Thursday, January 15, 2009

Eguzkia hartzeko zioak

Askotan berde kolorez tindaturik agertzen dira Britania Handiko hegoaldeko eta Britaniako kostaldeetako hondartzak. Alga baten ugaritzearen ondorioa dela dirudi hasiera batean, baina hurbiletik aztertuz gero, argi ikus daiteke ez dela alga bat hondartzari kolorea ematen diona. Algak ez dira lehorrean berez mugitzeko gai, eta hondartza gainean dagoen berde koloreko materia hori mugitu egiten baita. Ez dira, ez, algak hondartza horietan daudenak, zizareak baizik. Acoelomorpha filumaren Symsagittifera roscoffensis izeneko zizare lauak[1] dira zehatzak izateko.

Horietako ale gazte bat mikroskopiopean jartzen bada, erraz ikus daiteke hestea eta zelula parenkimatikoak Tetraselmis generoko mikroalgaz beterik daudela. Horixe da zizarearen berde kolorearen zergatia. Bizimodu berezia du Symsagittifera horrek. Gazte aldian mikroalgak jaten ditu baina ez ditu digeritzen, eta sinbionte gisa geratzen dira zizarearen barruan. Mikroalgek, bestalde, fotosintesia egiteko ahalmena ez dute galtzen eta zizarearen garrantzizko energia iturri bilakatzen dira horri esker. Hogeita bost mila mikroalga zenbatu dira zizare lauaren ale bakar batean.
Funtsezko aldaketa anatomiko zenbait gertatzen dira heldutasunera iritsi orduko, zeren ahoa eta hestegorria galtzen baitituzte bizitzaren aldi horretan. Hortik aurrera, mikroalgak dira Symsagittifera-ren energi iturri bakarrak: bizidun fotoautotrofo bilakatu dela esan genezake. Beraz, bai, animalia da zizare hori, baina animalia xelebrea: eguzkitik lortzen du energia eta karbono dioxidotik karbonoa.
Bestalde, eguzki argia jasotzeko moldapen egokiak ere garatu ditu. Nerbio sistema bakuna duen arren, Symsagittifera-k baditu pigmentu koparen moduko bi begi eta estatozisto[2] bat buru aldean. Eguzki izpiak ahalik eta modu eraginkorrenean hartu ahal izateko kokapen egokia bilatzen du egitura horiei esker.
Bistan da, beraz, gizon eta emakumeak ez garela eguzkia hartzea gustukoa dugun animalia bakarrak. Eguzkia hartzeko zioak, baina, ez dira berdinak gizon-emakumetan eta zizareetan.
[1] Duela gutxi arte Convoluta roscoffensis izenekoa
[2] Estatozistoa organo edo egitura mekanohartzailea da eta espazioan animaliak duen kokapenari buruzko informazioa hartzen du.

0 comments: