Tuesday, March 3, 2009

Izotz aurkako naturalak


Bilatuz gero, itsasoaren ia edozein tokitan aurki ditzakegu arrainak, bai eta ustez ezinezkoa litzatekeen uretan ere. Itsas teleosteoen barne likidoen gatzen kontzentrazioa itsasoko urarena baino hiru bider apalagoa da gutxi gora behera. Ezaguna denez, 0 ºC-tan izozten da ur destilatua, baina ur disoluzioen izozte-tenperatura 0 ºC azpitik dago. Izan ere, kontzentrazioaren menpekoa da disoluzioen izozte-tenperatura. Hori horrela, itsas teleosteoen odola -0’6 ºC eta -0’8 ºC artean izozten da, itsasoko ura -1’8 ºC-tan izozten den bitartean. Ur disoluzioak dira biak, odola eta itsasoko ura, kontzentrazio desberdineko disoluzioak, lehen adierazi bezala.
Gauzak horrela, ez litzateke arrainik egon beharko -0’8 ºC baino tenperatura hotzagoko uretan, balio horren azpitik izoztu beharko bailitzaizkieke euren gorputz likidoak. Harrigarria bada ere, baina, horrelakorik ez da gertatzen. Izan ere, izoztearen arriskuari aurre egiteko, izotz aurkakoak diren gaiak metatzen dituzte euren odolean ur hotzetan bizi diren arrainek. Glukoproteinak[1] pilatzen dituzte Antartiko itsasokoek, adibidez. Horiexek dira, baita ere, barne fluidoetan iparraldeko itsasoetako bakailauek metatzen dituzten osagaiak. Baina bestelako gaiak ere erabiltzen dituzte iparraldeko beste zenbait arrainek. Izan ere, peptidoak[2] dira izozte arriskuari ekiditeko gehien erabiltzen diren gaiak. Eta bada askoz ere bakunagoa den beste molekula bat erabiltzen duen arrainik ere; Fundulus heteroclitus izenekoak glukosa erabiltzen du, azukre sinplea.
Baina Fundulus ez da izozteari aurre egiteko glukosa erabiltzen duen animalia bakarra. Izan ere, horixe da zenbait anfibiok erabiltzen duten izotz kontrako naturala; beste zenbaitek, berriz, glizerola erabiltzen dute.
Izozteari ekiditeko metaturiko gaiak batzuk zein besteak izanik, guztiek dute ezaugarri komun bat, alegia gai organikoak direla, autoen hozkailuetan neguan ipintzen diren izotz kontrako gaiak bezala, hain zuzen ere. Hortaz, ez litzateke harritzekoa izan beharko duela zenbait hamarkada autogintzaren ingeniariek asmatu zuten gauza bera milioika urte lehenagotik naturak asmatua izana.
Oharra: Irudian agertzen diren arrainak Fundulus heteroclitus espeziearen aleak dira. “University of Delaware College of Marine and Earth Studies” erakundearen webgunetik (www.ocean.udel.edu/kiosk/mummichog.html) hartua dago irudi hori.
[1] Karbohidrato batez eta proteina batez osaturiko tamaina txikiko molekula da.
[2] Aminoazidoez osaturiko molekula txikiak. Proteinak bezalakoak dira, baina proteinak aminoazido kopuru handiagoez osatuak dira.

0 comments: