Sunday, January 4, 2009

Bost traiñeru juan ziran patroi banarekin

Historian zehar baleak izan dira euskal arrantzaleen harrapakin preziatuenetakoak, baina euskaldunak ez dira izan harrapakin horien bila ibili diren bakarrak. Izan ere, asko izan dira baleen arrantzaz bizi izan diren beste kostaldeetako herriak, eta oraindik ere, errusiar, norbegiar eta japoniarrek, batez ere, baleak harrapatzeko arrantzontziak dituzte, gero eta balea gutxiago geratzen diren arren.
Balearen olio edo gantza da baleetatik ateratzen den ekoizkin garrantzitsuena, balea bakar batetik olio kantitate izugarria atera baitaiteke. Baleak bezalako itsas ugaztunek gantz kantitate handiak pilatzen dituzte larruazalaren azpian. Energia erreserba gisa jokatzen du pilaturiko gantz horrek, noski; ugaztunek era horretako energia erreserbak kantitate handietan pilatzeko ahalmena dute, ahalmena eta, zenbait kasutan, beharra ere. Baina baleek eta beste itsas ugaztunek metatzen duten gantzak beste zeregin garrantzitsu bat betetzen du, isolamendu termikoarena alegia.
Irradiazioa, eroapen edo kondukzio eta lurrunketa dira beroa galtzeko dauden hiru bideak. Baina uretan bizi diren animalientzat, eroaketa da jokatzen duen bide bakarra, hau da, beroaren transferentzia zuzena. Urak, bestalde, aireak baino erraztasun handiagoz eroaten du beroa, eta horren ondorioz, uretan bizi diren animaliek bero kantitate handiak gal ditzakete ura gorputza baino hotzago badago.
Naturan diren ur masa gehienak animalia homeotermoak baino hotzago daude, eta diferentzia oso handia da Poloen inguruko itsasoetan. Izan ere, itsaso hotz horietan itsas ugaztunen zenbait espezieren populazio handiak daude. Horien artean, baleak oso ugariak dira, eta hori ez da kasualitate bat; batetik oso ur emankorrak izaten dira, eta bestetik, oso ondo moldatuta daude itsas ugaztun horiek horrelako ur hotzetan bizi ahal izateko.
Pilatutako gantz horri dagokio, hain zuzen ere, hain ondo moldatuta egotea, zeren hori baita beroaren eroaketaren aurreko babesik onena.

1 comments:

Jesus Mari said...

Uraren eroankortasun edo konduktibitate termikoa (0,6) airearena (0,025) baino 24 bat aldiz handiagoa denez, askoz ere bizkorrago hozten gara uretan murgilduta gaudenean tenperatura berdinean dagoen airean gaudenean baino, harik eta haizerik ez badabil jakina. Datu termodinamiko horren ondorioak hobeto uler ditzagun, eman dezagun adibide bat, datorren udan praktikan jar dezakeguna. 20 ºC-tan dagoen itsasoko uretan 10 minutuko bainua hartuaz, 4 ordutan itzalkin (sonbrila) azpian liburu bat irakurtzen bezain beste bero galduko genuke, baldin eta haizerik ez balebil eta hondartzako giro-tenperatura ere 20 ºC-takoa izango balitz. Ur-ertzean “beratzen” egon beharrean, igeriketaldi bortitz xamarra egingo bagenu eta ur freskoxeagoan bainatzeko aukera edukiko bagenu, are eta hobeto.

Beraz, argaltzeko asmotan dabilen baten batek gimnasioaren sufrikarioa ekidin nahiko balu eta bat ere nekerik gabe gantzak “erre” nahiko balitu, erabil ditzala eroankortasun termikoaren diferentzia horiek bere alde. Hori bai, buruz eta tentuz, zeren eta ez baikabiltza aholkatzen, plazerki argaltzea helburutzat hartu dugula-eta, azala erabat zimurtuta eta ezpainak guztiz urdinduta eduki arte uretan egoteko. Arazo “txiki” bat dago, baina. Juan Ignacio-ren artikuluan irakur daitekeenez, larruazal azpiko gantzek isolatzaile termiko bezala jokatzen dutenez, uraren eta airearen eroankortasunen arteko desberdintasunak erabat profitatu nahi dituenak, lehenik eta behin bere larruazal azpiko gantz isolatzaile horiek ahalik eta gehien murriztu beharko lituzke. Lastima... justu hori baita kentzea gehien kostatzen zaigun gantza...