Thursday, May 14, 2009

Eguzkiak elikaturiko itsas barea


Elysia chlorotica itsas bare bat da, baina ez da bat ere arrunta. Eguzki instalazio bat izango balitz bezalakoa da edo, hobeto esan, landare baten antzera jokatzen du. Horixe da James Manhart (Texas A&M University) ikertzaileak uste duena, bederen.
Landareek eguzki argia hartzen dute plastoei esker eta energia kimiko bihurtzen dute fotosintesiaren bitartez. Ezaguna denez, animaliek ezin dute hori egin eta landareak edo beste animaliak kontsumitu behar dituzte euren energia beharrak asetzeko. Itsas bare honek, baina, ez du jokatzen beste animalia gehienek bezala. Bere janari nagusia alga bat da, alga jakin bat. Ebaki bat egiten dio algari, zitoplasma zurgatu eta gehiena digeritzen du; gehiena, baina ez osoa, plastoak ez baititu digeritzen; gorde egiten ditu.
Itsas bareak gorderiko plastoek fotosintesizatzen jarraitzen dute eta horrela sorturiko materia da Elysia chlorotica-k elikatzeko erabiltzen duena. Hori dela eta, eguzki instalazio bat bezalakoa da barea, landareak bezala bere jana sortzeko gai baita.
Itsas barea algaren guztiz menpekoa da bizirik irauteko. Hasieran, hazteko eta heldutasunera iristeko, alga behar du janari gisa. Gero, algatik plasto nahikoak erdietsi dituenean, eurek egiten duten fotosintesiari esker lortzen ditu bizitzeko behar dituen energia eta elikagaiak. Energia-autonomia lortu ondoren, bederatzi hilabetetan zehar bizi daiteke eguzki-argia hartuz eta fotosintesia eginez, landareek egiten duten era berean.
Aurreko artikulu batean eguzkia hartzen duen zizare baten istorioa azaldu genuen. Pentsa liteke hura eta hau istorio berdinak direla. Ez, ez dira berdinak. Zizare hark algak jaten zituen, itsas bare honek bezala, baina harek algak gordetzen zituen, osorik, sinbiosi harremana mantentzen zuelarik, baina honek ez du inolako sinbiosirik egiten algarekin. Jan eta erabili egiten ditu algak, bai, baina algek ez dute ezer lortzen horren truke. Bestalde, zizarearen kasuan zizarea ez zen fotosintesia egiten zuena, algak baizik. Oraingo kasu honetan, ordea, barea da fotosintesia egiten duena; algek zituzten plastoei esker egiten du, bai, baina berak egiten du.

Oharra: Texas A&M Univertsitateak eman zuen hemen aurkeztu dugun istorioaren berri 2008ko abenduaren 3an, eta informazio gehiago eskura daiteke “Solar-powered Sea-slugs Live Like Plants” artikulua irakurriz Science Daily webgunean.

Irudia “Not exactly rocket science” blogetik hartua da.

0 comments: