Tuesday, April 21, 2009

Narrasti urpekariak


Uretako ugaztunez beste artikulu batean aritu ginen eta han azaldu genuen zeintzuk diren urpean egoteko animalia horiek erabiltzen dituzten mekanismoak. Airean egiten dute arnasa ugaztun horiek, eta odolean eta muskuluetako mioglobinan gordetzen dute oxigenoa urpean daudenean hortik ateratzeko. Horiexek dira erabiltzen dituzten oxigeno biltegiak, odol bolumen handia eta mioglobina kontzentrazio garaiak baitituzte.
Ugaztunez gain, badira bizimodu urtarra duten jatorri lehortarreko narrastiak ere. Horien artean, gainera, bi motako arnasteko moduak daude, batzuk airean eta beste batzuek uretan egiten baitute arnas. Krokodriloek, dortoka zenbaitek eta itsas sugeek, esaterako, airea arnasten dute, eta hala ere urperatze luzeak egin ditzakete. Acrochordus, Cerberus, Farancia eta Nerodia generoetako sugeek 25-35 min-ko urperatze aldiak egin ditzakete; itsas dortoka berdeak, bestalde, 50 min egon daitezke uraren azpian; eta ordu bat baino gehiago urpera daitezke itsas sugeak.
Desberdinak dira animalia horiek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak eta itsas ugaztunek erabiltzen dituztenak. Aipatu ditugun itsas sugeak, esaterako, gorputzaren luzera ia osoan zehar duten birika luzean gordetzen duten oxigenoari esker egon daitezke urperatuta hain denbora luze. Horrez gain, narrasti gehienek metabolismo tasa jaitsi egiten dute urperatzen direnean eta, gainera, metabolismo bide anaerobioak erabiltzeko ahalmena dute espezie batzuek.
Lehen esan bezala, narrasti gutxi batzuek uretan egiten dute gas elkartrukea. Zenbait suge eta dortoka dira horrela jokatzen dutenak. Larruazaletik hartzen dute arnasa sugeek eta aho eta faringe barrunbetik dortokek. Kasu bietan gas elkartrukerako duten azalera oso handia ez den arren, badirudi nahikoa dela; hortaz, kontuan hartu behar da poikilotermoak direla eta, beraz, euren oxigeno beharrak ez direla handiegiak.

0 comments: