Horrela izateko, baina, urea kontzentrazio altua mantendu behar da kanpo-medio horretan. Medio horretatik urea kenduz gero, bihotz horrek anderakuntza nabarmena agertzen du eta pixka bat geroago uzkurtzeari uzten dio.

Nola izan daiteke, bada, baldintza normaletan bere toxikotasuna dela eta iraitzi beharreko substantzia bera erabiltzea zenbait animaliak eragile osmotiko modura bere odoleko kontzentrazio osmotikoa goratzeko? Toxikoa delako eskretatu behar bada, nolatan sahiesten dute animalia hauek ureak izan dezakeen ergin kaltegarria? Aski ezaguna da ureak proteinak desegonkortu egiten dituela, eta bereziki entzimak.
Lehen erantzun modura otu dakigukena zera da: behar bada eboluzioan zehar animalia hauen entzimek garatu dute urearen eragin kaltegarri horren aurreko babes-moduren bat. Gogora dezagun, esaterako, puxika arraina tetrodotoxinarekiko erresistentea dela. Ez ba, ez dirudi hori denik arrazoia. Urearekin batera, elasmobrankioek trimetil amina oxidoa (TMAO) metatzen dute. Dirudienez, ureak entzimetan ohi duen eragin kaltegarria neutralizatzeko ahalmena du TMAOak eta antzeko eragin neutralizatzailea bide du beste amina metilatu pare batek, betaina eta sarkosinak hain justu. Mota honetako konposatuek urearen gain duten ahalmen neutralizatzailea maximoa da urea/metilamina ratioa 2:1 ingurukoa denean, eta horixe bera da, gutxi gorabehera, arruntena itsas uretan arazo osmotikoak ez izateko konposatu organiko nitrogenodunak erabiltzen dituzten ornodunetan sarri aurkitzen dena.



