Tuesday, February 3, 2009

Soldaduak


Bigarren Mundu Gerraren ostean latitude guztietatik hedatu zen Ameriketako Estatu Batuetako armada eta Munduko azken mugaldetan kokatu zituen bere goarnizio, kuartel, kantonamendu edo base militarrak. Horri esker, era askotako datuak bildu ahal izan dituzte iparamerikarrek. Goarnizioetako soldaduek jaten dutena dago, esaterako, biltzen duten informazioaren artean. Ulertzekoa da hori, noski, zeren erosi eta banatu behar den janari kantitatea ezinbesteko informazioa baita armadarentzat.
Bada, erlazio interesgarria aurkitu dute goarnizioa zegoen tokiaren batazbesteko tenperaturaren eta soldaduek kontsumitzen duten janari kantitatearen artean. Izan ere, askoz gehiago jaten dute toki hotzetan beroetan baino. Energia unitateetan adierazita, honako hauek dira muturreko datuak: 35ºC-ko batazbesteko tenperaturapean dauden soldaduek 3.100 kcal/egun kontsumitzen dute eta -30ºC-ko tenperaturapean daudenek, 5.000 kcal/egun. Muturreko datuak dira horiek, baina erlazioa oso argia da, bi magnitude horien arteko menpekotasun negatibo nabarmena ikus baitaiteke 22 kantonamenduei dagozkien datuen multzoa behatzerakoan.
Nire ustez, tenperatura-eraenketaren beharrekin zerikusia du behaturiko erlazio horrek. Izan ere, “Pinguino enperadorearen bizitza harrigarria” istoriotik ondoriozta daitekeen bezala, garesti samarra da hotzari aurre egitea. Pinguinoek, baraurik egonik, energia erreserbak erabiltzen dituzte arrautza txitatzen duten bitartean. Soldaduek, berriz, jateko aukera dute, eta datu horiek adierazten dutenaren arabera, gehiago jaten dute hotza egiten duen tokietan.
Beraz, badirudi klima hotzetan bizitzeak dakarren bero galerari aurre egin behar zaionean gehiago jan behar dela, jan behar den gaineratiko hori “erre” egin behar baita bero galera handiagoak konpentsatzeko. Azken batean, bero galera eta bero ekoizpena berdinduta egon behar dira gorputz tenperatura konstante mantendu behar bada, eta beraz, bero gehiago galtzen denean gehiago da sortu behar dena. Bestalde, eta aski ezaguna denez, metabolismo-jarduera goratzea da bero ekoizpena igotzeko dugun bide bakarra, baina metabolismo-jarduera goratzeak energia-osagai (erregai) gehiago erretzea dakar. Hau da, gehiago jan behar da (soldaduek) edo, bestela, lehendik pilaturiko energia-erreserbak erabili behar dira (pinguinoek).
Ez dakit guztioi berdin gertatzen zaigun ala ez, baina nik hotza egiten duenean gehiago jaten dut bero dagoenean baino. Edo hori iruditzen zait behintzat.

0 comments: