Thursday, January 22, 2009

Pinguino enperadorearen bizitza harrigarria


Pinguino enperadoreak Aptenodytes forsteri du zientzia-izena eta Antartikan bizi da. Munduan ez dago toki hotzagoan bizi den hegaztirik. Behar bada horregatik da hain harrigarria pinguino horren bizimodua.
Aptenodytes forsteri, arrainjalea izanik, itsasoan bakarrik elikatzen da. Pinguino arra, negua hurbiltzen denean, uretatik irten eta ibiliz abiatzen da, itsaso izoztuaren gainetik, izotz iraunkorrean 50-100 km-tara dagoen txitatze-gunera. Han emea dago zain, erruteko prest. Arra heltzerakoan arrautza bakar bat erruten du emeak eta, ondoren, itsasorantz abiatzen da. Arrautza arrari uzten dio, arrak txita dezan, eta horixe egiten du arrak, hanken artean arrautza gordez.
Bi hilabete baino gehiago irauten du txitatze-aldiak eta horren bitartean pinguinoak ez du jaten ezer ere. Ez hori bakarrik, negu gordinenean dagoenez, askotan -40º edo -50º-etaraino irits daiteke tenperatura, eta gainera, Antartikaren neguan ohikoak izaten dira haize eta elur ekaitzak. Txitatze-aldia amaitzen denean itzultzen da pinguino emea itsasotik, urdaila janariaz beterik dakarrela. Orduan heltzen da, pinguino arrarentzat, itsasora itzultzeko txanda. Emeak, urdailean ekarri duen janariaz, txitoa hazten du ondorengo asteetan, arra itsasoan elikatzen den bitartean.
Harrigarria da, bai, pinguino arraren portaera. Hiru hilabetetan zehar baraurik egotea, berez, ez da bat ere xamurra; baina hori nahikoa ez balitz, 38º-tan mantentzen du gorputzaren barne tenperatura, ingurumenekoa -20º eta -50º artean dagoenean. Argi dago itsasoan egon den bitartean gorputz azalaren azpian pilatu dituen gantz erreserbei esker egin dezakeela egiten duena. Baina atera ditzagun kontuak.
Barau-aldiak 100 egun inguru iraun dezake eta pinguinoak bere pisuaren %40 galtzen du denbora horretan. Kontuak ateratzeko, bi dira aintzat hartu behar diren gastu iturriak, distantzia luze horiek (50-100 km itsasotik etortzeko eta beste horrenbeste itsasora joateko) egiteko behar duena, batetik, eta txitatze-aldian zehar 38º-ko gorputz tenperatura mantentzeko behar duen erregaia, bestetik.
Aptenodytes forsteri pinguino handia da, pinguinoetan handiena. 35 kg-ko pinguino batek 1’5 kg gantz erabili behar du joan-etorri ibilaldia egiteko erregai gisa. Bestalde, laborategian egindako esperimentuetatik lorturiko emaitzen arabera, 25 kg gantz galdu beharko luke pinguino ar batek txitatze-aldi osoan Antartikaren neguan ohikoak diren tenperaturetan.
Datu hori, baina, ez dator bat naturan ikusitakoarekin. Izan ere, erdia da, gutxi gora behera, txitatze-aldian galtzen duten gantz masa: 12-13 kg inguru. Beraz, zerbait ez dugu aintzat hartu kontu hauek ateratzerakoan, eta litekeena da pinguinoen portaera izatea kontuan hartu ez dugun hori; izan ere, baliteke laborategian lorturiko datuak guztiz adierazgarriak ez izatea. Zeren neurketak banan-banan egin baitziren pinguino banako batzuk erabiliz, baina txitatzen ari direnean pinguinoak ez dira bakarrik egoten, multzotu egiten baitira. Bakarrik egongo balira, gorputz azal osoa egongo litzateke aire hotzaz inguraturik eta, beraz, azal osotik galduko lukete beroa. Baina txitatze-gunean multzo batean daudenez, denbora gehiena egoten dira beste pinguinoez inguraturik eta beraz, askoz ere bero gutxiago galtzen dute horrela. Eta bero gutxiago galtzen denean, gutxiago da tenperatura mantentzeko sortu behar den beroa. Hau da, multzotze-portaerari esker erregai, -gantz-, gutxiago gastatu behar dute behar duten beroa sortzeko.
Egia esan, ingurumen hotzean dauden animalia asko, -gizakiak barne-, multzotu egiten dira beroa gordetzeko. Baina pinguinoen kasuan bistan da hil ala biziko kontua dela.

Bideo interesgarriak:
http://uk.youtube.com/watch?v=6AiCIZ9wM1o
& http://uk.youtube.com/watch?v=CDpSjoAV2JU

0 comments: