Thursday, January 29, 2009

Boskimanoen istorio bat


Hautespen naturalaren eraginpean daude animalen funtzio biologiko guztiak, janaria lortzea eta digeritzea barne. Horrek esan nahi du berezko moldapenak garatu dituztela bai janaria lortzeko bai eta digeritzeko ere. Hortaz, animalia batek erabiltzen dituen elikadura-baliabideen ezaugarriek eragin nabarmena dute zenbait bereizgarritan, bai anatomikoak bai fisiologikoak ere. Ezaguna da, esaterako, denboran zehar agertu diren hominidoen hortz-aginen ezaugarriak jakiaren araberakoak izan direla. Izan ere, aurkituriko hortzeria fosilari esker jakin dezakegu gaur zein zen espezie bakoitzaren ohiko jakia.Baina, esan bezala, moldapenak ez dira gertatzen ezaugarri anatomikoetan soilik; garrantzi handikoak dira fisiologiari dagozkionak ere. Harreman zuzena dago, adibidez, animalia baten jaki motaren eta dituen digestio entzimen artean. Horrela, karbohidrasak dira karbohidratoez aberatsa den jana erabiltzen duten espezieen digestio-entzima nagusiak. Eta ber gauza gertatzen da, esaterako, proteasa eta proteinekin. Espezieen arteko desberdintasunez ari gara, noski, baina espezie berean ere, desberdintasun handiak egon daitezke populazio desberdinen arteko digestio-entzimen horniduretan.
Boskimanoak eta bostwanoak Afrikako hegoaldean bizi dira. Bi etnien jatorria oso desberdina da eta, hori dela eta, euren hizkuntzak oso urrun daude elkarrengandik. Munduko berezienetakoa da boskimanoen hizkuntza eta ez bide du harreman zuzenik albokoekin; bostwanoena, berriz, Afrikako beste zenbait hizkuntzekin erlazionaturik dago. Geografikoki oso urrun ez dauden arren, zeharo desberdinak dira giza-talde horien ingurumenen ezaugarriak. Boskimanoak Kalahariko basamortuan bizi dira eta ehiztariak dira; bostwanoak, berriz, nekazariak. Hori horrela, oso giza-talde egokiak dira digestio-entzimen horniduren arteko erkaketa egiteko, elikadura-baliabide desberdinak dituztelako. Txori, suge, musker eta damak dira boskimanoen jakiaren osagai nagusiak, eta artoa eta basartoa, bostwanoena.
Amilasak, digestio-entzimak dira, eta almidoia eta antzeko karbohidrato konplexuak digeritzen laguntzen dute. Gizakiok bi aldaera edo barietate ditugu, listukoa eta areakoa. Listu-amilasak aho-barrunbean egiten du bere lana, hortz-aginen birrintze-lan mekanikoa osatuz. Listu laginak hartzea oso erraza denez, oso erosoa da listu-amilasarekin lan egitea. Hori dela eta, boskimano eta bostwanoen listu-amilasak erkatu ziren ikerketa batean eta, ikerketa osatzeko, jatorri europearreko Hegoafrikako biztanleen laginak ere hartu ziren. Azken hauen jakiak denetariko produktuak ditu eta beraz, jaki mistotzat har daiteke.
Neurketetatik, honako emaitzak atera ziren: Bostwanoen amilasa jarduera 248 unitate/ml-koa izan zen eta boskimanoena, 22 unitate/ml-koa. Jatorri europearreko herritar hegoafrikarrena, bestalde, 101 unitate/ml-koa izan zen; hau da, beste bi balioen erdian geratu zen. Bistan da, beraz, digestioaren beharren araberakoa dela amilasa-jarduera, zeren zerealez osaturiko jakia hobeto digeri baitaiteke amilasa-jarduera handia bada.
Baina datu horiek ez digute argitzen behaturiko desberdintasunen jatorria zein den. Hau da, ezin daiteke jakin jarduera maila horiek giza-taldeen berezko ezaugarriak ala jakiaren araberako ezaugarri aldakorrak ote diren. Beste era batera esanda: alda ote liteke boskimanoen listuaren amilasa-jarduera jakiaren aldaketa baten ondorioz?
Ikertzaileek horixe jakin nahi zuten, baina horretarako ezinbestekoa zen boskimanoen talde bat jaki kontrolatupean mantentzea, eta hori, ulergarria denez, ez zen kontu erraza. Zoriak, hala ere, laguntza eman zien ikertzaileei, zeren bost boskimanok deklaratu behar izan baitzuten, lekuko gisa, epaiketa batean ikerketa-zentrotik gertu. Hiru hilabete geratu behar izan ziren han, eta bitartean, bertakoen ohiko janaria eman zieten boskimanoei, hau da, jaki mistoaz, -patatak, ilarrak, haragia, etab.-, elikatu ziren hiru hilabetetan zehar. Bada, hiru hilabeteen buruan 22-tik 95-era igo zen bost boskimanoen listuaren amilasa-jarduera. Hau da, ikerturiko karbohidrasa-jarduera igo egin zen karbohidratoez aberatsagoa zen jatorri europearreko herritarren jakia digeritzeko beharraren ondorioz. Gainera, igoera nabarmena izan zen.Ez dakiguna da, -ikertzaileek ez dutelako horren berririk eman-, zer nolako iritzia zuten bost boskimanoek epaiketan zehar jan behar izan zutenaz, baina aukeran, seguru sugeak eta muskerrak nahiago.

0 comments: