Sunday, January 4, 2009

Mendigoizaleak

Goi mendietako gainetarantz abiatzen diren mendigoizaleen telebistako irudiek, edertasuna alde batera utzita, iruzur egiten dute nonbait. Ez dute erakusten mendigoizaleen sufrimendua. Zortzi mila metrotik gorako gailurretatik ibiltzeak ez dirudi hain zaila irudiotan. Horregatik diogu iruzur moduko zerbait direla irudiok, errealitatea islatzen ez dutelako.
Toki garaietan dagoen oxigeno urritasuna da leku garai horietan bizitzeko edo egon ahal izateko dagoen arazoa edo oztopoa, oxigeno gertutasuna beheratzen baita gora goazen heinean. Oxigeno urritasuna diogunean, hala ere, ez gara kontzentrazioaz ari, bai hemen, itsasoaren parean eta bai Everesteko puntan % 21 baita oxigeno kontzentrazioa airean. Gertatzen dena da goialde horietan aire gutxiago dagoela; bolumen berbera betetzen du dagoen aireak, baina gutxiago dago, ez baitago itsas mailan bezain konprimitua. Gertaera horren berri ematen digun adierazlea presioa da, atmosferaren presioa. Itsas mailan 760 mmHg-ko presioa dago, baina garaierarekin batera beheratu egiten da eta, esaterako, 5.000 m-tan 400 mmHg-etaraino jaisten da. Ikuspuntu praktiko batetik esan genezake 5.000 m-tan erdira beheratzen dela dagoen airea eta, noski, dagoen oxigenoa ere.
Kontu horrek berebiziko garrantzia du arnasa hartzerako orduan, ingurumenetik odolerako oxigenoaren iragapena oxigeno presioaren menpekoa baita. Itsas mailan, oxigeno presioa 160 mmHg-koa da; hau da, atmosfera presioaren %21 gutxi gora behera. Baina goratzerakoan, oxigeno presioa beheratzen da atmosfera osoarenaren neurri berean. Hori dela eta, 84 Hgmm-koa da oxigeno presioa 5.000 m-tan, oso balio apala animalia gehienen, -gizakiak barne-, odolera iragan ahal izateko.
Bada, mendigoizale onenek zortzi mila m-ko gailurrak iristen dituzte, nahiz garaiera horietan oxigeno gutxiegi dagoen. Zazpi mila m-tik gora gizaseme arrunt batek ezin du ez eta arnasa hartu ere. Zazpi mila metrotik gora ibiltzea, ibili ahal izate soila, gizaki aukeratu batzuek egin dezaketen ahaleginik handiena da; asmagaitza da zer den ibiltzeaz gain gora egitea, eta gora egiteaz gain, bizkarrean zama handia eramatea; irudikaezina da ahalegina. Kirolari apartak dira alpinistak, bai, zortzi mila metrotik gorako gailurretara iritsi diren horiek egiazko mugan baitaude, bizitzaren ertzean. Izan ere, gutxiren pribilegioa da gailur garaienetaraino iristen diren mendigoizaleen indarra, erresistentzia, teknika, inteligentzia eta kemena, batera izatea, horiexek baitira oxigeno urritasunaren ondorioei aurre egiteko behar diren ezaugarriak.
Oharra: Irudia Andrew Purdam-ena da eta creative commons baimen motaren araberakoak dira erabili ahal izateko baldintzak (helbidea: www.intute.ac.uk/bth/Everest.html)

1 comments:

Jesus Mari said...

Oxigeno-botilen laguntzarik gabe Himalaiako 8000 metrotik gorako garaiera duten mendien tontorretara heltzen diren mendigoizale horien balentriak bere neurrian jartzeko asmoz, ikus dezagun pertsona "arrunt" bati gertatuko litzaiokeena.
Euskal Herrian bizi den edozeini, toki garaietan bizitzeko inolako aklimataziorik ez duen pertsona baten adibide gisa, hegazkin batean 7000 metroko altueran hegan doan bitartean, istripuren batengatik bidaiariak daudeneko tokia bat-batean despresurizatuko balitzaio, oso denbora laburrean berak eta gainerako bidaiari guztiek konortea galduko lukete, bakoitza bere jarlekuan eserita inolako ariketa fisikorik egin gabe jarraituko balu ere. Zer esan pertsona hori motxila astun batekin aldapa tente-tentea igoten ipiniko bagenu... Segundu apur batzuren buruan ziplo hilda eroriko litzatekeela... Horrexegatik da mendigoizale horientzat hain garrantzitsua oso aklimatazio ona egitea.
Istripu berdina jet motako hegazkin horiek bidaiatzen duteneko ohiko altueran (11000-12000m) gertatuko balitz, pilotuak berak 30 segundutan konortea galduko luke eta hortik beste minutu erdira-edo, koman sartuko litzateke. Esan gabe doa, bidaiariekin beste horrenbeste gertatuko litzateke... Eskerrak horrelako istripuren bat gertatuko balitz automatikoki oxigeno-mozorroak (maskarilak) aurpegi aurrean agertuko litzaizkigukeena...
Ea argibide honek hurrengoan hegazkina hartzen dugunean azafatek ematen dizkiguten azalpenei kasu gehiago egiteko balio digun...