Thursday, January 22, 2009

Txirla gizajalea


Igaro den urtarrilaren hamabostean Acoelomorpha filumaren Symsagittifera roscoffensis zizarez aritu ginen hemen. Zizare lau horrek eguzkia hartzen du, mikroalga sinbionte batetik hartzen baititu bizitzeko behar dituen energia osagaiak. Baina Symsagittifera ez da energia lortzeko alga sinbionteak baliatzen dituen animalia bakarra. Bibalbioen artean, esaterako, badira berdin jokatzen dutenak ere. Ozeano Bareko koralezko uharrietan bizi den Tridacna gigas dugu kuskubitako horietako bat. Tridacna generoko espezieek bi elikatze modu erabiltzen dituzte batera. Batetik, bibalbioetan ohikoa den iragazte modua erabiltzen dute; hau da, esekita dauden mikropartikula organikoak, -mikroalgak eta beste-, harrapatu eta ingeritzen ditu ura ponpatuz eta brankietatik iragaziz. Eta bestetik, mantuaren bazterrean dituzten mikroalga dinoflagelatu sinbiontikoek egiten duten fotosintesiari esker eskuratzen dute energia eta egitura-osagaien ekarpen gehigarria.

Tridacna guztiak handiak dira tamainaz, baina genero horretan Tridacna gigas da tamaina handieneko espeziea. Horri dagokio, hain zuzen ere, espezie-izena, kuskubitakoen artean erraldoia baita. Izan ere, 200 kg-ko pisua eta 140 cm-ko luzera edukitzera hel daitezke espezie honen aleak.
Tridacna generoko kuskubitakoak munduko handienak izatea eta elikatze modu bikoitza edukitzea ez da, seguraski, kasualitatea, zeren tamaina handi horietara iritsi ahal izateko ezinbestekoa baita mikroalga dinoflagelatuek Tridacna-ri ematen diotena. Bestalde, handia da bere bizitza-luzera ere, 100 urteko adinera hel daitezke-eta. Hortaz, handi egiteko denbora nahikorik gabe ere, nekez lor liteke horren tamaina handirik.
Tridacna-ren tamaina dela-eta, badira inolako funtsik ez duten elezaharrik ere. Izan ere, gizakiak “jaten” zituztelakoan, txirla gizajale edo txirla hiltzaile izenez ezagutu izan da Ozeano Bareko zenbait kostaldetan. Izen horiek, baina, ez dira egokiak inondik ere. Kuskuak ixten dituztenean astiroegi ixten dituzte, eta euren babeserako egiten dute, inoiz ez erasotzeko. Beraz, inoiz Ozeano Bareko koralezko uharrietan urperatzen bazara, ez izan beldurrik Tridacna-ri, ez du koskarik egiten. Baina hori bai: kontuz ibili marrazoekin! Horiek bai egiten dute koska, eta hortz zorrotzak dituzte.

0 comments: