Wednesday, April 15, 2009

Odol zuriko izotz-arrainak


Antartidako itsas izoztuetan bizi diren Channichthydae familiako arrainek, talde oso bitxia osatzen dute ornodunen artean, ez baitute ez hemoglobinarik euren odolean, ezta mioglobinarik ehunetan ere. Horrexegatik dira zurixkak eta ia gardenak. Hemoglobinak ematen dio kolore gorria odolari eta arrain hauek arnas-pigmentu hori ez dutenez, hortik datorkie odol zuriko arrainak delako izena. Benetan bitxia da talde hau ornodunen artean, ornodunen ezaugarrietako bat euren odoleko hemoglobina kontzentrazio altua izaten baita. Dirudienez, hemoglobinarik ez izatearen arrazoia, ß-globinaren sintesirako beharrezkoa den gene funtzionalaren eza da.
Horrelako animalia talde baten aurrean honako bi galdera horiek sortzen dira: “Zergatik galdu dute arrain horiek hemoglobina eboluzioan?” eta “Ez ote dute behar hemoglobina oxigenoa zeluletara eramateko?”

Lehen galderari dagokionez, erantzun bat eta zalantzarik gabea ematerik ez dago. Hala ere, kontua aztertu duten zientzialarien iritziz, izotz arrainaren odolak biskositate garaiegia izango luke hemoglobina edukiko balu, bai koloide-esekiduran egonik edo bai eritrozitoen barruan. Izan ere, tenperaturaren menpekoa denez, biskositatea nabarmenki igotzen da tenperatura jaisterakoan. Hori dela eta, garai samarra izan daiteke 0ºC edo apalagoak diren tenperaturatan bizi diren animalien barne likidoen biskositatea. Bestalde, arnas pigmentua egoteak areagotzen du tenperaturaren eragin hori. Esaterako, ugaztunen odolaren hematokritoa , gutxi gorabehera, %46-koa da eta bere biskositatea plasmarena baino hiru bider garaiagoa da. Bi eragile horiek batera, tenperatura apalak eta hemoglobinak, biskositate garaiegia emango liokete odolari, eta horrek nabarmenki goratuko luke odola ponpatzearen kostua, edo areago, ponpatzea bera eragotziko luke. Eta horren guztiaren ondorioz, antza, hemoglobina galdu zuten ur hotzetan bizitzen moldatu ziren arrain horiek. Esan beharra dago, bestalde, ur hotzetan bizi diren beste arrain batzuek eritrozitoak badituzte ere, euren odolaren hematokritoa oso apala dela. Ez dira, beraz, salbuespen bat, joera orokor baten muturra baizik.
Bigarren galderari berez erantzuten zaio; hau da, hemoglobinarik ez badute, behar ez dutenaren seinale. Beste kontu bat da, noski, nola betetzen duten arnas pigmentuaren gabeziak utzitako zuloa: arnas-pigmenturik gabe, oxigeno-garraioa odoletik ehunentarantz barreiaduraz gertatzen diren prozesuetara mugatua gelditzen da. Aukera bat hurrengoa litzateke: beharrizanak murriztu, animalien tamaina mugatuz, hau da txikiak izanik. Ez da hau kasua ordea; izotz arrainen artean bada gutxienez espezie bat, Chaenocephalus aceratus, metro erdiko aleak agertzen dituena. Nola konpontzen dute animalia bitxi hauek hemoglobinaren gabeziak oxigeno-garraioari ezartzen dizkion mugak orduan?
Argi dago arrain hauek soilik bizi daitezkeela euren ohiko inguruneak agertzen dituen baldintzen menpe. Antartidako itasoetako urak oso oxigenazio-maila altua agertzen dute, eta ohiko tenperatura ia 2 gradu zero azpitik mantentzen da urte osoan zehar. Jakina da oxigenoak uretan disolbatzeko duen erraztasuna handiagoa dela zenbat eta tenperatura baxuagoa izan, beraz solugarritasun garaia bermatua dago bai uretan eta baita ere arrainen odolean tenperaturak baxu mantentzen diren artean. Bestalde, hotzak berak ere poikilotermoak diren animalia hauen beharrizan metabolikoak, eta beraz oxigeno beharrizanak, apalagoak izatea eragiten du.
Hala ere, animalia hauek ez dira baldintza fisiko soilen gatibu hertsiak, aurreko baten azaldu genuen andeetako kamelidoetan beha daitekeen moldapenetariko bat agertzen baitute hauek ere: arrain hauen bihotza, tamaina bereko beste arrain guztiena baino askoz handiagoa da, eta taupada bakoitzean 4-10 aldiz odol gehiago ponpatzen du, Horrekin batera, odol fluxua azkartzera zuzenduta dagoen beste moldapen estruktural bat ere agertzen dute: arrain hauen ehunak irrigatzen dituzten odol-hodiak, ohikoak baino askoz handiagoak dira, diametro handiagoa dute, eta beraz mikrozirkulazioa erraztuta dago odol fluxuari hodietan jartzen zaioen erresistentzia txikiagoa delako. Eta azkenik, larruazalak zeregin garrantzitsua betetzen du gas elkartrukean, garraio sistema baten beharra askoz ere txikiagoa izanik horrela. Izan ere, brankia txikiak dituzte, euren larruazalak ez du gas elkartrukea eragotziko luketen ezkatarik, eta dermisa odol hodiz beterik dago gasen elkartrukerako azalera eraginkorra areagotuz.
Bistan da ornodun guztien odola ez dela gorria, baina horrek ez du esan nahi gizakien artean odol urdineko banakoak egon daitezkeela sinesgarria denik. Gai hori, hala ere, beste baterako utziko dugu.

2 comments:

Anonymous said...

Odol zuriko arrainen inguruko artikulua irakurtzean, etxean (Bermeon) sarri entzun dudan "irain" bat gogoratu dut: "Abuxe, odol bako arraiñe". Zerbait pasiorik gabe egin dudanean esan didate aitak edo amak; edo izaeraz oso zerebrala zen norbait mespretxuz aipatzeko ere erabiltzen zuten.
Niretzat arrain "mitikoa" da, ez baitut sekula ikusi ez itsasoan ez platerean (agian, ume-umetan, platerean bai, baina ahaztuta daukat), baina orain ikusi dut Eneko Barrutiak ere aipatzen duela "Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean" artikuluan (Zainak. 25, 2003, 269-297. http://hedatuz.euskomedia.org/2835/1/25269297.pdf) eta "Atherina hepsetus" edo "Atherina presbyter" omen da.
Badakizue; biologiaz ezer ez dakienak biologiako blogean egin dezakeen iruzkina.
Gidor.

Juan Ignacio Pérez Iglesias said...

Oso iruzkin interesgarria da, baina ez nuen pentsatzen "odol bako arraiñe" hemen ezagunak zirenik. Aukera dudanean begiratu bat botako diot srtu duzun helbide horri. Eskerrik asko!