Thursday, January 22, 2009

Arrainen haragia, bizimoduaren adierazle


Arrainen haragiaren itxura oso desberdina da espezietan zehar. Arraina jatea gustuko dugunok ondo dakigu hori. Atunak edo hegaluzeak bezalako tunidoak ditugu mutur batean eta mihi-arraina edo erreboiloa bezalako arrain lauak bestean.
Tunidoen haragiaren kolorea desberdina izan daiteke espezietan zehar baina, oro har, beste arrainena baino ilunagoa izaten da. Atunak ez dira zuriak eta hezurraren inguruan dagoen haragia odol hodiez beterik dago. Izan ere, odol asko galtzen dute ebakitzerakoan. Hau da, odol asko duen haragia da, oso irrigatua baitago. Arrain lauen haragia, berriz, zuria da, zuri-zuria, eta ez du odolik botatzen ez eta xerrak egiten direnean ere. Mihi arrainaren muskulua aztertuz gero, odol hodi solte batzuk baino ez dira ikusten.
Arrain espezieen arteko desberdintasun horiek ez dira ustekabekoak, zerikusi handia baitute espezie edo talde bakoitzaren bizimoduarekin. Haragi odoleztatuagoa duten arrainak oso aktiboak dira. Ezaguna da atunak igerilari indartsuak direla, lastertasun handiz mugitzen direla eta distantzia luzeak egiten dituztela. Beraz, oxigenoa eta elikagaiak etengabe eraman behar dira muskulu zeluletara, igeri jarduera mantendu ahal izateko. Eta horretarako beharrezkoak diren odol fluxuak handiak direnez, odol hodien dentsitatea ere handia izan behar da muskuluan. Horri dagokio tunidoen haragiaren kolore eta itxura hori.
Mihi-arrainak, berriz, sit-and-wait (eseri-eta-itxaron) harrapakariak dira. Itsas beheko jalkinaren gainean mugitu barik egoten dira denbora gehiena, hondoarekin mimetizaturik edo jalkinaz erdi estalita. Ezaguna denez, lengoraduek buruaren alde berean dituzte bi begiak eta euren gainetik, edo eurengandik hurbil, harrapakin bat ikusten dutenean, mugimendu arin eta indartsua egiten dute harrapakina atzemateko. Bestalde, harrapakinarengana iristeko egin behar duten mugimendu horretarako erabiltzen dituzten muskuluek ez dute oxigenorik behar. Izan ere, bereziak dira muskulu horiek, anaerobioak, mugimendua egiteko behar duten energia (ATP) glukolisiaren bitartez lortzen baitute[1].

Glukolisia bide metaboliko arina da, oso arina, denbora laburrean energia asko ematen baitu. Horrexegatik erabiltzen da mugimendu azkarrak egiteko eta horrexegatik erabiltzen dute mihi arrainaren muskuluek harrapakinak atzemateko. Hortaz, etengabeko oxigeno ekarpenik beharrezkoa ez denez, oso gutxi da muskulu horietaraino heldu behar den odol bolumena. Horri dagokio, hain justu, mihi-arrainaren eta bera bezalako beste arrainen haragiaren kolore zuri-zuria.
[1] Ornodunen muskulu anaerobioan laktatoa da glukolisiaren azken produktua (hartzidura laktikoa). Aerobioa izango balitz muskulua, krebs zikloan sartuko litzateke pirubatoa.

0 comments: