Saturday, January 10, 2009
Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak
Omega 3 gantz azidoen kontsumoa ona da adimenarentzat. Horixe da zenbait ikasketetatik ondorioztatu dena eta gaur kontu ezaguna dela esan dezakegu. Ezaguna da, halaber, omega 3 gantz azidoak oso ugariak direla gantz eduki garaiak dituzten itsas arrainetan. Esan bezala, kontu ezagunak dira horiek.
Ondoren azalduko duguna, baina, ez da horren ezaguna; izatez, berri-berria da. Dirudienez, eta duela oso gutxi aurkitu den bezala, nesketan mutiletan baino handiagoa da omega 3 gantz azidoen kontsumoak buruko ahalmenean duen eragin on hori. Bikoitza da eragina, zehatzak izateko. Horixe da W. Lassek-ek (Pittsburgh-eko Unibertsitatea Pennsylvania-n) eta S. Gaulin-ek (California-ko Unibertsitatea Santa Barbara-n) argitara eman dutena Kioton (Japonia) izan berri den Giza Portaera eta Eboluzioa Elkartearen Simposiumean.
Dirudienez, gantz azido horien erabilera metabolikoari dagokio aurkikuntza horren zioa. Izan ere, garunaren nahitaezko osagaiak dira omega 3 gantz azidoak eta ezaugarri horri dagokio, hain zuzen ere, azido horien kontsumoaren eta adimeanaren arteko harreman onuragarria. Neskek, baina, garun ehuna osatzeko erabiltzeaz gain, euren etorkizuneko seme-alaben garun ehuna osatzeko ere erabili behar dituzte omega 3 gantz azidoak. Edo hobeto esateko, neskek ipurmasail, aldaka eta izterretan pilatzen dute asimilaturiko omega 3 gantz azidoen zati bat, beharrezkoa denean umekiari transferitu ahal izateko. Hortaz, umekiak bere garun ehuna osatzeko erabiltzen ditu amak transferituriko gantz azido horiek. Argi dago, beraz, omega 3 gantz azidoen behar handiagoa dutela neskek mutilek baino, eta horri dagokio gantz azido horien kontsumoak nesketan eragin bikoitza edukitzea. Ikerketa emaitza oro zalantzan jar daitezke, jakina, baina kontuz lan honekin: tamaina handiko lana egin dute ondorio horietara iristeko, zeren 6 eta 16 urteko 4.000 neska-mutilengandik lorturiko datuak erabiliz eskuratu baitituzte aurkeztu ditugun emaitzak.
Guri, bestalde, zer hausnartu eman digu lan horrek. Izan ere, ez dakigu noraino izan daitezkeen bateragarriak hedabideek egun erakusten dituzten emakumeen estetika ereduak, batetik, eta nerabe emeen buru-garapen egokirako elikatze baldintzak bestetik. Amaitzeko, azken ohar bat: ez ahaztu ipurmasail eta aldaketan edozein motako gantzak pilatzeak ez lukeela ondorio berbera ekarriko. Izokina eta txitxarroak dira jan behar direnak. Txuletak edo bollikao jateak, berriz, ez du balio: izterrak eta ipurmasailak bai, lodituko lirateke horrela, baina garunak ez luke ezer onik aterako.
4 comments:
Juan Ignacio-ren gai honek
berakin abarrotsa.
Berau aztertzeko era,
zuzena ta zorrotza.
Erantzungo nioke, baina,
idaztea lotsa,
ze, nirea irakurtzean,
a zer algara-hotsa!
Azalpenak eman behar,
hau erronka latza!
Erantzunaren luzera
ezingo da izan motza.
Ideiak astiro datoz,
ta abantzua baratza,
ezingo dut galdu, baina,
amaitzeko esperantza.
Irakurlea aspertzeke,
helduko ote da akabantza?
Bai, eta hobe baleritzo:
hori duk lan aratza!
Ni bezalako 55 urteko gisaseme batek, prorroga biologikoan bizitzen 20 urte baino gehiago daraman honek, ondoren egingo duen baieztapena egiteko, ausardia galanta eduki behar duela iruditzen zait. Ausardia diot, zeren, idatzitakoa argi eta garbi azaldu ezean, barregarri geratzeko arrisku benetan handia hartuko baitut.
Agian irakurleren bat larrituko zen prorroga biologikoarena irakurri duenean. Jesus Mari-ri gaixotasun larriren bat diagnostikatuko ote zioten eta, hortaz, hiltzeko zorian ote dugu? Bai, baina, lasai, gaixotasun oso arrunt bat diagnostikatu zidaten, jaiotze-unean bertan gainera: adina deitzen den hori hain zuzen ere. Eta adina da heriotz-tasa handiena duen gaixotasuna, historia osoan zehar, inoiz hutsik egin gabe, % 100eko hilkortasuna erakutsi baitu. Hori da bizidunon patu malapartatua, izan ere, lehenago beste zeredozergatik ez bagara hiltzen, denok hilko baikara adinak jota. Inork ezin du jakin une hori noiz iritsiko zaion, baina, nik, gehiengo zabal batek moduan, ez dut inolako presarik Josafat-en zelaian nire arbasoekin bat egiteko.
Juan Luis Arsuaga paleoantropologoari, Atapuerkako aztarnategiko indusketetan aritzen direnen buruetariko bat den horri alegia, behinolako hitzaldi batean entzun nionez, Paleolitoko gizakien batezbesteko heriotz-adina 32 eta 35 urte artean zegoen. Gure gaur egungo batezbesteko bizi-itxaropena balio horren bikoitza baino handiagoa den arren, bereziki emakumeetan, ez dezagun ahantz hori gertatzearen arrazoia ez dela gaur egungo gizon-emakumeen gorputza paleolitoan bizi zirenena baino “perfektuagoa” delako, alegia, eboluzioan zehar gure gorputzak “hobekuntzak” ezagutu dituelako, baizik eta gorputz hori inguratzen duena berariaz aldatu dugulako, esan nahi baita, teknologikoki aldatu dugulako ingurumena, gure gorputzarentzat zaurgarri eta kaltegarri den oro eztitzeko eta indargetzeko xedearekin aldatu ere. Ikusi besterik ez dago geureak baino egoera latzagoetan bizi direnen bizi-itxaropenen datuak.
Beraz, ikuspuntu honetatik, ezin uka paleolitoko gizakien gorputzaren oso-oso antzekoa dugunok, adinean 32-35 urtetik gora goazenean, prorroga biologikoan bizitzen hasten garenik. Ni, egia esanda, goizero jaikitzen naiz bizi-poz horrekin, prorroga biologikoko beste egun oso bat bizitzeko itxaropenarekin alegia.
Hortaz, argi dago nire 55 urteekin paleolitoko gizartean “nagusien kontseiluko” (edo “atso-agureen kontseiluko”, edo garai hartan zegokeen antzeko zeredozerreko) partaide izateaz gain, nagusienetarikoa ere izango nintzatekeela. Horra hor nire bizi-pozaren beste zergatiko bat, aurrekoa onartzeak berarekin badakar ere nire burua “aguretzat” hartu behar izatea.
Sarrera luze xamar honen ostean, espero dut argi geratuko zela arazo berezirik ez dudala 55 urteko “agure biologikoa” naizela onartzeko, baina ez nintzateke inondik inora laket sentituko hurrengo lerroetan idaztera noana irakurtzearen ondorioz, baten bat barre-algaraka hasiko balitz eta agure berde bat naizela pentsatuko balu. Horra hor nire sarrerako bertsoan dagerren lotsazko sentimenduaren sorburua.
Iritsia denez, honezkero, ausarkiro eta adoretsuki jokatzeko tenorea, bota dezadan botatzekoa eta idatz dezadan idatzi beharrekoa, zuzen eta artez, Oskorriko Natxo de Felipek zorriak ur-pistola batez hiltzen zituen bezalaxe hain zuzen ere. Hona hemen, bada, ditxosozko esaldia bere esangura gordin eta tolesgabearekin: Emakumeen gorputza geroz eta gehiago gustatzen zait. Apropos egin diot uko termino kultoagoa erabiltzeari, izan ere idatz bainezakeen emakumeen fenotipoa dela gustatzen zaidana, horrekin gauza bera emango bainuke aditzera, era disimulatuagoan, hori bai. Eufemismo kultoak, baina, albo batera utzi nahi izan ditut, arestian aipatu dudan bezala, kontzeptua zuzen eta gordinki izendatzeko helburua bainuen.
Emakumearen gorputza geroz eta gustokoagoa izate horrek, badu, baina, arrazoi intelektual garbia, zerikusirik ez duena, ezta hurrik eman ere, Sinai mendian Moises-ek jasotako tauletako bederatzigarren Aginduan debekatzen denarekin.
Lipidoek bizidunetan betetzen dituzten funtzioetariko bat funtzio sexuala dela topatu nuenez gero, aspaldikoa da emakumeen gerri, aldaka eta ipurmasailekiko nire zaletasuna, eta, hortaz, luzaroan aritu naiz emakumeen gorputz-egitura horien forma eta proportzioen arrazoi eta betetzen dituzten funtzio biologikoak arakatzen, liburu eta paperean argitaraturiko artikuluetan hasieran, interneten azken urteetan. Normala da gure anatomiaren edozein gairen ezagupenean sakondu ahala, aztergaia geroz eta erakargarriagoa eta gustokoagoa bihurtzea, geure buruei egitura gogokoenaren sorrera eta historia ebolutiboei buruzko galderak egiten hasten garenean batik bat.
Are gehiago esango nuke, heldu da unea miresmena eragiten didala ikusteak belaunez belaun eboluzioan zehar nola izan diren hautatuak emakumearen ugal-arrakasta, eta, horren ondorioz, espeziearen iraupena, bermatzen eta handitzen zituzten mutazio faboragarriak, emakumearen fenotipoan aldaketa anatomikoak, fisiologikoak, biokimikoak eta edozein motatakoak eragin zituzten mutazioak hain zuzen ere. Nire miresmena esferikoa da; alegia, begiratzen dudan ikuspuntutik begiratzen dudala, eta, aitortu beharra daukat, ez soilik ikuspuntu intelektualetik, emakumearen gorputza, orohar, miresgarria gertatzen zait. Imagina ditzaket aurreko esaldia leitzean irakurleen aurpegietan marraztu diren irribartxo konplizeak.
Nire iruzkin hau Juan Ignacio-ren artikuluaren erantzuna izateko asmoz hasi naizenez idazten, soilik aldaka eta ipurmasailetako lipidoei buruzko kontuei atxikiko natzaie. Bestalde, aurtengoa Darwin-en jaiotzaren bigarren mendeurrena denez eta, aldi berean, bere liburu ospetsu eta arrakastatsuenaren (Espezieen jatorriaz deritzonarena, denok jakingo duzuen legez) argitaratzearen 150. urteurrena ere betetzen denez, ikuspegi ebolutibotik aztertuko dut gaia.
Animalien eskala ebolutibo osoan zehar, eta batez ere ugaztunetan, emea izan ohi da sexu hautatzaile edo mugatzailea, eta arra da sexu erabilgarria; hau da, emeak erabakitzen eta zehazten du zein den arraren delako erabilgarritasun-maila hori. Sexu hautatzailekoak direnez, emeek hautatzen eta erabakitzen dute noiz eta norekin nahi duten sexu-jotzea burutzea; arrek, aldiz, sexu erabilgarrikoak direnez, ahal dutenean eta ahal duten emearekin partekatu ahal izango dituzte beren geneak. Utikan aurpegietatik belarri batetik besteraino hedatzen diren irribar zabal horiek, ez gabiltza-eta berdekeria eta lizunkeriatan, ebolutiboki egonkorra den ugal-estrategia bat zientifikoki arakatzen baizik. Ebolutiboki egonkorra den estrategia bat, Arturo Elosegiren* liburu saridunean definitzen denez, da estrategia bat, zeina, behin populazio batean hedatuz gero, ezin baita beste ezein estrategia alternatiborengatik ordezkatua izan. Populazio horren etorkizuneko historia ebolutibo osoan, “betiko” finkatuta geratu da. Gizarte patriarkal askotan erabat ezeztatu zaizkio emakumeari bikotekidea hautatzeko aukera eta askatasuna. Lasai, neskak! Ez galdu esperantza! Belaunaldi batzuren kontua da. Ebolutiboki egonkorra den eta ehundaka milioi urteko eboluzioan zehar indarrean egon den ugal-estrategiak garaile irtengo du eta gizarte horietan bizi diren emakumeek naturak emandako askatasuna berandu baino lehen berreskuratuko dute, ugal-estrategia hori gizakiak asmaturiko edozein ohitura eta erlijio baino askoz ere indartsuagoa baita.
Hautatzaileen sexu-taldekoa den edozein alek, ugal-prozesuan zenbat eta ahalegin handiagoa egin, hau da, zenbat eta enegia gehiago inbertitu prozesu horretan, logikoa da interes handiagoa edukitzea hautesle zorrotza izaten. Argi dago energi inbertsio handiena, ugaztunetan batez ere, emeena dela, hasi gametoaren tamainuarekin (obulua espermatzoidea baino dexente handiagoa da) eta segi ernaldiarekin, edozkitzaroarekin amaitu arte. Esan beharrik ez dago, arrak baliabide, energetiko zein material, gehien eskatzen duten azken jarduera bi horietatik libre daude. Horrela esaterik balego, animalien eme guztien artean, ugaztunen emeak dira interes handiena dutena ondo hautatzen norekin partekatuko dituzten beren geneak hurrengo belaunaldiari hasiera emateko.
Jakina, hautatzaile batek, benetan hautatu ahal izateko, zenbait hautagai eduki behar ditu aukeran. Hautagai potentzialak erakartzea, ahalik eta gehien gainera, izango da, hortaz, emearen zereginik behinena. Animalien emeek, arreske daudela adierazteko, aski ohi dute hortik zehar mezu kimikoren bat (feromonen bidez, esate baterako) hedatzea, to whom it may concern (honetan interesik leukakeenari, alegia) etiketarekin hornituta, edo, aldiz, emeak agerian dituen ugal-egituraren tamaina edota kolorea aldatzea. Bien bitartean, eme horren espeziekidea den ar bakoitzak bereak eta bi egin beharko ditu argi eta garbi adierazteko kasuan kasuko emeari, berak gainerako ar lehiakideenenak baino gene hobeak daramatzala eta, hortaz, bera izan behar dela sexu-jotzerako hautatua. Gainera, animalia gehienetan ugal-sasoia urtaro bakar batera mugatzen denez, premiatasun kronologiko larriko afera da ugalketarena, arrentzat batez ere, denbora-tarte estu hori iritsi aurretik arrek populazioko emeen aurrean euren kandidaturak aurkeztuta eta kanpaina eginda eduki behar baitituzte. Gure politikari eta errektoregaiek ez dute, beraz, ezer bereziki berririk asmatu.
Ohiko baldintzetan gertatzen diren ugal-aldi orotan, populazioko eme guztiak ugaltzen dira, edo, behintzat, sexu-jotzeren bat lortzen dute, alfa plus izan, zein epsilon minus izan (Irakurle, azken esaldi hau deskodetzeko Aldous Huxley-ren Bai mundu berria eleberria irakurrita izan behar duzu). Arren kasuan alfa plus batzuk soilik lortuko dute ugaltzea, eta hortik beherako ia-ia inork ere ez. Animali erreinuan birjintasuna ez da birtutea, baizik eta oso zigor larria, hain larria ezen pairatzailea heriotz filogenetikora zigortuta geratzen baita, bere geneak hurrengo belaunaldira pasatu ezean, bere leinua berarekin amaitzen baita.
Excursus “ez-luzeegi” honen ostean, itzul gaitezen harira, eme erakarle eta hautatzaileen sujetaren gainean berriz aritzera alegia; baina soilik emakumeen kasura mugatuta, Juan Ignacio-ren artikuluan gaia esparru horren barruan baitago hesituta.
Homo generoaren agerpenarekin, badirudi gizakiaren leinua zerebralizaziora zeraman hildo edo lerro ebolutiboan sartu zela. Antza denez, bipedia edo jarrera bipedoa pare bat milioi urte lehenago agertu zen hominidoetan, Australopithecus generoarekin hain zuzen ere. Umekiaren burmuinaren, eta, ondorioz, garezurraren, tamaina emendatzeak (gure ahaide primate hurbilenena baino hiru bat aldiz burmuin handiagoa dugu) arazoak sortu zituen erditzeko orduan eta, beraz, problema horiei erantzun egokia emateko, emakumearen aldakan aldaketa batzuk eman behar izan ziren; hitz gutxitan esanda, aldaka biribildu eta beronen diametroa handitu behar izan ziren. Bipedalismoak, baina, beste eskakizun zeharo desbedinak zituen; izan ere, hanka biren gainean luzaroan eta era energetikoki eraginkorrean tente ibiltzeak eskakizun biomekaniko zehatz eta hertsiak ditu. Okerrena dena da arazo bien konponbiderako aldaketek, neurri batean, ondorio kontrajarriak zituztela; alegia, ume buruhandi batez erditzea optimizatzeko aldakaren anatomian eman behar ziren aldaketak ez ziren bateragarriak hanka biren gaineko ibilera eraginkorra gauzatzeko ordura arte emandako aldaketekin.
Ugal-arrakastaren ikuspuntu hurbil eta hertsitik, balirudike lehentasuna erditzea erraztuko zuten aldaketek eduki beharko luketela, bipedalismoaren kaltetan. Ezin ahantzi, baina, bipedalismoaren ondorioz, eskuak ibiltze-zereginetatik aske geratzen zirela, eta horrek janari gehiago eskuratzeko eta garraiatzeko (ondoren besteekin partekatzeko eta jateko) aukera ematen zuela; esan nahi baita, azken finean, bipedalismoak etorkizunean ugalketan erabili ahal izango ziren erreserba gehiago metatzea posibilitatzen zuela. Biak, beraz, hobetu behar ziren emakumearen aldakan eman beharreko aldaketen bidez, eta, ahal zen neurrian, aldi berean.
Zesarearik eta erditze-kirurgiarik ez zegoeneko garai haietan aldaka zabalak edukitzeak ez zuen guztiz bermatzen erditze-unean arazorik ez egotea, baina, neurri batean, ba zen gizonentzat seinale fidagarri bat emakume hori ume-sortzaile, edo, nahi bada, ondorengo-emaile oparoagoa izango zela aldaka estuko beste emakume bat baino.
Aldaka zabaleko emakumearen balio sexuala, beraz, handiagoa zen aldaka estudunarena baino. Argi dago, bestalde, behin gizonak kontzienteki ohartuz gero kausa eta ondorioen arteko lotura zuzen horretaz, emakumearen ezaugarri anatomiko horrek berez jokatuko duela erakarle gisa eta, hortaz, emakumeak, sexu hautatzaileko kideak izanik, espero izatekoa da hautagaiak erakartzeko erabiltzea. Are gehiago emakumeen kasuan, ez baitute ugalkor daudela adierazten duen inolako seinalerik igortzen, ez kimikorik ez eta anatomikorik.
Komenigarria izan daiteke une honetan gogoratzea, ezen ezaugarri anatomiko horiek milaka urtetan zehar egon zirela oso presio ebolutibo indartsupean eta gaur egun behatzen ditugun ezaugarri anatomiko horiek hautespen-prozesu oso gogorren ondorioa izan zirela; gogoratu, halaber, arroparik eta gainerako tramankulu edertzailerik (eta bide batez engainagarririk) erabiltzen ez ziren garaietan izan zirela hautatuak.
Hara begira nondik!, bipedalismoak berak emango zion aukera emakumeari bere balio sexualaren seinale zintzoa etengabe bidaltzeko gizonei, begiz eta urrunetik beha zitekeen seinalea, eta, gainera, oso kostu txikiarekin, energetikoki ia-ia dohainik. Lau hankatan dabilen tximino eme bati ezinezkoa gertatuko litzaioke seinale hori bidaltzea, zeren eta sabel handiko eta aldaka estuko eme batek eta sabel txikiko eta aldaka zabaleko tximino eme batek edozein behatzaileri, urrun zein hurbileko, oso-oso antzeko irudia erakusten baitiote. Jarrera bipedoa duen emakume batek, aldiz, argi eta garbi erakuts dezake bere aldakaren zabalera. Une batez pentsatu ondoren, berehala konturatuko gara aldakaren zabaleraren balio absolutua baino, askoz ere eraginkorragoa dela aldakaren zabaleraren balio erlatiboaren seinale edo informazioren bat bidaltzea, izan ere, lehena, begiralea dagoeneko distantziaren arabera aldatzen den neurrian (zenbat eta urrunago hainbat eta txikiagoa ikusiko duelako, jakina), proportzioa edo balio erlatiboak konstante dirau, ez baita distantziarekin aldatzen.
Kontrastea deigarria, eta hortaz, erakargarria, izan dadin, aldakatik gertu dagoen egituraren baten zabalerarekin ezarri beharko da proportzioen erlatibotasuna. Honezkero edozein irakurlek daki proportzionaltasun hori gerriaren zabalerarekin kontrastatzean ezarriko dela. Emakumearen balio sexualaren seinale hori baliagarria izan daiteke aurrez-aurreko begirale bati zuzentzeko, ez, ordea, albotiko begiraleak erakartzeko. Utz al zezakeen paleolitoko emakume batek alferrik pasatzen albotiko hautagaiak erakartzeko aukera? Erantzuna, jakina, ez horixe! da. Halabaina, bidea erdi egina zegoen, izan ere, jarrera bipedoa lortzearen ondorioz, zutikako paraera tentean gehiegi nekatu gabe ibiltzeko, nahitaezkoa izan zen ipurmasailak eratzen dituzten muskulu gluteoak hipertrofiatzea. Gizakioi bizkarraren behe aldean, gehiago edo gutxiago, ipurdia irten egiten zaigu, inolako tximinori gertatzen ez zaiona (gogoratu Tartzan-en eskutik helduta doanean Txita txinpantzeak duen irudi ipurdigabea). Soslaiz ikusita, gerriaren zabalera argi eta garbi ipurdiarena baino txikiagoa izango zen paleolito garaiko gizakietan, baraualdiak arautzat eta jataldiak salbuespentzat hartu behar zireneko garai haietan loditasuna eta gehiegizko pisua oso ezaugarri bitxiak izango baitziren; apika, ezaugarriok mugatuta egongo ziren ordurako besteen sineskerien kontura ederto bizitzen ikasita zeuden azti, sorgin eta belagileetara.
“Dagoenean bon-bon”-eko sasoiak ere egongo zirenez, “ez dagoenean egon” ahal izateko, orduan eta orain, beharrezkoa izango zen erreserba-biltegi anatomikoak eratzea. Lipidoak dira lurgainean zehar bizkorki higitzen diren (eta zer esan hegan egiten duten) animalietan erreserba-substantziak eratzeko orduan aukeratzen diren osagai biokimikoak, izan ere, karbohidrato hidrofiloek ez bezala, lipidoek, hidrofoboak izanik, ez daramate halabeharrez eratxikita ur-metakin handi eta astuna. Gogoratu metatzen den glikogeno-gramo bakoitzeko, ezinbestean, gramo bi ur metatzen ditugula eta, hortaz, goazen tokira goazela, halabeharrez geurekin garraiatu behar dugula ur-metakin hori.
Energi erreserbaren kokapen anatomikoa, beste edozeren moduan, hautespen naturalaren esku geratu zen. Zoriz ematen den prozesua izan arren, hautespen naturalak bere arauak dituenez (lege termodinamikoak errespetatuz eraginkortasun energetikoa optimizatzea bilatzen duten arauak hain zuzen ere), zorizko prozesu horren emaitza “logikoa” iruditzen zaigu; alegia, hautespen-prozesua arrazionalki interpreta dezakegu. Honelakoetan oinarritzen dira bizidunen edozein egitura hautespen naturalaren eboluzio-prozesu baten emaitzatzat hartu ordez, “izaki adimentsu baten diseinutzat” hartzeko. Oraingo honetan dagokigun adibidean, gordekin lipidikoak gure gorputzean zergatik kokatzen diren kokatzen direneko lekuei buruzko aieruak proposa ditzakegu.
Edozein pertsona helduk, ikasketa-maila eta formazio-akademiko baxuenekoak ere, jakin badaki gantzak gizonen eta emakumeen gorputzetako leku desberdinetan metatzen direna. Gizonetan, mitxelinak eratuz, gerri-bueltan, zilborraren pare-parean, metatzen dira. Emakumeetan, aldiz, pixka bat beheraxeago, aldaketan kartutxerak eratuz, bai eta ipurmasailetan, berauen tamaina emendatuz. Lipido-erreserben kokapen-desberdintasun hori hormona sexualen kontrolpean dago, testosteronarena gizonetan eta estrogenoarena emakumeetan. Erreserba-biltegien sexuen araberako banaketa dimorfiko hau, eskala ebolutibo osoan zehar, soilik gizakian beha daiteke. Berezitasun hori hain da gizakiaren ezaugarri propioa, ezen barre egiteko gaitasuna, hitz egiteko ahalmena edo garunaren garapen itzela edukitzearen parekotzat har daitekeela. Nola saihestu, bada, ondoriotzat ateratzea zerebralizazioaren eta emakumeen aldaka eta ipumasailetako lipido-ereserben kokapen anatomiko bereziaren artean nolabaiteko erlazio kausal zuzena dagoela dirudiela? Irakurleren batek pentsa lezake, zergatik da emakumeen lipido-ereserben kokapen anatomikoa berezia dena eta ez, aldiz, gizonena? Arestian aipatu dugu eboluzio-prozesuaren “logika” ulergarria egiten zaigula. Une batez pentsa dezagun gure gorputzean non kokatuko genukeen gora eta behera garraiatu behar dugun sama astun xamarra. Berehalakoan ez badugu “pentsatze soilarekin” asmatzen, “hit or miss” (alegia, bale ala kale) motako aproba batzuk egin eta berehala ohartuko gara kokalekurik aproposena gerria dela. Zergatia erraza da ondoko galderari erantzun egokia emanez gero: Zein da, orohar eta denbora-tarte luze batean zehar, egiten ditugun mugimendu guztien batukari moduan hartuta, inertzia mekaniko txikiena duen gure gorputzeko puntua? Burua gehiegi nekatu gabe erantzuteko moduko galdera gisa plazaratuko dut: 5 Kg-tako bi pisu egun osoan zehar eramatera behartuko bagintuzte, emanik, hori bai, non kokatzeko aukera, ahalik eta gutxien nekatze aldera, non kokatuko ote genituzke pisu horiek? Buru gainean? Samatik zintzilik? Eskuturretan edo belaunetan lotuta? Oinetakoen zola azpian atxikita? Baietz denok erantzun gerrian lotuta nahiago genukeela? Zergatia erraza da: egunean zehar gutxien higitzen dugun gorputz-zatia, eta beraz, teknikoki goraxeago esan dugunez, inertzia mekaniko txikiena duen gure gorputzeko puntua, gerria delako. Beraz, puntu horretatik zenbat eta urrunago kokatu masa bat, hainbat eta nekosoagoa eta energetikoki garestiagoa aterako zaigu masa hori hara eta hona eramatea. Hori dela-eta, sentitzen dut feminista sutsuenengatik, baina onartu beharra dago gizonarena dela lipido-biltegia kokatzeko energetikoki eraginkorrena den tokia: gerria, alegia. Emakumearen biltegien kokapenak, aldaka eta ipurmasailak alegia, ez dira oso aldrebesak; soilik diogu energi kontsumoaren ikuspuntutik kokapen horiek sub-optimoak direla, ia-ia optimoak nahi bada. Horrek gauza bi esan nahi ditu: edo emakumearen lipido-biltegien kokapena optimizatzeko orduan hautespen naturala gizonaren kasuan baino pixka bat atzeratuago doa (puntu honetan, matxista nazkagarriengan izan ezik, emakumeengan irribarre eta barre-algara gutxi, eta beldur nago ea feminista erradikalenek ez ote nauten anatematzat hartuko eta oraintxe bertantxe sutara botako, horrelako bat iradokitze hutsagatik), edo, alternatiboki, kokapen hori finkatzerakoan energiarekin zerikusi zuzenik ez duen eta orain arte kontuan hartu ez dugun beste faktoreren batek du eragina. Nire integritate fisikoaren mesedetan, aitor dezadan lehen bait lehen, hau dela emakumearen lipido-biltegien kokapen sub-optimoaren arrazoia.
Eboluzioaren une batetik aurrera, sexu hautatzailekoak ziren (eta diren) emakumeen lipido-erreserben kokapen anatomikoa amu gisa hasi zen jokatzen, sexu erabilgarrikoak ziren gizonezko hautagaiak erakartzeko eta, aldi berean, engainatzeko xede argi eta garbiarekin. Beldurrik gabe diot “engainatzeko”, zeren gerta baitaiteke, ezen aldakako hezurdura “hestu” baten gainean azal azpiko “gehigarri” bat paratuta, ezaugarri hori duen emakume batek edozein behatzaileri bidaltzen dion irudia izatea aldakako hezurdura zabalagoa duen (eta, hortaz, erditzeko unean arazo gutxiago zukeen) baina azal azpiko “gehigarritan” peitu den emakume batenaren oso-oso antzekoa, edo are zabalagoa. Emakume “gehigarridunak” behatzailea aldi berean erakarri eta engainatu egin du, tiro batez txori bi hil ditu alegia. Ipurmasailetako “gehiagarriarekin” beste horrenbeste gertatuko litzateke, kasu honetan albotikako behatzaileei zuzenduta. Ez da harritzekoa, hortaz, eboluzioan zehar aldaka eta ipurmasailak izatea emakumeen lipido-erreserbak kokatzeko toki hautatua. Eme-hormonen, estrogenoen, esku utzi da lipido-erreserbak aldaka eta ipurmasail inguruan eraikitzea eta ar-hormonen, androgenoen, zeregina da lipidoak gerri ingurura bidaltzea bertan metatuak izan daitezen.
Amua baliagarria izateko, jakina, gizonek emakume baten ezaugarri fisiko batzuen (aldaka zabalagoa eta ipurmasailak handiagoak) eta emakume horren ugal-arrakastaren (ume gehiago eta burutsuagoak izateko gaitasun gisa definituta) artean lotura kausalen bat zegoela konturatzeko gaitasuna eduki behar zuten. Zer esanik ere ez, ordurako burmuinaren tamaina gizakiaren arbaso zaharrenena eta ahaide primate hurbilenena baino nabarmenki handiagoa izan beharko zen. Nago hori Homo habilis (500-650 cc-ko burmuina zutenak) baino gizakiaren leinuan aurreratuagoa zegoen Homo erectus-en (750-1250 cc-ko burmuina zutenak) gertatuko zela, duela milioi t’erdi urte inguru. Lotura logikoa argitu zenetik aurrera, gizona izan da emakumearen ezaugarri honi dagokion fenotipoaren eboluzioa gidatu duena, emakumearen ugal-balioaren araberako hautespen artifiziala egin duena, alegia.
Puntu honetara iritsita, beste excursus labur bat egiteko tenorea heldu dela iruditzen zait. Gerri eta aldakaren arteko erlazioaren balioa jaisteko era bi daude: edo zenbakitzailea txikituta (gerria estuago eginda, alegia) edo izendatzailea handituta (hau da, aldaka zabalago eginda). Begira ditzagun gaur egungo neska gazteen, eta ez hain gazteen, janzteko ohiturak. Neska gazteak aukeratu ditut mutilak erakartzeko, eta engainatzeko, sasoian dauden gure espezieko emeen paradigma gisa. Ez al dituzue ikusi, baita negu gorrian ere, gerria bistan? Zertan ari dira arropak gerri ingurutik kentzerakoan? Gerri/aldaka erlazioko zenbakitzailea txikitzen, delako erlazioaren balioa jaisteko, besterik gabe. Ez al dituzue azken urteotan neska gazteak ikusi oso modan egon diren “tiro” oso baxuko prakak erabiltzen? Erosoak al dira praka horiek? Osagarri gisa, ez al dituzte erabili gerriko oso zabal batzuk? Zer bilatzen zuten, gehien-gehienek inkontzienteki, janzkera horrekin? Erantzuna erraza da. Kasu honetan gerri/aldaka erlazioko izendatzailea handitzea, delako erlazioaren balioa jaisteko, besterik gabe. Duela milioi t’erdi urte inguru Homo erectus espeziean finkatuta geratu zen eta harrezkero ebolutiboki egonkorra izan den estrategia bat erabiltzen ari dira euren espeziekide arrak (mutil gazteak, edo ez hain gazteak) erakartzeko, horrela, gero, hurbildu direnen artean aukeratu ahal izateko. Ez al dira emakumeak, emeak baitira, sexu hautatzaileko kideak? Eta zer gertatzen da mutilekin? Sexu erabilgarrikoak diren horiekin? Milioi t’erdi urteko estrategia arrakastatsuaren aurrean errenditu beste aukerarik ez dute (dugu), ebolutiboki egonkorra den estrategia batetik, definizioz, ihes egitea ezinezkoa baita.
Oraingoan the foolish fringe-koak (sensu Stephen Jay Gould) has zakizkidake euren fundamentu zientifikorik gabeko erretolikarekin: ez garela animaliak soilik, arima dugula, amodioa, ... Homo erectus espezieko emeek ez al zuten amodiorik sentitzen euren espeziekide arrekiko? Ezin daiteke jakin, ezta? Eta haiek arimarik ote zuten? Hori jakin al daiteke? ala hau ere ez? Gizakiaren eboluzio-leinuko (g)izakiak noiztik aurrera bihurtu ziren arimadunak? Beste dozena bat galdera maltzur bururatzen zaizkit, baina adierazi dudanez oraingo excursus hau laburra izango zela ez ditut idatziko.
Juan Ignacio-ren artikuluan aldaka eta ipurmasailetako lipido oso bereziei buruzko azalpenak ematen dira. Omega-3 edo, zehazkiago adierazita, katea luzeko gantz-azido poliintsaturatuak edo LCPUFA (ingeleseko Long-Chain Poliunsaturated Fatty Acids izenaren akronimoa) dira sujetaren muina. Eurak izango dira the lipid connexion, lipido-gordekinen kokapena burmuinaren tamainaren emendioarekin uztartuko dituztenak. LCPUFAk janarietan kantitate urritan aurki daitezke eta berauek partzialki sintetizatzeko gizakiok dugun ahalmena txikia da.
LCPUFA horien garrantziaz jabetzeko, datu bat emango dut. Ugaztunen garunaren, eta hortaz, geurearena ere, pisu lehorraren %20a osatzen dute, pisuaren bostetik bat alegia. Bereziki garrantzitsua da azido dokosahexaenoikoa (22 karbono eta 6 lotura bikoitz dituela esan nahi du izen horrek). Erabakigarriak dira fetuaren eta umearen zerebroaren garapenean. Amak umearen garapen enbrionarioan zehar, batez ere azken hiruhilekoan, fetuari behar dituen bezain beste LCPUFArik ez badio ematen, jaioko den pertsona horren bizi osoko ahalmen kognitiboa betiko kaltetuta gera daiteke, neuronen garapena ez baita ematen behar den moduan. Bada, Juan Ignacio-ren idazkian irakur daitekeenez, aldaka eta ipurmasailetan metatzen dira LCPUFA horiek eta, hortaz, gordekin horiek gerri/aldaka erlazioaren balioa jaisten dute, izendatzailearen balioa handitzen dutelako hain zuzen ere. Are gehiago, muturreko kasuetan izan ezik, esate baterako, baraualdi luze edota epe luzean zehar balantze energetiko oso negatiboan egon diren emakumeen kasuetan izan ezik, LCPUFA horiek ez dira inoiz erabiltzen lipidoen katabolismo oxidatiboan “erretzeko”; alegia, ez dira erabiltzen emakumea energiaz hornitzeko helburua luketen bidezidor metabolikoetan. Beste era batean adierazita, LCPUFAk “erretzetik babestuta” daude eta, salbuespenak salbuespen, soilik izango dira erabiliak karenan zehar fetura transferitzeko bere garunaren garapena ahalbidetzeko (bereziki hirugarren hilabetekoan) eta, umea jaio ostean, edoskitzaroan zehar esne bidez umeari emateko beronen garunak jarrai dezan egokiro hazten eta garatzen. Beraz, garun-garapenaren mugatzaileak izan daitezkeen neurrian, ikuspegi ebolutibo batetik, espero daitekeena da, LCPUFAk janaritik eskuratzeko, erreserba-biltegi aproposean gordetzeko eta metaturiko baliabide horiek umearen garun-garapenean egokiro erabiltzeko ahalmenak emendatzera zuzendutako moldaerak selekzionatuak izatea. Oinarri genetikoa duten moldaera edo ezaugarri horiek behin emakumeengan agertuz gero, oso litekeena da, gizonek, bikotekidea bilatzerakoan, hau da aukeratzerakoan zein emakumeren aurrean aurkeztu beren hautagaitza, emakumearen ugal-balioa goratzen duten ezaugarritzat hartzea, eta, hortaz, ezaugarriok hautespen sexual aktiboaren ituak izatea.
Esandako guztia ondo dago, baina argi dago aurreko gogoeta guzti horiek sakonegiak eta berriegiak direla Homo sapiens sapiens ar batek (gaur egungo mutil edo gizon batek alegia) kontuan hartzeko bikotekidea bilatzerakoan, eta zer esan aspaldiko Homo erectus haretako arrentzat. Zein da erabiltzen zuten eta oraindik denok erabiltzen jarraitzen dugun arau sinple eta zuzena? Araua ondokoa da: Begira iezaiozue “gerria/aldaka” edo “gerria/ipurmasail” indizeari.
Emakumearen “proportzio idealtzat” 90-60-90 (zentimetrotan) zenbakiek adierazten dutena izan da hartua. Lehen zenbakia bularrari dagokio eta ez dut kontuan hartuko ez baita oraingo gaia. Gerria/aldaka = 60/90 izan behar omen denez, indizearen balioa ez da asko aldendu beharko 0,67aren baliotik. Lasai neskak ez badituzue 60/90 balio horiek, garrantzitsuena indizearen balioa da, 0,67, eta balio horretara modu askotan irits daiteke, segun-eta zein den zuetariko bakoitzaren gorpuzkera; 54/80, 67/100, 74/110, 80/120, eta abarrek denek ematen dute 0,67, onartu behar bada ere azken neurriek, a ze neska kankailua! esatera gehiago bultzatzen gaituztela beste ezer esatera baino. 1978 eta 1998 urteen artean Playboy aldizkariko erdialdeko orri destolesgarrietan agertu diren nesken batez besteko gerri/aldaka indizea, gizoneskoontzat neska desiragarrienen paradigmatzat har daitezkeenen indizea, beraz, 0.68±0.03 izan da (interneten aurkitutako datua, ez dut nik neuk pertsonalki konprobatu ahal izan), hamarkada bi horietan zehar nesken gorpuzkera argalagoetara jo izan dela nabaria den arren. Harrituta indizearen balioetan eman den kointzidentziarekin? Ez al dut, bada, behin eta berriro azpimarratu ebolutiboki egonkorra den estrategia baten aurrean gaudela? Indizearen balio horrek beste esangura ezkutu bat ere badu. Goraxeago esan dugunez, lipidoak gerri ingurura ala aldaka eta ipurmasail ingurura bidaltzea, hurrenez hurren, androgenoen edo estrogenoen zeregina da. Bada, emakume batean bere gerri/aldaka indizearen balioa 0,7 ingurukoa bada, horrek adieraziko luke hormona-mota bien arteko proportzioa egokia dela emakume horretan, ez baita ahantzi behar gizon zein emakume guztiok ditugula bietarikoak, androgenoak eta estrogenoak. Sexu genetikoa (XX = emakumea, XY = gizona) eta sexu hormonala (emea = estrogenoak androgenoei argi eta garbi gailentzen zaizkienean, arra = androgenoak nagusi direnean) bat datozenean pertsona batengan ematen direnez ezaugarri sexual sekundario bereizgarrien garapen egokia eta ugal-aparatuaren funtzioamendu aproposa, 0,7ko indizedun emakume baten ugal-balioa, potentziala behinik behin, altuagoa da indize horren balio altuagoak erakusten dituzteak baino; teknikoki esanda, ezaugarri bien artean korrelazio negatiboa dago.
Arazo larri baten aurrean gaude, baina. Gaur egungo gizarteak bultzaturiko jateko eta ariketa fisiko geroz eta gutxiago egiteko ohituren erruz, naturaren legeen aurka ari gara jokatzen, eta, horren kulpaz, baliteke hurrengo belaunaldien garun-garapena kaltetua izatea. Juan Ignacio-k berak aipatzen du bere artikuluaren amaieran txuletak eta bollikaoak jateak ez dutela balio omega-3 gantz-azidoak aldaka eta ipumasailetan metatzeko. Nik gehiago esango nizueke artikulu luze hau osorik irakurtzeko adore eta ahala izan duzuen neska-mutil gazteoi (ba naiz ni bai baikorra, horratio! Pentsatzea ere kohorte horretako pertsonaren batek goitik behera irakurriko duela idazki astun eta trinko hau); zilegi bekit ere aholku bat luzatzea: neska maiteok, jaki horiekin gehiago lodituko zaizue gerria aldaka eta ipurmasailak baino, zuen 0,7 inguruko indize ezin erakargarriago hori gorantz eramanez eta zuen erakargarritasuna urrituz, eta hortaz, zuengana inguratuko den hautagai-kopurua murriztuz. Eta zuoi mutiloi, zer esango dizuet, bada? Txuleta eta bollikaoak janez, neskentzat erakargarria omen den gure gerri/aldaka = 1 inguruko indizea, batetik dexente gora joango zaizuela eta zuen “hautatuak izateko aukerak” gutxitu egingo zaizkizuela, hemen ere korrelazioak negatiboa izaten jarraitzen baitu.
Ez nuke idazlan hau azkendu nahi irakurle orori galdera bat luzatu gabe. Ezta artikulu hau irakurri ostean emakumeen gerri, aldaka eta ipurmasailak beste begi batzurekin ikusten dituzuela eta eme-egitura horiekiko miresmena nirekin partekatzen duzuela? Mutilek bertara “konkupiszentziaren” (lizunkeriaren) begiekin soilik ez balieke begiratuko, eta jakingura zientifikoaren begiekin ere begiratuko balieke, ontzat emango nuke artikulu luze hau idazten emaniko denbora.
Euskal esaera zahar batek dioenez, munduko bi gauzarik hotzenak dira, txakurraren sudurra eta emakumearen ipurdia. Masaileko galanta jasotzeko arriskurik gabe bigarrena konprobatzeko aukera ez daukanak, esaera zaharraren egiatasuna baieztatzeko, mugatu dezala bere azterketa lehen kasura; horretarako, udako egun bero-bero batean txakur lagunkoi baten sudurra ukitu dezala, berorren tenperatura konprobatzeko. Imagina dezake emakumearen ipurdiaren tenperatura horren parekoa izango dela. Ipurdiko tenperatura baxuaren zergatia? Beste artikulu batean Juan Ignacio-k eta biok aritu ginen lipidoen isolatzaile termiko gisa jokatzen duten funtzioaz idazten, ezta? Bada irakurri artikulu hori eta gogoratu emakumeek non metatzen dituzten lipidoak. Finis coronat opus (Amaierak koroa ipintzen dio lanari). Halabiz!
* Elosegi, A. 1995. Sexua eboluzioaren motore. Ugal-estrategiak joko ebolutiboan. CAF-Elhuyar. Liburu hau dagoenekoz deskatalogatuta dagoenez, interesik leukakeenak eska diezaiola egileari berari, oraindik ale apur batzuk eskuragarri baititu Zientzia eta Teknologia Fakultateko bere bulegoan.
Oso polita da Jesus Marik idatzi duena. Nik, hala ere, atal batean baino gehiagotan zatituko nuke, gai bat baino gehiago direlako jorratu dituenak.
Laburbilduz: Adimen garaiko seme-alabak edukitzeko probabilitate handiagoa duten emakumeak dira gizonok gehien erakartzen gaituztenak.
Eta beste kontu bat: Laster idatziko dugu txakurren sudurraz!
oso interesgarria iruditzen zait gai hau.
Post a Comment