Wednesday, January 14, 2009
Barrunbeetan bizi ito barik (I)
Animalia asko bizi dira haitz, zoru edo arboletako zulo eta barrunbeetan, eta beste asko bertan bizi ez, baina denbora luze igaroten dira zulo horien barnean, habia bertan egin edo babestoki gisa erabiltzen baitute. Oso bereziak dira gune horiek, animaliek gertu duten aire bolumena oso txikia baita eta aire hori oso astiro berriztatzen baita. Hori dela eta, toki arruntetan baino oxigeno gutxiago dago barrunbe horien barruan.
Lurzorua zulatzen duten muskerrek eta sugandilek ez dute ezaugarri berezirik, guk dakigula. Horrela jokatzen duten anfibioek ere ez dute aparteko portaerarik erakusten. Izan ere, poikilotermoak direnez gero, metabolismo tasa apala dute narrasti eta urlehortarrek, eta baliteke hori izatea ezaugarri berezirik ez edukitzearen zioa.
Karraskariek, berriz, metabolismo tasa garaiak dituzte, oso garaiak. Batetik, homeotermoak dira; bestalde, animalia txikiak izanik, metabolismo tasa garaiak dituzte berez, txiki izategatik hain justu[1]; eta azkenik, jarduera handia garatzen duten animaliak dira. Horrek esan nahi du oxigeno asko hartu behar dutela eta, ondorioz, oxigeno kontzentrazio apalegiak gerta daitezkeela karraskarien barrunbeetan. Ohikoak izan daitezke, adibidez, %6ko O2 kontzentrazioak.
Horrelako baldintzen azpian bizi ahal izateko moldapen bereziak behar dira, zalantzarik ez dago, baina moldapen horiek desberdinak dira espezieetan zehar. Hainbat karraskarik, adibidez, globulu gorri asko dute, ohikoa dena baino gehiago; beste hainbatek, globulu gorri gehiago izan gabe, hemoglobina gehiagoko globuluak dituzte. Bai era batera eta bai bestera, oxigeno gehiago garraia daiteke odolean.
Hemoglobinaren ezaugarriei dagokie barrunbeetako karraskarien odolaren beste berezitasun bat, baina kasu honetan ez da hemoglobina gehiago edukitzea odolean, hemoglobina oxigenoarekiko kidetasun handiagokoa izatea baizik. Kidetasun garaiko hemoglobina edukitzearen ondorioez jabetzeko, horra adibide bat. Arboletatik ibiltzen diren karraskarien -katagorrien- hemoglobinaren %50 oxigenoarekin elkartua dago 40 Hgmm-koa denean odolaren oxigeno tentsioa. Oxigeno tentsio beraren azpian, oxigenoarekin elkartua dagoen hemoglobina, %80 izatera irits daiteke barrunbeetako karraskarietan.
Hemoglobinari dagozkion moldapen horiei esker, oxigeno harrera eta zeluletarako garraioa bermatu daiteke bai eta barrunbeko oxigeno kontzentrazioa oso apala denean ere. Horixe da ikusi ditugun moldapen horien zioa.
Oharra: Tuku-tuku (Ctenomys haigi) karraskari hegoamerikarra agertzen da irudian. Wikipediatik hartua dago eta creative commons baimen motaren araberakoak dira erabili ahal izateko baldintzak (helbidea: http://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:Tinytuco.jpg#filelinks)
[1] Animalia txikiek handiek baino metabolismo tasa garaiagoa dute; hau da, masa unitateko jarduera metaboliko handiagoa dute eta, horren ondorioz, oxigeno gehiago kontsumitu behar dute.
0 comments:
Post a Comment