Monday, March 16, 2009

Marrazoen usain txarra


Amonio ioia (NH4+) da proteinen metabolismoaren azken hondarra. Animalia guztiek sortzen dute etengabe, eta oso molekula toxikoa denez, berehala iraitzi behar da; ezin dakioke utzi barne likidoetan pilatzen. Horretarako, baina, ur asko behar da, zeren iraitzi ahal izateko, ur bolumen handietan disolbatua egon behar baitu. Ur behar horiek nonbait apalagoak izan daitezen, amonioa bezain toxikoa ez den beste molekula bat bihurtzen dute animalia askok. Molekula hori ez da bakarra animalia guztietan: guk ugaztunok, esaterako, urea erabiltzen dugu; azido urikoa da intsektuek eta hegaztiek erabiltzen duten molekula; eta badira hain hedaturik ez dauden bestelako iraizketa-molekula nitrogenodunak. Molekula bakoitza iraitzia izateko ur bolumen desberdina behar denez, euren inguruneko ur gertutasunaren arabera erabiltzen dute animaliek bata edo bestea. Ura soberan duten animalia gehienek amonioa erabiltzen dute eta ur gutxien duten animaliek, azido urikoa erabiltzen dute. Erdian gaude urea erabiltzen dugun animaliok.
Baina itzul gaitezen harira. Kontua da animalia askok, ugaztunok barne, urea erabiltzen dugula hondar nitrogenodunak kanporatzeko. Hori ez da, ordea, urearen zeregin bakarra animalien artean, beste zeregin baterako erabiltzen baitute uretako animalien talde bateko kideek. Izan ere, arrain elasmobrankioek eta beste arrain talde txikiko kideek ere, odolean gordetzen dute urea, kontzentrazio garaietan gainera. Berezi samarrak dira arrain horiek, eta itsastarrak gehienak. Nahiz horietako zenbait ugari samarrak diren, arrain talde nagusia den teleosteoen taldea baino askoz ere espezie gutxiago du elasmobrankioenak. Esan bezala, ugariak dira horietako zenbait, eta aski ezagunak gainera: marrazoak, mailu-arrainak, eta manta-arraiak, besteak beste, elasmobrankioak dira. Zelakantoa[1] eta kimerak dira besteak, talde txikikoak direnak. Bada, arrain horiek guztiek urea gordetzen dute euren odolean.
Baina, zertarako gordetzen dute? Zein da urea horrek betetzen duen zeregina? Bada, eragile osmotikoa da urea animalia horien odolean. Elasmobrankio itsastar, kimera eta zelakantoaren[2] odolaren kontzentrazio osmotikoa orekan dago itsasoko urarenarekin. Orekan dago, bai, baina oreka hori ez dagokio gatz ezorganikoen ekarpenari, urearenari baizik. Izan ere, urea da oreka hori ahalbidetzen duen solutua. Hau da, odolean duten gatz ezorganikoen kontzentrazioa itsasoarena baino askoz apalagoa da, baina ureari esker berdinak edo oso antzekoak dira bi kontzentrazioak, kanpokoa, itsasoarena, eta barnekoa, odolarena. Eta era horretara ekiditen zaio bestela ura kanporatzeko egongo litzatekeen joerari. Urea gabe, barne kontzentrazioa askoz apalagoa izango litzateke, eta horrek ura bultzatuko luke gorputzetik irtetera. Urearen garrantziaren ideia egokia edukitzeko horra honako zehaztapena: marrazoen odolaren kontzentrazio osmotikoaren %30-%40 ureari dagokio. Ez harritu, beraz, marrazoak eta antzekoak saltzen diren arrantza portuetako lonjetan usain txarra baldin badago, azken batean urearen usaina berdina da gernuan eta marrazoen odolean.
Baina istorioa ez da hor amaitu. Hainbat elasmobrankio itsastar ibaietara sartzen baitira eta hainbat elasmobrankio ibaietan bizi baitira. Zer gertatzen da horien odolarekin? Marrazo zezena (Carcharhinus leucas) itsastarra da, baina ibaietara sartzeko ahalmena eta ohitura du; eta gauza bera egiten du txakur-arrainak (Squalus acanthus). Bada, bietan jaisten da odolaren urea kontzentrazioa ibaietara joaterakoan. Jaitsiera hori ez da nahikoa kanpo uraren kontzentrazio osmotikoarekin parekatzeko, baina bai bi medioen arteko gradiente osmotikoa handiegia ez izateko, eta horrela barneko ur edukia konstante mantendu ahal izateko. Kontuan hartu behar da ibaietara sartzerakoan, ur geza baino askoz ere kontzentratuago dagoela odola. Baldintza horien menpean, arrainek ezer egingo ez balute, ura sartuko litzaieke gorputzean lehertu arte. Horri ekiditeko eraenketa lana egin behar dute, baina lan hori errazago egin dezakete urearen kontzentrazioa jaisten baldin badute, eta horixe da egiten dutena.
Gutxi izan arren, badira ur gezetan bizi diren hainbat elasmobrankio. Horietako bat, Congoko manta-arraia (Dasyatis generoa) da eta beste bat Amazoniakoa (Potamotrygon generoa). Lehenaren odolaren urea kontzentrazioa oso apala da, manta-arrai itsastar baten ia erdia hain justu, eta bigarrenak ez du bat ere urearik, guztiz ezabatu baitu bere odolatik. Hortaz, ez dut uste Potamotrygon saltzen diren tokien usaina bereziki txarra denik.
[1] Crossopterygii taldeko kide bakarra dugu zelakantoa. Izan ere, Crossopterygii taldea iraungitzat hartua zegoen talde horren aztarnarik ez baita agertu azken 75 milioi urteetako fosiletan. Baina 1938an bizirik zegoen Latimeria zelakantoaren ale bat harrapatua izan zen Afrikako ekialde-hegoaldeko kostaldearen aurrean. Ale handia zen, 1’5 metrokoa eta 50 kg-ko pisua zuena, eta sona handia sortu zuen zientzia komunitatean. Geroztik hainbat ale harrapatu izan dira bizirik eta denbora luze mantendu ezin izan diren arren laborategian, oinarrizko hainbat datu ezagunak dira egun.
[2] Kimerak (edo arratoi arraina) eta zelakantoa itsastarrak dira, elasmobrankio gehienak bezala.



Wednesday, March 11, 2009

Itsasoan urak handi


Urez beterik dago itsasoa, urez beterik eta gatzez ere. Itsasoko ur litro batean 33 g gatz dago; sodio kloruroa da gehiena, hau da, etxean jakiei botatzen diegun gatz horren antzekoa dena. Bestalde, asko eta talde guztietakoak dira itsasoan bizi diren animaliak. Gehienen barne fluidoek, gainera, itsasoko uraren gatz kontzentrazio berdina dute; orekan daude barne likidoak eta kanpoko ura, pareko kontzentrazio osmotikoak baitituzte. Horren ondorioz, animalia horiek ez diote aurre egin behar gatz eta uraren balantzeak ekar litzakeen egoera kaltegarriei. Muskuiluak, belakiak, itsastrikuak, anemonak, poliketoak eta beste zenbait zizare, besteak beste, talde horren partaideak dira.
Baina animalia horiez gain, badira beren barne likidoek itsasoko urak baino gatz kontzentrazio apalagoa dutenak. Txitxarroak, antxoak, bisiguak eta abarreko arrain teleosteoak dira talde horren partaide nagusiak. Bigarren horiek, beraz, ez daude orekan, eta desoreka horrek lan berezia eskatzen die euren barne egoera egonkor mantentzeko.

Aurreko ekarpen batean azalduta geratu da zergatik zegoen oker gabon kanta ezagun hura: Ibaietako arrainek ez dute urik edaten eta horregatik da desegokia kantaren leloa. Baina itsasoko arrainak, kontu honi dagokionez bederen, desberdinak dira. Itsasokoak bai, gabon kanta ezagun horren protagonistak izan litezke, zeren ibaietako arrainek ez bezala, hauek bai edaten dute ura. Ur behar handia baitute. Azken batean, itsasoko arrainei ibaietakoei gertatzen zaienaren aurkakoa gertatzen zaie. Ibaietakoek ura soberan bazuten, hauek, berriz, faltan dute.
Euren kontzentrazio osmotikoa itsasoko urarena baino baxuagoa izanik, ura galtzeko arriskuan daude. Hori dela eta, ahal duten moduan eskuratu behar dute, eta edatea da duten modu bakarra. Baina horrek, jakina, badu garrantzi handiko aurkako bat: gatz kantitate handia sartzen zaiela ur horrekin batera. Azken batean, handia da itsasoko uraren gatz kontzentrazioa, eta edandako urarekin batera gatz hori xurgatuko balute, ondorio kaltegarriak suertatuko lirateke, barne likidoen gatz kontzentrazioa igoko bailitzateke egokia den mailatik gora. Nola konpon daiteke hori?
Gatz horiek heste hodian ez xurgatzea da gatzen sarrerari ekiditeko dagoen bidea. Baina hori ez da bat ere erraza eta zenbait gatz xurgatu egiten dira. Hala ere, beste zenbait ez dira xurgatzen, arrain horien hestearen zelulak berezi samarrak baitira. Zelulok dituzten egiturei esker hainbat gatz gera daitezke xurgatu gabe eta hondakinekin batera kanporatzen dira.
Eta zer egin xurgatu diren gatzekin? Bada, gabon kantaren artikuluan ikusi dugunaren aurkakoa, hain justu. Ibaietako arrainek brankietatik xurgatzen dituzte ezinbestekoak dituzten gatzak; itsasokoek, ordea, brankietatik kanporatzen dituzte soberan dituztenak, eta horrela, egonkor eta maila egokietan manten ditzakete beren barne gorputzen gatz kontzentrazioa.
Ibaietako arrainei buruz aritu garenean, aipatu dugu arrain haiek gernu bolumen handiak ekoizten dituztela, soberan sartzen zitzaien ura kanporatzeko bidea baita hori. Itsasoetakoek duten arazoa, berriz, aurkakoa da, ur behar handiak dituztelako. Hori dela eta, itsasokoek oso gernu gutxi ekoizten dute, eta gainera, gatz edukin garaikoa da gernu hori. Izan ere, giltzurrun bereziak dituzte itsasoetako arrainek, glomerulurik gabeko giltzurrunak baitira eta gatzen jariaketa aktiboz sortzen baitute gernua.
Oharra: Txitxarroak (Trachurus picturatus) dira irudiaren arrainak; irudia “Nivarsub” urpekarien taldeko webgunetik (www.nivarsub.com/c.html) hartua dago.



Tuesday, March 10, 2009

Urpekarien gaitza


Itsas ugaztunek oso ondo egiten dute igeri urpean. Baina salbuespenak dira ugaztunen artean, ugaztun gehienontzat urpean egotea oso zaila baita. Ugaztunen birikek ezin dute oxigenorik erauzi uretatik, bistakoa da hori. Baina horrez gain, oxigenoarekin zerikusirik ez duten bestelako arazoak ditugu ugaztunok urperatzen garenean. Horietako bati urpekarien gaitza deitzen zaio, eta horixe izango da, hain zuzen ere, ondoren azalduko dugun kontua.

