Thursday, January 29, 2009

Mira como beben los peces en el río


Oso ezaguna den gabon kanta baten hitzak dira horiek. Testuinguru zabalagoan jarrita, ondoko hau da gabon kantak dioena: “Pero mira como beben los peces en el río, pero miran como beben al ver a Dios nacido, beben y beben y vuelven a beber, los peces en el río al ver a Dios nacer”. Bertsoaren kalitate poetikoaz aritzeko asmorik ez dudanez, albo batera utz ditzagun gogoeta literarioak eta aritu gaitezen bertsoaren edukiaz. Zeren gabon kantak ez baitu asmatu, ibaietako arrainek ez baitute edaten.Akuarioetan edo urmaeletan, edo ibai zein lakuetan ikusten ditugunean, eta ahoa zabaltzen ikusten ditugunean, arrainak ez dira edaten ari. Arnasa hartzen ari dira, ez besterik. Izan ere, kalte egiten die ura edateak ur gezetako arrainei. Ur gezetan bizi direlarik, ur gezarena baino askoz garaiagoa da arrain horien gorputz likidoen gatzen kontzentrazioa. Hori dela eta, gorputzean sartzeko joera handia du urak. Gauzak horrela, urari sartzen utziko baliote, urez beteko lirateke eta lehertzera ere hel litezke bai gorputza bera bai eta bere zelulak ere.
Hori horrela, ura sartzeari ekidin behar diote ur gezetako arrainek, eta horretarako bi bide erabiltzen dituzte. Batetik, euren gorputz azala iragazkaitza da oso eta, bestetik, ia ez dute urik edaten edo oso gutxi edaten dute. Digestio hodia elikagaien zurgapenerako azalera izanik, iragazkorra izan behar du ezinbestez. Beraz, digestio hodia uraren sarbidea izan ez dadin, ur gutxi edatea da aukerarik egokiena[1].
Uraren sarrerari oztopo handiak jarri arren, hain da handia ura sartzeko joera osmotikoa, ezen nolabaiteko ur bolumena sartzen baita etengabe. Ur gutxi edanez, beraz, murriztu egiten da arazoa, baina ez da guztiz konpontzen. Hortaz, nahi gabe sartu den ura kanporatu beharra dute eta horretarako, gernu bolumen handiak ekoitzi behar dituzte. Izan ere, ibaietako animaliak dira gernu bolumen handienak ekoizten dituzten animaliak. Akuarioetan hain ohikoa den Carassius auratus urre zamoaren gernu ekoizpena, esaterako, 0’144 ml/h-koa da, eta horretatik, 0’005 ml/h da edanez barneratzen dena. Beste guztia (%95) nahi gabe sartu zaio gradiente osmotikoak eraginda.
Gernu bolumen handia ekoizteak, hala ere, bere kontrakoa badu. Ur gezetako animalia gehienek beren plasma iragaziz ekoizten dute lehen gernua deritzoguna. Beraz, lehen gernu horrek, plasmaren ioi-konposizio berbera du. Kanporatzen dena gernu hori izango balitz, gatz asko galduko lirateke, zeren batetik, oso gatz gutxi duen likidoa sartzen eta, bestetik, gatz asko duena irteten baita. Gatzen balantzea, beraz, negatiboa izango litzateke. Hori dela eta, gernua kanporatu aurretik, gatz kantitate handiak berzurgatzen ditu giltzurrun-epitelioak eta horri esker, kanporatzen den gernuaren gatz kontzentrazioa, plasmarena baino askoz ere baxuagoa izaten da. Beraz, gernu bolumen handiak bai, baina oso gernu diluitua da kanporatzen dena, hau da, kontzentrazio osmotiko apaleko gernua.
Eta hori guztia, hala ere, ez da nahikoa. Aipatu ditugun prozesuen balantzea negatiboa da gatzei dagokienez. Hau da, kanpo uraren gatz kontzentrazioa gernuarena baino baxuagoa denez, gatzen galera garbia dakar uraren sartu-atera horrek. Eta hori konpondu ahal izateko, beste bide batera jo behar izaten dute ur gezetako arrainek: giltzurruna ez diren zenbait organotatik gatzak zurgatu behar dituzte, eta brankiak dira horretarako organo aproposak. Hau da, berez arnas funtzioa betetzen duen epitelioak, bigarren funtzio garrantzitsu hori ere bete behar du. Ikusi ahal izan dugunez, korapilotsu samarra da ibaietan bizitzea. Ur gezetako arrainak aztertu ditugu hemen, baina arrainez gain, beste animalia asko bizi dira ibai eta lakuetan, eta guztiek egin behar (izaten) diote aurre ur sarreraren eta gatzen galeraren arazoei. Funtsean, arazo horiei aurre egiteko eta ezinbestekoa duten gatz kontzentrazioaren orekari eta ur edukin egokiari eusteko bide berdinak erabiltzen dituzte guztiek.
[1] Gutxi, bai, baina apur bat edan behar dute ioi dibalenteak eskuratzeko.

0 comments: