Monday, February 23, 2009

Bizitzaren ertz beroak


Muturreko tenperaturak jasan ditzaketen forma edo egoera bereziak dituzte animalia zenbaitek. Baina egoera berezi horiek ez dira bateragarriak bizimodu arruntarekin. Izan ere, ingurune-tenperaturak mutur-muturrekoak badira ezin daiteke mantendu ohiko bizimodua, puntako tenperatura horiek hilkorrak gertatzen baitira. Zer da, baina, muturreko tenperaturatzat har daitekeena?
Bada, desberdina da erantzuna uretako eta lehorreko animaliei dagokienez. Oro har, lehorreko ingurumenean gertatzen dira tenperatura-aldaketa handiago eta bortitzagoak eta, horrekin loturik, garaiago eta behereagoak izaten dira muturreko tenperaturak. Lehorreko animalien artean 50ºC-takoa da, gutxi gorabehera, hiltze-tenperatura garaiena, baina badira hori baino behereagoak diren hiltze-mugak. Animalia itsastarren artean, berriz, nekez izaten dira 30ºC-tik goragokoak, baina marearteko aldean bizi direnak salbuespenak dira. Horiek, ezaugarri lehortiarrak dituen ingurumen batean bizi direnez, erdiko hiltze-tenperaturak dituzte, uretatik kanpo denbora luze egoten direnenak garaiagoak direlarik.
Saharako basamortuko zilar inurriarena da ezagutzen den hiltze-tenperaturarik gorena. Inurri hori 54ºC-tik hurbil egon daiteke janari bila dabilenean, baina hori bai, minutu gutxitan egon daiteke tenperatura horren pean. Bizitzaren ertzean dago, bai, zilar inurria!
Ertz hori oso zorrotza da zenbait kasutan, zorrotzegia animalia batzuentzat. Vespa mandarinia japonica liztor japoniarra harrapakaria da, baina bere harrapakinen artean bada bat arazo larriak ekar diezazkiokeena, hain larriak, bere harrapakin (?) horrek hil egin dezakeela harrapakaria (?). Apis cerana japonica izeneko erle japoniarra da ustezko harrapakina. Aspalditik zen ezaguna erle hauek garaile atera zitezkeela liztorraren kontrako lehian, baina hasieran ziztadaka hiltzen zutela uste bazuten ere, gero ikusi zen ezetz, beste prozedura sofistikatuago bat erabiltzen zutela liztorra garbitzeko. Ikus dezagun orain nola hiltzen duen txikiak (erleak) handia (liztorra).
Liztorrak erle bat erasotzen duenean, berehala hurbiltzen zaizkio bostehunetik gora erle, eta inguratu egiten dute liztorra. Egia esan, inguratu baino gehiago egiten dute, “erle pilota” bat egiten baitute, eta pilota horren erdi erdian liztorra geratzen baita. Bada, 48 ºC-tara igoten da tenperatura pilotaren erdigune horretan berehala, eta horixe da, tenperatura hori hain justu, liztorra hiltzen duena.
Liztorraren hiltze muga 44-46 ºC-takoa da, eta beraz, 48 ºC garaiegia da berarentzat. Ez, ordea, erleentzat, 48-50 ºC-en artean baitago erle horien hiltze tenperatura. Ikusi dugunez, oso zorrotza izan daiteke, bai, bizitzaren ertz beroa. Eta ikusi dugunez, badago desberdintasun txikiei etekina ateratzen dion espezierik ere.

Oharra: Argazkia wikipediatik hartua dago (http://en.wikipedia.org/wiki/Vespa_mandarinia_japonica) eta Creative Commons baimenaren baldintzen menpe erabil daiteke.
Deskribaturiko portaera bideo horretan ikus daiteke:
http://www.youtube.com/watch?v=dp72gXkYJIw

0 comments: