Wednesday, April 8, 2009

Andeetako kamelidoa


Goialdeetan bizitzeak nolabaiteko antza du barrunbeetan bizitzearekin, antzeko zenbait arazori aurre egin behar baitiete batzuetan eta besteetan bizi diren animaliek. Antzekoak bai, baina berdinak ez. Bietan egin behar zaio aurre oxigeno urritasunari; horixe dute antza bi medio horiek. Baina goi garaietan bizi diren animaliek, edo toki haietara inoiz bertaratzen direnek ez dute arnasa hartu behar CO2 kontzentrazio garaiko atmosfera batean; horixe dute desberdin.
Euren metabolismo tasa apala dela eta, oxigeno behar txikiak dituzte animalia poikilotermoek. Agian horregatik ez dute aparteko ezaugarri berezirik oso garaiak ez diren tokietan bizi diren odol hotzeko animaliek. Baina itsas mailan arrunta den presioaren heren batean baino gehiago (500 Hg mm-tik behera) jaisten bada atmosfera-presioa, orduan bai, hainbat moldapen berezi behar dituzte zelulek behar duten oxigenoa lortu ahal izateko. Izan ere, globulu gorri gehiago du toki garaietan bizi diren animalia poikilotermo zenbaiten odolak. Esaterako, 3.000 m-tik gora bizi diren musker eta iguanidoen eritrozito edo globulu gorrien kopurua itsas mailan bizi direnena baino %20 garaiagoa da.
Desberdinak dira gauzak animalia homeotermoetan. Metabolismo tasa garaiak dituzte eta horregatik oso moldapen nabarmenak erakusten dituzte toki garaietan bizi direnek. Ikus dezagun Vicugna vicugna Andeetako kamelido ezagunak erakusten dituen ezaugarri fisiologikoak.
Bikuinaren odolak ez du beste kamelidoek dutena baino hemoglobina gehiagorik, ez eta eritrozito kopuru garaiagorik ere; beraz, bestelako animalia homeotermoena bezalakoa da bere odolaren oxigeno kapazitatea[1]. Baina, lehen esan bezala, oxigeno gutxiago dago toki horietan, eta beraz, bestelako moldapenik egongo ez balitz, oso mugatua egongo litzateke oxigenoaren transferentzia. Eta, izan ere, halaxe da, moldapen bereziak ditu. Hasteko, eguraste tasa garaiagoak ditu, hau da, aire bolumen handiagoa arnasten du. Horrela, oxigeno gehiago iraganarazten du arnas azaleraren gainetik, ez baldintza normalen menpe bezala, baina garaieraren eragina konpentsatzen du nonbait. Azken batean, arinago iragaten bada airea, arnas medioaren oxigeno kontzentrazioa ez da gehiegi jaisten birikan, eta horrek transferentziaren alde egiten du.
Bestalde, nahiz eta bikuinaren odolak beste kamelidoenak baino arnas pigmentu gehiagorik ez duen, oxigenoarekin kidetasun garaiagokoa da bere arnas pigmentua. Hau da, oxigenoa errazago zurgatzen du biriken barrunbean dagoen airetik, eta transferentziaren alde egiten du horrek ere. Horrez gain, beste bi moldapen garatu ditu. Batetik, eta erresistentzia kirolariei gertatzen zaien bezala, bihotz handiagoa du, eta horri esker odol bolumen handiagoa ponpatzen du taupada bakoitzean. Jakina, odol bolumen handiagoak ponpatzean, arinago berritzen da biriketatik iragaten den odola eta arinago bidaltzen da zeluletara. Eta bigarrenik, muskuluetan pigmentu (mioglobina) gehiago du eta horrela odolak dakarren oxigenoa errazago iragaten da muskulu zeluletara. Moldapen horiei esker, bikuina bezalako ugaztunek arnasa har dezakete ingurumenean oxigeno gutxiegi dagoenean ere.

Oharra: Argazkia wikipediatik hartua dago (http://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:Vicu%C3%B1a.jpg) eta Creative Commons baimenaren baldintzen menpe erabil daiteke.
[1] Odol pigmentu osoa oxigenoarekin elkartua dagoenean odolak duen oxigeno kontzentrazioari deitzen zaio oxigeno kapazitatea.

2 comments:

José Luis Ferreira said...

Kaixo, Iñako

Barkatu adiskidetasun hau, baina hori da nire arrebak beti erabiltzen duen izena zuri buruz mintzatzeko. Zure blog-ak (zergaitik hiru?) irakurtzen egon naiz eta badirudi gauza berdinak gustatzen zaizkigula. Beno, nire blog-a nahi baduzu bisitatzen, ongi etorria zara.

Agur!

Juan Ignacio Pérez Iglesias said...

Kaixo José Luis
Ez eskatu barkamenik adiskidetasuna adierazteagatik. Xabier Kintana euskaltzainak behin jende askoren aurrean eta bilera formal batean esan zuen bezala, nire izen propioa Juan Ignacio den arren, Iñako izenez ezaguna naiz unibertsoan.
Zure bloga aspalditik bisitatzen dut eta asko gustatzen zait. Nik ere, metafisikarekin ez naiz oso gustura egoten (fisika hutsa nahiago).
Hiru blog idazten ditut bakoitzak helburu desberdina betetzen duelako eta irakurle desberdinetan pentsatuak daudelako.
"Uhandreak" izenekoan animalien biologiako pasadizoak kontatzen ditut eta dibulgazioa du helburu. Gaia biologiazkoa da, ikusi ahal duzunez.
"Animaladas" izenekoa lehenaren bigarren bertsioa da, baina gaztelaniaz. Ez nuen uste izan bi hizkuntzak nahastea egokia zenik.
Eta "Dese Chiloé" izenekoak ez du zerikusirik animalien biologiarekin. Horretan agertu nahi ditut nire kezkak eta iritziak, eta oraingoz, behintzat, gaztelania hutsez egingo dut. Gai hauek ez ditut nahastu nahi. Lehen biek asmo bat dute eta azken honek beste bat.
Zure bloga desberdina da; gai bakarrekoa da, blogaren izenaren bitartez eta hasieran ematen duzun azalpenaren bitartez oso argi geratzen dena, nahiz itxuraz baten batek pentsa dezakeen oso kontu desberdinak direla. Kontu desberdinak izan daitezke, bai, bai funtsean, todo lo que sea verdad da aztertzen duzuna. Berriro diotsut: oso ondo dago.
Izan ongi.