Nitrogenoa (78%) eta oxigenoa (21%) dira arnasten dugun airearen osagai nagusiak. Oxigenoa erregarri gisa erabiltzen dugu metabolismoan eta arnas sistema erabiltzen dugu eskuratu ahal izateko. Nitrogenoa, berriz, geldoa da; ez dugu behar eta ez dugu ezertarako ere erabiltzen. Ohiko baldintzen menpe, arnasten dugun nitrogenoaren zati txiki bat bakarrik pasatzen da odolera, eta disolbaturik igaroten da zati txiki hori. Baina urperatzerakoan, presio hidrostatikoa jokatzen hasten da eta, horren ondorioz, presio handien pean daude biriken barrunbean dauden gasak, sakoneraren arabera handitzen baita presioa. Izan ere, 10 m-ko 1 atm handitzen da. Beraz, itsas azalean dagoena (atmosferari dagokiona) 1 atm-koa bada, 2 atm-koa da 10 m-ko sakoneran eta segida horren arabera goratzen da hortik behera.
Ikus dezagun orain zein den urpekariek aurki dezaketen arazoa. Presioaren igoera dela eta, urpekariak arnasten duen airearen[1] nitrogenoaren presio partziala ere goratzen da eta, horren ondorioz, itsas mailan atmosferatik hartuko lukeena baino nitrogeno gehiago hartzen du urpekariaren odolak. Harturiko nitrogeno hori bertan geratzen da, odolean eta barne fluidoetan, disolbaturik. Baina itsas azalera itzultzen denean urpekaria, jaitsi egiten da presio hidrostatikoa eta, horrekin batera, biriketan dagoen gasen presio partziala ere. Odol eta barne fluidoetan disolbaturik zegoen nitrogenoa biriken barrunbera itzultzen da beherapen horren ondorioz eta, gero, kanporatua izaten da biriken barrunbetik.
Arazo larriak sor daitezke, hala ere, arinegi goratzen bada urpekaria. Arinegi goratuz gero, presioaren jaitsiera ere azkarregi gertatzen da eta, orduan, nitrogenoa ez da apurka-apurka barreiatzen biriken barrunbera. Baldintza horien pean gas-nitrogenozko burbuilak sor daitezke gorputz fluidoetan eta kalte larriak eragin ditzakete burbuila horiek. Izan ere, nitrogenozko burbuilek nerbioak estutu ditzakete, arteriak, zainak eta linfa-hodiak buxatu, eta halaber, erreakzio kimiko kaltegarriak eragin odolean.
Esan bezala, urpekariei gerta dakieken arazo larria da hori eta horrexegatik deitzen zaio urpekariaren gaitza. Baina itsas ugaztunei ez zaie horrelakorik gertatzen, nahiz eta oso arin urperatzen eta azaleratzen diren askotan. Itsas ugaztunek urpekarien gaitza ez pairatzearen arrazoia ez dago guztiz argi, baina badirudi birikak hustutzen dituztela urperatu baino lehen. Horrela jokatuz, biriken barrunbean ez da geratzen nitrogenorik (oxigenorik ere ez) eta biriketan ez badago, odolera ere ez da iragaten eta odolean ez dagoen nitrogenoak ezin dezake burbuilarik sor.
Itsas txakurrei dagokienez ez dago zalantzarik: frogaturik dago birikak hustutzen dituztela urperatu aurretik. Baleen kasuan, berriz, ez dago horren argi, baina euren birikak oso txikiak dira eta argi dago urperatzerakoan berehala kolapsatzen direla. Kolapsaturik egonik ez da ezer geratzen birika- barrunbean.
Baina birikak hain arin kolapsatzen badira, nondik ateratzen dute itsas ugaztunek arnas egiteko behar duten oxigenoa? Hori, beste egun batean ikusiko dugu.
[1] Arazo honi dagokionez, berdin da aire konprimituaz beteriko botilatik harturiko airea den edo biriken barrunbean dagoena den.



Tuesday, March 3, 2009

Migratzaile aparta


Migrazio luzeak egiten dituen hegazti batez aritu ginen aurreko post batean, erreginatxo marradunaren digestio-sistemaz idatzi genuen artikuluan, hain zuzen ere. Bada, Dendroica striata migratzaile handia bada ere, are migratzaile handiagoa da ipar-txenada (Sterna paradisiaea).
Hegazti zirkunpolarra da. Europa, Asia eta Iparamerikako eskualde artiko eta subartikoetan bizi da ugal sasoian, udan. Ugaltzeko, koloniak osatzen ditu, eta oso erasokorra da habiak mehatxatzen dituzten animaliekin, bai eta animalia horiek gizakia bezain ugaztun handiak direnekin ere. Beste itsas hegaztiak bezala, arrainez eta itsas ornogabeez elikatzen da. Biziraupen luzeko hegaztia da, hogei urte izatera erraz heltzen baita.
Baina, lehen esan bezala, bere migratze ahalmen handia da ipar-txenadaren ezaugarririk behinena. Txitatze aldia bukatzen denean, beste hilabete batez egoten dira gurasoak txitoak zaintzen eta elikatzen, eta horren ostean, Antartikara abiatzen dira, oiloekin batera. Izan ere, uda batetik bestera joaten da Sterna paradisiaea eta, beraz, udan bizi da ia etengabe. Hori dela eta, ipar-txenada da argi-ordu gehien ikusten duen animalia.
Joan eta itzultzeko bidaiei dagozkien distantziak batuta, ia 40.000 km egiten dituzte urtero; hori baino migrazio luzeagorik ez da ezagutzen animalien artean. ¡Begira noraino diren luzeak egiten dituen hegaldiak, bizitza osoan zehar Ilargira joan eta etortzeko bidaiaren pareko distantzia egiten baitu!



Izotz aurkako naturalak


Bilatuz gero, itsasoaren ia edozein tokitan aurki ditzakegu arrainak, bai eta ustez ezinezkoa litzatekeen uretan ere. Itsas teleosteoen barne likidoen gatzen kontzentrazioa itsasoko urarena baino hiru bider apalagoa da gutxi gora behera. Ezaguna denez, 0 ºC-tan izozten da ur destilatua, baina ur disoluzioen izozte-tenperatura 0 ºC azpitik dago. Izan ere, kontzentrazioaren menpekoa da disoluzioen izozte-tenperatura. Hori horrela, itsas teleosteoen odola -0’6 ºC eta -0’8 ºC artean izozten da, itsasoko ura -1’8 ºC-tan izozten den bitartean. Ur disoluzioak dira biak, odola eta itsasoko ura, kontzentrazio desberdineko disoluzioak, lehen adierazi bezala.
Gauzak horrela, ez litzateke arrainik egon beharko -0’8 ºC baino tenperatura hotzagoko uretan, balio horren azpitik izoztu beharko bailitzaizkieke euren gorputz likidoak. Harrigarria bada ere, baina, horrelakorik ez da gertatzen. Izan ere, izoztearen arriskuari aurre egiteko, izotz aurkakoak diren gaiak metatzen dituzte euren odolean ur hotzetan bizi diren arrainek. Glukoproteinak[1] pilatzen dituzte Antartiko itsasokoek, adibidez. Horiexek dira, baita ere, barne fluidoetan iparraldeko itsasoetako bakailauek metatzen dituzten osagaiak. Baina bestelako gaiak ere erabiltzen dituzte iparraldeko beste zenbait arrainek. Izan ere, peptidoak[2] dira izozte arriskuari ekiditeko gehien erabiltzen diren gaiak. Eta bada askoz ere bakunagoa den beste molekula bat erabiltzen duen arrainik ere; Fundulus heteroclitus izenekoak glukosa erabiltzen du, azukre sinplea.
Baina Fundulus ez da izozteari aurre egiteko glukosa erabiltzen duen animalia bakarra. Izan ere, horixe da zenbait anfibiok erabiltzen duten izotz kontrako naturala; beste zenbaitek, berriz, glizerola erabiltzen dute.
Izozteari ekiditeko metaturiko gaiak batzuk zein besteak izanik, guztiek dute ezaugarri komun bat, alegia gai organikoak direla, autoen hozkailuetan neguan ipintzen diren izotz kontrako gaiak bezala, hain zuzen ere. Hortaz, ez litzateke harritzekoa izan beharko duela zenbait hamarkada autogintzaren ingeniariek asmatu zuten gauza bera milioika urte lehenagotik naturak asmatua izana.
Oharra: Irudian agertzen diren arrainak Fundulus heteroclitus espeziearen aleak dira. “University of Delaware College of Marine and Earth Studies” erakundearen webgunetik (www.ocean.udel.edu/kiosk/mummichog.html) hartua dago irudi hori.
[1] Karbohidrato batez eta proteina batez osaturiko tamaina txikiko molekula da.
[2] Aminoazidoez osaturiko molekula txikiak. Proteinak bezalakoak dira, baina proteinak aminoazido kopuru handiagoez osatuak dira.