Sunday, January 4, 2009

Titikaka Aintzirako igela

Anfibioen arnasketan larruazalak zeregin garrantzitsua betetzen duela kontu jakina da. Hainbat anfibio taldetan, baina, garrantzi hori noraino iristen den ez da hain kontu ezaguna. Titikaka Aintzirako (3.812 m) uretan bizi den igelak -Telmatobius culeus- ez du egiazko birikarik, gasen elkartrukerako egokiak ez diren birika aztarnak baino ez baititu.
Oso berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Ezagunak ditugun igel gehienak ez bezala, ez da uretatik irteten; horrexegatik ez du arnasa hartzeko balio duen egiazko birikarik. Izan ere, larruazalean zehar hartzen du arnasa. Hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko organoa. Kontuan hartu behar da, bestalde, 3.812 m-tan oxigeno gutxi dagoela eta horrek, berez, zaildu egiten du arnasa hartzea.
Hortaz, Telmatobius culeus-ek tolesturaz beterik du larruazala. Gasen elkartrukerako azalera oso handia da tolesturei esker, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur korronteak sortzen ditu, inguruko ura berriztatzeko eta, era horretara, oxigenoko kanpo kontzentrazioa ahalik eta garaien mantentzeko.
Bestalde, odol hodiez josia dago larruazalaren barne aldea eta hori gutxi izango balitz, bere odola ere berezia da oso. Batetik, beste igelen odolak baino hemoglobina gehiago du eta, bestetik, globulu gorri gehiago edukitzeaz gain, txikiagoak dira eritrozito horiek; horrela, oxigenoa zurgatzeko azalera gehiago du eritrozitoen multzo osoak. Faktore horiei guztiei esker erraztu egiten da garaiera horretan horren urria den oxigenoaren transferentzia.
Esan beharra dago, azkenik, Telmatobius culeus igela estimu handian dutela Titikaka Aintziraren inguruko herritarrek. Estimu handi hori, baina, ez dagokio igelaren arnas fisiologia bereziari. Izan ere, ohiko janaria da inguruko jatetxeetan eta hori gutxi balitz, afrodisiakoa omen da igela. Hori dela eta, “igel irabiakiak” prestatu eta“edaten” dituzte bertako biztanleek. Viagra peruarra deitzen diote eurek. Ez dakidana da gordinik ala egosirik hartzen duten “irabiakia”; hori ez didate argitu erabili ditudan iturriek.
Argazkiaren jabegoa: © 2003 K.-H. Jungfer.

0 comments: