Sunday, May 3, 2009

Ur ontzia den igela


Anfibioen larruazala iragazkorra da oso. Izan ere, iragazkortasun handi horri esker larruazalak garrantzi handia du anfibio askoren arnas elkartrukeetan. Baina, era berean, lehorrean ur asko galtzen dute larrualean zehar, urarekiko iragazkorra baita larruazal hori. Azken batean, eta beste atal batean esan dugun bezala, orokorrak izaten dira iragazkortasunak; hau da, gasekiko iragazkorra den zerbait, urarekiko iragazkorra ere izaten da gehienetan.
Ura galtzeko arriskua handia da, eta izatez, galera handiak jasan behar izaten dituzte urlehortar gehienek. Galera horien tamainaren neurria emango digu honako zehaztapen honek: ingurumen baldintza berdinen menpe egonik, sugandila batek galtzen duena baino 40-50 bider handiagoa da tamaina bereko igel batek lurrunketaz galtzen duen ur bolumena. Ez da harritzekoa, beraz, urlehortar gehienek ur galerarekiko jasankortasun handia edukitzea, hau da, anfibioek beste animaliek baino ur gehiago gal dezakete aparteko kalterik jasan gabe.
Ur galerarekiko jasankortasun hori, neurri batean behintzat, urlehortarrek dituzten nolabaiteko ur biltegi bereziei dagozkie. Esaterako, plasma da horietako biltegi bat. Norbaitek pentsa lezake hori edozein animaliaren ezaugarria dela eta horretan urlehortarrek ez dutela inolako berezitasunik. Bada, desberdina da anfibioena. Izan ere, hidrataturik daudenean, urlehortarren plasmaren kontzentrazio osmotikoa oso apala da, ornodun guztien artean apalena. Horrek esan nahi du legokiokeena baino ur gehiago gordetzen dutela plasman[1], eta lurrunduz gero, odolaren kontzentrazio osmotikoa ez dela gehiegi igotzen. Beraz, ez da inolako gehiegikeria esatea plasma erabiltzen dutela ur biltoki gisa.
Baina gauzak ez dira hor amaitu. Plasmaz gain badituzte bestelako ur biltegiak ere. Horietako bat gernu puxika da, gernua bera izan baitaiteke ur iturri bat. Hau da, ura galtzen ari direnean eta edanez edo larruazaletik berreskura ezin dezaketenean, gernuaren ura berreskura daiteke puxikatik. Gernuaren bolumenaren erdia berreskuratzera irits daitezke ur beharrak handiak direnean. Bestalde, puxikaren zeregin horren garrantzia nabarmen geratzen da uretako eta lehorreko anfibioak erkatzen direnean. Izan ere, uretako anfibioen puxikaren kapazitatea lehorreko anfibioena baino 50 bider txikiagoa izan daiteke.
Azkenik, barrunbe peritoneala erabil dezakete zenbait urlehortarrek ur biltegi gisa. Horrenbesterako garrantzia izan dezake horrek ezen Cyclorana platycephalus igel australiarrak itxura esferikoa hartzen baitu urez betetzen denean. Eta azken datu hau ez da txantxetakoa: Australiako bertatiarrek edateko ur iturri gisa erabiltzen zuten Cyclorana platycephalus. Esan beharra dago, hala ere, oso berezia dela igel australiar hori. Urlehortarra izanik izugarrizko moldapenak garatu ditu lehorteari aurre egin ahal izateko. Zeren egoera benetan larritzen denean oso modu berezian egiten baitio aurre sasoi lehorrak dakarren ur eskasiari. Ur peritoneala eta puxikarena agortzen zaionean, lurperatu egiten da, gero, larruazala aldatzen du eta mukiz estali osorik; horrela gogortu egiten da eta urarekiko irazkaitz bihurtu. Geruza horren barruan hilabeteak eman ditzake euria itzuli arte.

[1] Ur gezetako arrain gehienen odolaren kontzentrazio osmotikoa 300 miliosmolar baino garaiagoa den bitartean, 200 miliosmolarretik hurbil dago ondo hidrataturiko urlehortarrena. Hau da, esan genezake euren ur edukia arrainena baino ia %50 garaiagoa dela. Bestalde, 450 miliosmolar arteko plasma kontzentrazioa jasan dezakete igelek hil gabe; hau da, heriotzera iristeko, plasmaren ur erdia galdu beharko lukete. Eta hori ez da gutxi!


Irudia, webgune honetatik hartua dago: http://www.thefrog.org/frogs/w/water-holding_frog.htm

0 comments: